Buenos Aires, Argentina. 2018an Ekin Kultur Taldea izenpean formalki elkarte sinple gisa erregistratutako elkarteak utzi egin behar izan dio izen hori erabiltzeari, joan den uztailean oharrarazpen bat jaso baitzuten esanez "Ekin" izena, "Ekin Dantzari Taldea" eta antzekoak beste batek erregistratu zituela eta, beraz, "debekatuta" geratzen zitzaiela horien eta antzekoen erabilera. Egoera eta aukerak aztertu ondoren, taldeak erabaki zuen irailaren 21etik aurrera "Oihankide Taldea" izen berria erabiltzen hastea, beti ere elkarte sinple izaeraz.
Gogora dezagun ordura arte, Ekin Dantzari Taldea izenpean, Eusketxe-Eusko Kultur Etxearen dantza taldea zenak zenbait desadostasun izan zituela Maria Elena Etcheverry buru zuen Eusketxerekin eta ondorioz dantza taldea 2018ko irailean eratu zela elkarte bereizitu gisa. Ordurako utzia zion entseguleku zuen Eusketxeren egoitzara joateari, gaur egun Mexiko 1880ko helbide horrek segitu egiten duela izaten Eusketxeren eta Maria Elena Etcheverry Irujo-Olloren alarguna buru duen Ekin Euskal Argitaletxe historikoaren egoitza. Informazio gehiago, hemen.
Izen berriari dagokionez, OihanKide Taldea, garai berri bati hasiera emateaz gain, Euskal Herriak naturarekin daukan harremana ere adierazi nahi dutela azaldu dio EuskalKultura.eus-i elkarteko lehendakari Sebastian Amayak. “Euskal oihan eta basoak dira euskal kulturaren jatorria, mitologia beraren jatorria”, esan du. Amayarekin batera, Diego Orellana, idazkari, eta Clara Uribelarrea, diruzain, dira elkarte berriko buruzagi.
Amayak adierazi digu ‘OihanKide Taldea’ talde sendoa dela. Euren bi ekintza nagusiak euskara eskolak eta dantza entsegu-tailerrak dira. Aurten biak plataforma birtualetan antolatu dituzte. “Egiari zor, egungo pandemia-egoera mesedegarria izan zaigu nolabait; egoitzarik ez dugunez plataforma birtuala bilakatu baitugu biltoki". Azken asteburuan gainera, Buenos Aires hiriburuan isolamendu egoera bukatuta (urruntze sozialera pasatzeko), baldintza berriekin dantza tailerra Centenario Parkean izango da, igandetan, goizeko 10etan, publiko orokorrari irekia.
OihanKide Taldea Facebook-en, OihanKide Taldea
https://oihankide.blogspot.com/