Buenos Aires, Argentina. Euskal dantza ikastaro online berri baten oinarri izango diren irudiak ari dira grabatzen egunotan Buenos Aireseko zenbait agertokitan Bilboko DT Creativos enpresako teknikariak. EuskalKultura.eus-i azaldu diotenez, kurtso birtualaren helburua ez da aurrez aurreko eskolak ordezkatzea baizik eta klaseen osagarri izatea eta irakaslerik ez duten euskal etxeen kasuan dantzara hurbiltzeko aukera berri bat eskaintzea. Plataforma birtualak ‘Txikito’ izango du ardatz eta dantza maisu. Gogoratu 'Txikito’ animazioz egindako pertsonaia bat dela eta “euskal kulturaren ikur bihurtzeko" asmoa lukeela.
Enpresa bilbotarretik azaltzen dute mugimendua harrapatzea eta sentsoreak dituzten pertsona edo objektuen mugimenduak erregistratzeko teknika gero eta garatuago dagoen teknologia dela; eta teknika honekin ari dira, hain zuzen, egunotan grabatu eta materiala biltzen, plataforma berrirako edukiak sortzeko. Izan ere Txikito pertsonaia mugitzen eta dantzatzen ikusiko dugunean, egiazki mugimendu horiek Argentinan bizi den Aitor Alava dantza irakaslearenak izango dira. Sentsoreak soinean, mugimendu horiek grabatzen ari da erreportaje honen lagun ekarri ditugun bideo eta ilustrazioetan. Klase/bideoetarako gidoiak ere bereak dira.
Aitor Alavarenak dira Txikitok izango dituen mugimendu eta dantzak (bideoa EuskalKultura.eus)
Txikito-ren plataformara bilduko diren irudiak egunotan ari dira grabatzen Buenos Airesko Laurak Bat-en, Nafar Etxean, Llavallolgo Euskal Echea ikastetxean eta bertako euskal kulturarentzat esanguratsuak diren beste zenbait lekutan. Plataforma berria Txikito.es proiektu nagusiko parte da eta Daniel Gialleonardo du Argentinako arduradun. Oraindik hastapenetan badago ere gustura ari dira urratsak ematen eta oso itxura ona hartzen diote; material berria era erraz batean lortzeko aukera ederra delakoan.
'Txikito’ izenarekin ezagutzen dute askok, bilbotarrek erabiltzen duten ardo edalontzi txikia. “Txikiteroek hartzen dituzte txikitoak eta bitartean ‘bilbainadak’ abesten dituzte’ diote 'Txikto' proiektukoek. Hala ere, DT Creativos enpresak azpimarratzen du, ‘txikito’aren kontzeptua zabaltzen ari direla eta produktu berriak ari direlaa sortzen. "Bada forma berri bat euskal ohiturak eta kultura zabaltzeko, teknologia berriei esker", da hedatzen ari diren mezua..0
Txikito-ren beste bideo batzuk, hemen.