euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Aita eta Ama maiteak" ikuskizunak Bordeleko EE kideak hunkitu zituen, emigrazioari buruzko lekukotasunekin

2012/11/28

J.C. Galtxetaburu, Cecile Tison eta Mixel Etxekopar kontzertuan (argazkia BordeleEE)
J.C. Galtxetaburu, Cecile Tison eta Mixel Etxekopar kontzertuan (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Bordeleko Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeko kideek egun zirraragarria izan zuten iragan azaroaren 25ean, "Aita eta Ama maiteak" ikuskizunari esker. Emankizunean gutunak irakurri eta musikaz lagundu zituzten Mixel Etxekopar, Cecile Tison eta Jean Christian Galtxetaburu musikariek, baina ez edonolako eskutitzak: XIX. mendean Argentinara emigratu zuten euskaldunek etxera bidaltzen zituztenak, baizik. Lekukotza gazi-gozoak izan ziren, batzuetan zinez hunkigarriak eta gordinak, eta ikusleek biziki eskertu zuten ikuskizun berezi hau.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxeak Mixel Etxekopar, Cecile Tison eta Jean Christian Galtxetaburu musikariak hartu zituen iragan larunbatean, eta Argentinara joan ziren emigranteei buruzko gaualdia eskaini zien bazkideei. "Aita eta Ama maiteak" izenburua zuen musikariek eskaini zuten ikuskizunak, agur horrekin hasten baitziren Argentinara joandakoek etxera idazten zituzten eskutitz gehienak.

Gutun horiek izan ziren kontzertuaren muina, eta emanaldian XIX. mendeko hainbat gutunetako pasarteak irakurri ziren, musikaz lagunduta. Lekukotza garratzak, hunkigarriak eta zirraragarriak izan ziren, eta entzuleek adi adi jarraitu zuten emankizuna. Kontzertuan irakurri ziren gutunak Euskal Kultur Erakundeak antolatu zuen Euskaldunen Argentina erakusketakoak dira.

Aita eta Ama maiteak 2012 (2)

[Bordeleko Euskal Etxeko presidente David Mugicak aurkeztu zuen ikuskizuna (argazkia BordelekoEE)]

Aita eta Ama maiteak 2012 (4)

[Entzuleak hunkitu egin ziren gutunetako testigantza gazi-gozoekin (argazkia BordeleEE)]

Mixel Etxekopar, Jean Christian Galtxetaburu eta Cecile Tisonek euskal etxeko bazkideekin bazkaria egin zuten emanaldiaren aurretik. Ikuskizunak Bordelen izan duen arrakastaren ostean, munduko beste euskal etxeetan erakusketako prest agertu dira.

Aita eta Ama maiteak 2012 (3)

[Musikariak euskal etxeko kideekin bazkaltzen, emankizunaren aurretik (argazkia BordeleEE)]

Informazio gehiago Bordeleko Euskal Etxearen webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia