euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aita Donostiaren doinuen piano kontzertuak 200 entzule bildu zituen Chacon bertako Musika Eskolaren alde

2007/10/22

Arkaitz Mendoza pianojole donostiar gazteak Chaco probintzia argentinarreko Resistencia hiriburuan eskaini zuen emanaldiko une bat
Arkaitz Mendoza pianojole donostiar gazteak Chaco probintzia argentinarreko Resistencia hiriburuan eskaini zuen emanaldiko une bat

PUBLIZITATEA

Berria llaburrean eman genuen, baina oraingoan irudiak iritsi zaizkigu Chaco probintzia argentinarretik, Arkaitz Mendoza pianista donostiarrak Resistencia hiriburuan urriaren lehenean 'Yolanda P. de Elizondo' Musika Eskolaren alde eman zuen kontzertuaz, egitaraua gehienbat aita Donostiaren obrek osatua. Chacora eginiko bidaian Arkaitz Mendozak, Donostiako Musika Eskolako irakasle izateaz gain kantari eta koru zuzendari ere badenak, bertako alkate Aida B. Ayalak eman zion 'garrantzizko pertsonaia hirira bisitan etorria' izendapena jaso zuen eta aukera izan zuen bi hitzaldi eskaintzeko, musika ikasleekin lan-bilkura bat egiteko eta Toba etniako kideek osatzen duten Cheelaapí abesbatzaren entsaio bateko partaide izateko.
Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko lehendakari den Jose Cristian Echevarriak bidalitako argazki eta xehetasunek Arkaitz Mendoza pianistak lortu zuen arrakasta eta oihartzuna azpimarratzen dute. Aurreko aipamen batean orrialdeotan esan bezala, Euskal Etxea bera antolatzaile Resistenciako Gizarte Klubeko ekitaldi-aretoa bete zuten berrehun pertsonek, zutik ipinita, txalo-zaparrada ederra eskaini zioten donostiarrari, bertan egoerarik onenean ez dauden musika ikasketen alde eskaini zuen ongintzazko kontzertuan, aita Donostiaren lanak protagonista ziren egitarauarekin.

[Chacoko Euskal Etxeko ordezkariak --Jose Cristian Echavarria presidentea atzeko lerroan atorra laranjaz-- Arkaitz Mendozarekin eta haren gurasoekin Resistenciako kontzertua amaitu ostean]

Talentu handiko pianista gazteak --24 urte besterik ez dituela ibilbide oparoduna da, besteak beste irakaslea oposizioz Donostiako Musika Kontserbatorioan-- emanaldi erabat desinteresatua eskaini zuen Irakaskuntza Institutu Gorena-'Yolanda P. de Elizondo' Musika Eskola delakoaren alde. Izan ere, musika arloko trebakuntza ematen duen aipatu ikastetxea itxia dago egun, hobekuntza lanengatik, funtzionatzeko arazoak dituela.

Resistenciako kontzertua eta Mendozari behar bezalako harrera eskaintzea eta probetxua ateratzea, erronka txiki moduko bat izan zen 'Kotoiaren Lurra'ko kideentzat, astelehen zuri bat ez baitzirudien egunik egokiena halako deialdia egiteko, aipatzen du Jose Cristian Echevarriak. Harro aipatu ere, zeuzkaten aurreikuspenak erabat gainditu eta ekitaldi zinez arrakastatsua bilakatu baitzen Mendozaren emanaldia eta baita egonaldi osoa ere. 'Kontzertuak pieza desberdinak aukeratu zituen eta publikoa harrapatzea lortu zuen, zenbait alditan jendearen esku-zarta beroak eraginez'.

'Garrantzizko pertsonaia hirira bisitan etorria'

'Ekitaldiko zati hunkigarria artistaren gurasoek ekarri zuten, Peio eta Lourdes-ek, Euskal Herritik bildu baitziren euren semea Argentina eta Uruguain egiten ari zen bidaiaren azken txanpara'. Arkaitz-ek zenbait opari eta oroigarri jaso zituen Euskal Etxeko eta Musika Eskolako ordezkariek emanik. Berezia izan zen, Arkaitzentzat ezuste galanta izan baitzen, hiriko Aida B. Ayala intendente (alkate) andereak sinaturik eman zioten izendapena, pianista 'Garrantzizko pertsonaia hirira bisitan etorria' gisa aldarrikatzen zuena.

Chacon egon zen bitartean musikari euskaldunak denbora hartu zuen bi hitzaldi emateko, piano-saio txiki bat Musika Eskolako ikasle eta irakasleekin bere hastapenak, ibilbidea, eskarmentua eta ikusmoldeak partekatuz, ugariak baitira musika alorrean landi dituen alorrak. Pianistak Toba etniako kideek osatzen duten Cheelaapí abesbatzaren entsaio batean aritzeko tartea ere hartu zuen.


Lotura interesgarriak

Arkaitz Mendoza: 'Etxean bezala sentitu naiz'
2007ko urriaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana

Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkartean eman du lehen kontzertua
2007ko irailaren 17an EuskalKultura.com-en argitara emana

EEko pailazoek irriñoa ekarri zieten Resistenciako haurrei
2007ko irailaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia