euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aita Martin Larrainzar Goñiren apezgoaren berrogeita hamar urteak ospatu zituzten Caracaseko Eusko Etxean

2007/11/27

Maite Carranza oparia ematen aita Martini
Maite Carranza oparia ematen aita Martini

PUBLIZITATEA

Caracaseko Eusko Etxeak hilabetero antolatzen duen mezetara joan ohi direnek, eta Venezuelako hiriburuko euskal erakundea berau, partaide izan nahi izan dute azaro honetan aita Martin Larrainzar Goñi, apeztu zela 50 urte bete direla-eta, bere lagun, ikasle-ohi eta Santo Tomas de Villanueva Eskolako lankide eta eskola-komunitatearen aldetik jasotzen ari den omenaldiaz. Karia hortara, hilaren 4ean, hilabeteroko mezarekin batera, igandez beraz, bere omeneko ekitaldia antolatu zen Eusko Etxean eta oroigarri txiki bat eman zitzaion, lagun eta adiskideen esker oneko txalo artean, euskal komunitateak dion estimua erakutsi nahian.
'Aita Martin Larrainzar Goñi, Caracaseko agustindar errekoletoen ordeneko kidea bera, Venezuelako hiriburuko Eusko Etxeko hilabeteroko mezak urtetan aldizka eman dituen apaizetako bat da. Caracaseko euskal komunitateko kideetako askoren irakasle ere izan da, Santo Tomás de Villanueva eskolan, eta urte luzetan aritu izan zen baita ere Deportivo Vasco ekipoan, oroitzapen bikaina utzirik bertan jokalari bizkor gisa'. Honelaxe laburbiltzen dio EuskalKultura.com-i omenaldia jaso duen abadearen soslaia Pedro Javier Arriaga Caracaseko Eusko Etxeko presidenteak.

[Aita Martin Larrainzar Eusko Etxeko ohiko hileroko mezan, pasa den azaroaren 4ean. Meza, egun horretan, Mari Cruz Machain, Elordiren alarguna; Andres Lecue León; eta Mikel Albizu Parraren arimaren alde eskaini zen]

Arriagak dioenez, 'bere apez bizitza emankorra dela-eta, euskal komunitateak eskatu diolarik beti bere funtzioak pairamentsuki bete dituelako, hilabete honetako lehen igandeko meza aita Martinen lana keinu txiki batez eskertzeko baliatu nahi izan zen, hain zuzen ere bertaratutakoen aurrean topa egiteko eta plater edo azieta oroigarri bat oparitzeko'. Ekitaldiaren baitan, Lander Quintana Eusko Etxeko bazkideak omenduari berari eginiko karikatura bhat eman zion, 'bere pertsonaren alde gu guztiok daukagun estimu handia agerian utzi nahian'.

[Maite Carranzak aita Martini emandako plater edo azieta erakusten du, Eusko Etxean mezaren ondotik eginiko ekitaldian, hainbat jenderen aurrean esker oneko hitzak esan ondoren.]

Aita Martin Larrainzar-en omenez baita ere, Iker Urcelaik ohorezko aurreskua dantzatu zuen, Koldo Olabe txistuan musikari. Eta Caracaseko Eusko Etxeko pilotari gazteek ere euren gisako omenaldia luzatu nahi izan zioten, bikotekako partida eskainiz. Omenaldia eginik, 'Landerrek bere karikaturan idatzitakoa baino ezin esan: guztiok gure aita Martinen brillantezko ezteiak ospatzea espero dugu', halaxe bukatzen du Pedro Javier Arriagak bere kontaketa. [Ezkerreko irudian, Lander Quintanak aita Martin Larrainzar-i oparitutako karikatura. Pedro Arriagak aipatutako esaldiarekin batera, beste hau ere badio: 'Aita Martin: Caracaseko Euzko Etxeak eskerrak ematen dizkizu 50 urtez Kristo gure artean banatzen aritzeagatik']

[Omenaldi jasotako aita Larrainzarrek, bizkortasun inbidiagarria erakutsiz, ohorezko sakea egin zuen bere urrezko ezteiak ospatzeko pilotari gazteek bikoteka jokatutako partidaren hasieran]


Lotura interesgarriak

Caracaseko Eusko Etxearen bloga
www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

Elai Alai talde gernikarraren bira Venezuelan
2007ko uztailaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia