euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aita Adrien Gachiteguyk 1950etan AEB Mendebaldeko euskaldunei buruz idatzitako liburua, berrargitaratua

2017/05/26

Adrien Gachiteguy.ren "Les Basques dans L'Ouest Americain"
Adrien Gachiteguy.ren "Les Basques dans L'Ouest Americain"

PUBLIZITATEA

Luzaroan erreferentziazko liburua izan zen Adrian Gachiteguy-ren “Les Basques dans l’ouest américain” liburua Estatu Batuetara 20. mendean zehar joandako euskaldunez eta euren errealitatez jakiteko. Frantsesez idatzia, lekukotasun ederra ematen du argitaratua izan zen garaian bizi-bizia zen AEB Mendebalde alderako euskal emigrazioaren fenomenoaz. Urte askotan agortua egon ondoren, argitaraldi berri bat izan du eta berriz ere dago kalean, Iru Errege argitaletxeak plazaratua.

Baiona, Lapurdi. Berez, 1955ean eman zuen argitara aita Adrien Gachiteguy fraide beneditar aldudarrak “Les Basques dans l’ouest américain”. 62 urte joan dira geroztik, eta egilea, bere 92 urtetan, bizi da, Belokeko fraidetxean, Lapurdiko Ahurtin, izan ere Ameriketako (Hego eta Amerikako) euskal historia eta eliz-emigrazio pasadizoekin hain lotura estua duen leku berde eta emankor horretan. Izan ere, Beloketik Oklahomara, eta ondoren Kaliforniara abiatu ziren euskal fraideak, eta baita Argentina aldera ere, Entre Rios probintziako Victoriara (Arantzazuko Ama zaindari duen Victoria herrira alegia, Joaquin Salvador Ezpeleta oiartzuarra fundatzaile izan zuen herrira) eta bertan, Oklahoman zein Victorian, daude ehortziak hainbat euskal fraide eta abade, baita serora edo lekaime batzuk ere, Euskal Herri osokoak, hemendik harako autopista txiki bat sortu baitzen, gehienbat 20. mendeko lehenengo erdian, hamarnaka euskal gazte ebangelizazio lanetara igorririk.

Hori beste istorio bat denez, eta Gachiteguyren liburura itzulita, apezgoaz gain aldudarra Laborantxa injinadore ere ikasiko zuen, ikasketak Angers hirian lehenik eta ondotik Kalifornian eginik. Diasporarekiko loturak herritar guztien ondare diren Aldude ibarrekoa izanik, esan daiteke, urrunago joan gabe Gachiteguyren aita ere Ameriketan arizana zela artzain 18 urtez (Kolorado, Utah, Nevada, Kalifornian) eta Ameriketara joandakoan, Adrien semea haren eta beste euskaldun askoren urratsetan ibiliz lagunen artera joan zela, bereziki garai hartan euskara bakarrik jakinez posible baitzen Estatu Batuean ibiltzea, lagun euskaldun artean batetik bestera.

1951eko maiatza eta abendua bitartean, Gachiteguy euskaldunen Estatu Batuetako Mendebaldeko lekukotasun bila ibili zen. Oroituz ere bi urte lehenago, 1949ko urriaren 29an, hegazkin istripu larri bat gertatua zela, hegazkineko bidaiari guztien artean Aldude ibarreko bost gaztek bizia han galdurik. Horrek eman zuen urteak geroago, beste aldudar batek, Mikel Erramuzpek, horren inguruko (eta aita Piarres Wyoming-en artzain ibilia zen lekuez) filma bat egitea, lekukotasunak eskuratuz luzaroan Pirineo bi aldeetako milaka euskaldunen bizitzako parte izan den emigrazio amerikar honi buruz, lehenik emigraziogune eta gaur egun euskal komunitate errotuak diren Ameriketako euskal herri horiei buruz.

Gachiteguyren liburua, mundu horretan --euskaldunen 20. mendeko AEB Mendebaldeko emigrazio munduan-- barneratzeko erreferentzia nagusia/bakarra izan zen urte askotan. Geroago idatziko zuen beste batek, euskaldunen kapelau izatera joandako --kasu honetan Bizkaitik eta Idaho aldera-- Santos Rekaldek, "Deunor, Euskal artzaiak Ipar-Ameriketan" (Kulixka Sorta, 1973) eleberria, elkarrizketak ere egin zituelarik 1967-68an AEBetako euskal mundu hori dokumentatuz. Zeozer lehenago ere, eta abadeen mundua utzi gabe, Gachiteguy-k bezala 1950eko hamarkadan, grabaketa batzuk eginak zituen Idaho eta Oregoneko mendietan zebiltzan euskal artzainekin aita Patxi Aldasoro mutiloarrak. 1990eko hamarkadaraino iritsirik, batzuen esanetan, nolabait, Gachiteguyren euskarazko ordain moduko bat izan zen Joseba Etxarrik 1994an argitaratu zuen "Euskaldunen Amerika, Bidaia bat Estatu Batuetan zehar".

Gauza da, luzaroan agortua egon ondoren, Patrick Delpratek kudeatzen duen Iru Errege argitaletxeak Gachiteguyren liburuaren bigarren edizioa plazaratu duela (200 orrialde, 15 euro). 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia