Homedale, AEB. Datorren asteburuan, Estatu Batuetako euskal egutegian, Homedale-ko euskal jaien txanda zen, bertako Txoko Ona Euskal Etxea antolatzaile. Koronabirusak eragindako egungo egoeran, kasuak ugaritzen, bistan da bilera fisikoa ez dela posible, baina aurretik beste zenbait euskal jaien kasuan egin bezala, aita Antton Egigurenek piknikari dagokion meza internetez emango du, nahi dutenek jarrai dezaten.
Txoko Ona Euskal Etxetik EuskalKultura.eus-i helarazitako mezuak dioenez, "gogoz kontra adierazi nahi dugu 2020ko gure euskal festa eta meza bertan behera utzi ditugula Covid-19a medio. Gure bazkide eta lagunen segurtasuna da gure lehentasuna. Aita Antton Egiguren Kaliforniako Merceden dago orain eta mezak zuzenean ematen aritu izan da zuzenean Facebookez berrogeialdi honetan eta euren festak bertan behera utzi behar izan dituzten euskal etxe guztiak izan ditu gogoan bakoitza bere piknikaren egunean. Datorren igandean, Txoko Onarentzat emango du meza, gure hildakoak eta gure jendea bereziki gogoan. Egizu bat gurekin ekainaren 28an".
Datorren igandeko meza, beraz, oraingoan Homedaleko jende eta eskabideak eta oro har euskal komunitate osoa gogoan, zuzenean emango du Merced herri kaliforniarretik AEBetako euskaldunen omonier edo kapelau den aita Antton Egiguren apaiz frantziskotarrak, Kalifornian goizeko 8:45ak direnean, eta Homedalen 9:45ak (Euskal Herriko 17:45etan). AEBetako Artzai Ona euskal elkarte katolikoaren Facebook-etik segitu ahal izango duzu.
Mezan irakurri eta kantatuko diren kantu eta irakurgaiak, hemen topa ditzakezu.
Aita Anttonek egunero ematen du errosarioa Artzai Onaren Facebook kontu beretik euskaraz eta ingelesez. Hona atzokoa:
-Artzain Ona Estatu Batuetako euskal elkarte katolikoa da