Lekeitio, Bizkaia. Igandean hil da, 88 urte zituela, 1966an Estatu Batuetako Idahora joan eta bertako euskaldunen kapilau edo omonier izan zen aita Juan Mari Garatea abade lekeitiarra. Berrogei urtez bizi izan zen Estatu Batuetan, eta 2006an itzuli zen behin betirako Euskal Herrira. Elizkizunak bere oroiz gaur asteazkena egingo dira 19:00etan Lekeitioko Andra Maria Basilikan, Bilboko Elizabarrutiak jakinarazi duenez.
Estatu Batuetan, euskaldunekin lehenik eta ondoren beste destino batzuetan ere aritu zen pater lekeitiarra, hala nola mexikarrak eliztar nagusi ziren parrokietan ere. Aita Garatea, 1911an aita Bernardo Arregui tolosarra hasita Hego Euskal Herritik Idahora euskaldunen kapilau izateko joan ziren apaizetako azkena izan zen, aurrekoa Santos Recalde, haren aurrekoa Patxi Aldasoro eta lehenengoa Bernardo Arregui bera izanik.
Gogora dezagun, Baionako Elizbarrutiak ere bidali zituela apaizak euskaldunen omonier izateko, kasu honetan Kaliforniara, 1961ean aita Jean Leon Luro-rekin hasita, eta haren ondotik Jean Challet, Guillaume Copentipy, Jacques Sallamberenborde, Jean Pierre Cachenaut, Jean Pierre Etcheverry, Jean Eliçagaray eta Martxel Tillous. Gaur egun, eta 2014tik, lehenik Boise bizileku izanik eta geroago Kalifornia, aita Antton Egiguren bidaniarra da AEBko euskaldunen kapilau.
Hona Deustuko Unibertsitateko Ondare Bizia programaren baitan Ainara Puerta Larrañagak 2013ko azaroan aita Juan Mari Garateari egin zion elkarrizketa (ikus hemen Ondare Bizia-ko Ainara Puerta Larrañagaren elkarrizketa gehiago):
Elkarrizketatzaile: Ainara Puerta Larrañaga (Ondare Bizia)