euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aita Antton, Idahoko euskaldunen kapelau berria; "AEBetako euskaldunen bizitza espirituala biziberritzen lagundu nahi dut"

2015/03/13

Antton Egiguren abade frantziskotarra Idahoko euskaldunen kapelaua berria da (argazkia EuskalKultura.com)
Antton Egiguren abade frantziskotarra Idahoko euskaldunen kapelaua berria da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aita Bernardo Arregui tolosarra izan zen, 1911ean, Estatu Batuetara bertako euskaldunen kapelau edo omonier izateko heldu zen lehena. Martxel Tillous zuberotarra, 2009an hil zelarik, azkena. Inork ez zuen segidarik espero, baina hilabete batzuk dira aita Antton Egiguren bidaniarra Boisen dela, bertako euskal komunitatearen zerbitzuko. Berarekin solasatu gara.

Joseba Etxarri. Estatu Batu mendebaldeko euskaldunek ez dute beti izan euren hizkuntzan atendituko zituen abade edo apezik. Horretarako, "euskal komunitateari bere hizkuntzan" atenditzeko eskatu zion, hain zuzen orain mende bat pasatxo Boiseko Glorieux apezpikuak Gasteizkoari apez euskaldun bat. Eta halaxe heldu zen Boiseko hiriburura 1911ean aita Bernardo Arregui. geroztik, AEBetako euskal komunitateek tarteka euki izan dute kapelau edo omonier euskalduna. Betebehar horretarako heldu ziren Idahora hogeigarren mendean Patxi Aldasoro, Santos Rekalde eta Juan Mari Garatea. Eta Kaliforniara aita Luro, Chalet, Copentipy, Sallaberemborde, Cachenaut, Etcheverry, Elizagaray eta Tillous. 2009ko martxoan Martxel Tillous eskiularra hil ondoren, inortxok ere ez zuen igurikatzen Estatu Batuetan abade euskaldunik bertako komunitate euskaldunaren zerbitzuko. Baina usteak ustel eta joan den urte amaieratik Idahok apez berria dauka, propio bertako euskaldunei euren behar espiritualetan laguntzeko etorria, ahaztu gabe bertako herri eta konderri askotan euskaldunak komunitate fededun katolikoko zati aktibo eta garrantzitsua izan direla historikoki.

-Euskal Herrian bertan apez gutxi dagoen une honetan, euren bataz besteko adina ere oso altua den honetan, batzuk mirari edo mirakulu txiki gisa hartu dute Boisen zu bezalako abade bat euki ahal izatea, 61 urtekoa, eskarmentu eta kurrikulum akademiko handikoa gainera.

Badakit orain gutxi inor gutxik pentsatuko zuela aita Martxel Tillousek ordezkoa izango zuenik, baina zenbait faktore eta zikunstantziek bat egin dute eta gertatu da, eta posible izan da ni Boisera etorri ahal izatea hemengo euskal komunitateari bere behar espiritualetan laguntzea helburu eta betebehar.

-Iazko urte amaiera arte Lovainako Unibertsitatean irakasle zinen. Nola heldu zara Boisera?

Orain dela urtebete pasatxo Lovainatik Euskal Herrira nindoan, autoz, familia bisitatzera Bidania nire jaioterrira eta Bordele atzean utzita irrati euskaldun baten bila hasi nintzen, eta Iparraldeko topatuta, Estatu Batuetako euskaldunen azken kapelaua, aita Martxel, hil zela hiruzpalau urte bete zirela ari ziren aipatzen. Harek gogoeta eragin zidan eta pentsatu nuen, zergatik ez ni hurrengoa? Urte gutxi geratzen zitzaizkidan Lovainan erretiroa 65 urteetan hartzeko eta betidanik izana nuen ilusioa, ez berehala Euskal Herrira itzultzeko, baina bai beste inon euskaldunen zerbitzuan aritzeko. Pentsatu nuen, ordea, Lovainan erretiroa hartu ondoren planteatzen banuen, bazitekeela beranduegi izatea edo ni ere ez hain ondo egotea, beraz halaxe NABO Ipar Ameriketako Euskal Etxeen federaziora idatzi nuen eta gero Idahoko Elizbarrutira, iazko maiatzean, Erroman eman behar nituen hitzaldi batzuen tartean astebete nuela-eta hegazkina hartu eta Boisera joan nintzen arte, lekua eta jendea aurrez aurre ezagutzeko eta baita alderantziz ere, jakina.

-Badirudi ongi joan zela eta gauzak aurrera egin zuela.

Bidaiak ordura arte ideia bat eta balizko zerbait zena lurrera ekarri eta pauso finkoagoak ematen hasteko balio izan zuen. Boisen ikusi nuen neu bertaratzeko asmoa gauzagarria zela eta zentzua bazuela, eta lana bazegoela bertan niretzako modukoa; bazeudela hemen apostu hori egin nahi zutenak, ahaleginak bilduz bertako euskal komunitate fededunaren mesedetan. Harrera ezin hobea egin zidaten eta egon nintzen astebetean John Ysursa, bertan jaioa eta euskalduna, BSU Unibertsitateko Historia irakaslea eta fededun aktibo eta konprometitua, gidari izan nuen; egitarau trinkoa prestatu zidan eta batu nintzen, besteak beste, hemengo apezpikuarekin, bertako euskal komunitateko eta bestelako buruzagi eta partaideekin, lekua eta inguru natural ederrak ikusi nituen eta hemengo euskaldunen bizitza eta garatzen dituzten jarduera eta aktibitateak erakutsi eta azaldu zizkidaten. Ni komentzituta, geroago nire nagusiak ere komentzitu ahal izango nituen, eta familiari ere esan hona nentorrela.

-Harrritzeko modukoa da zure kurrikuluma. Teologian doktore zara, antropologoa, besteak beste erlijio erkatuetan aditua, hiru lizentziatura dauzkazu, hamar hizkuntza dakizkizu, euskaratik hasi eta txineraraino, tartean frantsesa, ingelesa, espainiera, koreera, italiera, portugesa, holandera eta tailandiera... Uste dut, esaterako, Boisen koreeraz ere eman izan duzula mezarik, bertako komunitate korearrak hala eskatuta. Egia esatearren, hemen guztiek nahi zaituzte eurentzat.

Bizitzan zehar, fase ezberdinetan, bizi izan naiz eta tokatu izan zait bisitatzea munduko zenbait leku eta herrialde, bereziki baina ez bakarrik Asian.  Ingalaterran bizi izan naiz, Kanadan ikasi izan dut eta eskolak herrialde askotan eman izan ditut. Nire bizitzako zati garrantzitsuak eta konpromiso soziala Korea, Tailandia edo Txina bezalako herrialdeetan garatu izan dut eta kasu horietan, lehenengo egin behar duzuna, bertako hizkuntza ikastea da. Orain bizitzako fase berri batean sartu berria naiz eta nire zeregin nagusia hemengo euskal komunitateari dagokio, nahiz eta, seguru, bestelako ekimenetan ere arituko naizen, lankide.

-Dagoeneko Artzai Ona (sic) izeneko euskal talde bat sendotua da zure inguruan.

Euskal fededunak biltzen dituen talde bat da Artzai Ona Boisen. Partaidetza bultzatzen dugu eta Idahon eta inguruko estatuetan eman edo segitu beharreko urrats eta planak elkarrekin hitz egin eta eztabaidatzen ditugu. Denbora gutxi daramat hemen oraindik eta, nolabait esateko, 'ardiak zenbatzen' ari naiz oraindik. Oso argi daukat nire egitekoa hemengoei euren ekimen eta kezketan laguntzea dela, lagungarri izatea euren bizitza espiritualean, arreta berezia jarrita gazteei, eta baita gaiso eta adinekoei ere.

-Datorren larunbat honetan ekitaldi garrantzitsu eta sinboliko bat ere egingo da Boisen: lehenengo euskarazko meza emango baituzu, ofizialki, bertako St John katedralean.

Bai, maitasun handiz prestatu dugu, bertako hainbat euskaldun partaide. Arratsaldeko 2:30etan izango da, martxoaren 14an. Boiseko Biotzetik abesbatza ere arituko da eta euskaldun andana polita biltzea espero dugu. Ilusio eta itxaropen handia daukagu, plan asko eta ematen didazun aukera hau baliatu nahi dut partaidetzaren aldeko dei bat egiteko, iradokizunak, ideiak, proposamenak eta lankidetza gogokoak baititugu oso, aberastu egiten baikaituzte euskaldun zein fededun gisa. Oraingoz Boisen, St Joseph eskola ondoko apezetxean bizi naiz eta aise da nirekin harremantzea. Artzai Onaren bidez ere, konparazio. Nirekin kontaktatu eta harremandu nahi duten pertsona guztien zerbitzura nago.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia