Aire berriak Perun Limako Euskal Gazteria taldearekin: euskara, Danborrada, Gabonak oihanean... eta aurki Korrika!
2015/02/09
Limako Euskal Gazteria taldeko Xabi (ezkerrean) Peruko oihanean opariak banatzera joan zen elkartasun ekimenean parte hartzen (argazkia Legaz)
PUBLIZITATEA
Iazko abuztuan sortu zen Limako Euskal Gazteria eta, hilabete batzuren bueltan, jarduera ugari sustatu ditu dagoeneko Limako Euskal Etxean: euskara klaseak, afariak ostegunero, oihanean Gabonetako opariak banatzeko elkartasun kanpaina... Euskal Herritik Perura aldatutako gazteek osatu dute taldea; euskal etxean elkartzen hasi ziren eta elkartearen sostenguarekin ekimen ugari egiteko aukera zegoela ikusi zuten. Beraiekin hitz egin dugu.
Lima, Peru. Gustura daude Perun Limako Euskal Gazteria (LEGAZ, diote beraiek) osatzen duten lagunek. Hango euskal komunitatean harrera oso ona izan zutela diote, eta Euskal Etxeko ateak hasieratik irekita izan dituztela. Bertan hasi ziren ostegunero afariak egiten, eta berahala sortu zitzaien zerbait gehiago egiteko gogoa. Hilabete gutxi hauetan abian jarri dituzte dagoeneko ekimen ugari, eta hurrengo erronka Korrika 19 Limara ekartzea omen da. Liman diren gazte euskaldunei ostegunen batean elkartetik pasatzeko gonbitea luzatzen diete.
-Zenbat lagunek osatzen duzue Limako Euskal Gazteria?
Legaz hamar bat lagunek osatzen duten talde bat da. Taldea sortzeko pertsona ugariren laguntza jaso genuen eta haien gabe hau guztia ezinezkoa izango zen. Eguneroko lana eta gestioa Xabier Gil (Iruñea), Ivan Huerga (Iruñea), Ismael Halcón (Iruñea), Iranzu Martínez (Tafalla) eta Bittor Lópezek (Bilbo) daramagu, baina Liman gazte euskaldun gehiago ezagutzeko asmoa dugu. Gure proiektuetan parte hartzeko, zenbat eta gehiago hobe, jakina!
-Asko Euskal Herritik bertaratutakoak zarete. Nola amaitu duzue Perun?
Gure artean kasu ezberdinak aurkitu ditzazkegu. Esate baterako, ikasteko beka batekin etorri eta beka bukatu ostean hemen geratutako pertsona bat edota Euskal Herrian lana aurkitzeko zailtasunak izanez gero hona lan bila etorri direnak. Baita ere haien enpresak hona lan egitera bidalitakoak badauzkagu eta Euskal Herrian unibertsitatean perutar neska bat ezagutu eta gero hona bizitzera etorri den kasuren bat ere badago. Legaz-en parte hartzen dugun guztiak ez gara Euskal Herrian jaioak, euskaldunon neska eta mutil lagunak, senar-emazteak eta ondorengoak leku nabaria dute taldean.
-Noiz sortu zineten? Ze lotura daukazue Euskal Etxearekin?
Pasa den urtean, 2014.eko abuztuan sortutako taldea gara. Gazteek osatutako talde gaztea garela esan dezakegu, urte bat baino gutxiago besterik ez daukagu eta! Limako Euskal Etxea 1950.ean sortua da (munduko zaharrenetakoa dela diote) eta guk bertan ezagutu genuen elkar, ostegunero prestatzen diren afarietan. Asteak eta afariak pasatzen joan ahala ideia berriak behar zirela pentsatzen hasi ginen eta hitzak ekintza bihurtzeko Legaz sortzea erabaki genuen. Beraz, Legaz Limako Euskal Etxearen parte den talde bat dela esan daiteke.
- Limako Euskal Etxekoentzat euskal gazteak inguratzea gauza handia izango zela pentsatzen dut, nola hartu zaituztete?
Esan beharra dago, ez garela elkartu euskal etxera, baizik eta euskal etxeari esker jaio eta hazi garela. Oso pozik daudela esan behar dugu. Euskal Etxea bizirik mantentzeko jarduera gehiago behar zirela pentsatzen genuen eta euskal etxekoei gazteek osatutako talde bat sortzea proposatu genien. Beraien erantzuna oso positiboa izan zen eta erraztasun guztiak eman zizkiguten. Orain, gazte eta ez hain gazte gehiago etortzen dira, gure euskal familia handituz.
- Euskal jatorridun gazteek zer irudi dute EHaz?
Euskal Herriari buruz hitz egiterakoan beti oso erne daude, arreta handia jartzen dute eruen guraso edo aiton-amonen jatorrizko lurrari buruz ahal duten guztia jakiteko. Leku ezberdina, mendia itsasoarekin bat egiten duena, euri ugariarekin (Liman ez du ia inoiz euririk egiten!!) eta tradizio eta kulturarekin sustrai sakonak dituen herria garela badakite. Mezu hori bidaltzen saiatzen gara eta haiek bueltan Perun integratzen eta parte sentitzen laguntzen gaituzte.
-Euskara arloan martxa berria eman diozue elkarteari, zer moduz doaz euskara klaseak? Ze beste ekitaldi egiten dituzue?
Euskal Etxean Euskara klaserik ez zegoela ikusita asteartetan klase bat ematea erabaki genuen. Irakasleak Legaz-ko bi gazte dira eta ikasle zenbakia aldatuz joan da hilabeteetan zehar. Maila bakarra daukagu eta gure baliabideak ez dira oso handiak, baina nahiz eta zailtasun gehigarri hauek izan beti bost ikasle inguru etortzen dira klasera (batzuk ere Legaz-ekoak, noski!).
Euskarari buruz ekitaldi ugari egin ditugu. Euskararen Egunean (Abenduaren 3an), adibidez, klase berezi bat egin genuen eta posta-txartel bat idatzi genuen Oñatiko ikastola bateko ikasleei erantzunez, haiek horrela eskatu baitzuten Euskal Etxeari bidalitako gutun batean. Euskal mitologíari buruz ere egin dugu klaseren bat, euskal abizenen jatorriari buruz (Peruren historian euskal abizen asko aurki ditzakegu, eta horren ondorioz, Limako kaleetako askok euskal izenak dituzte), gabon kantak abestu genituen…
- Ze plan/proiektu dituzue datozen hilabeteetarako?
Urtarrilaren hasieran bilera bat egin genuen Legaz-eko kideek urtearen lehenengo hilabeteetan zehar egingo ditugun proiektuak zehazteko. Donostiako Danborradaren egunean afari handi bat antolatu genuen eta gazte berri asko etorri ziren. Korrika da gertu dagoen proiekturik garrantzitsuena, antolatzaileekin kontaktatu dugu dagoeneko. Jakina, euskal lurralde guztietako jaiak datozenean ekitaldiren bat egingo dugu (San Fermin, Andra Mari Zuria, Bilboko Aste Nagusia, …) eta pintxo lehiaketa eta mus txapelketa derrigorrezkoak direla ezin dugu ahaztu. Perutar eta euskal kultura batzen dituzten ekitaldiak egitea onuragarria izango dela pentsatzen dugu eta ibilaldiren bat egingo dugu baita ere, Lima ingurunean dauden leku historikoak bisitatzeko.
Proiektu solidarioetan parte hartzea Legaz-en arlo berezietako bat da. Gabonetan “Navidad en la Selva” proiektuarekin lan egin genuen eta Euskal Etxean 19 kutxa bildu genituen oihanean bizi diren haur txikientzat jostailuak, arropa eta eskolarako tresneria bidaltzeko, eta antzeko ekintzetan parte hartuko dugu aurten ere.
- Gustura zaudete Perun? Nola dabiltza gelditzeko planak?
Gustura gaude Perun, oso ondo hartu gaituzte. Planei buruz, denetarik dago. Badago zalantzarik gabe hemen geldituko dela dioena eta badago zalantzarik gabe bueltan joango dela esaten duenik. Gustura izan arren, etxetik urrun bizitzea gogorra da. Hala ere, gaur egun gure proiektuak hemen daude, gure eguneroko bizitza Liman dago, eta Legaz eta Euskal Etxea gure familia txikia dira.
- Perun aurrerabidea topatu nahiko luketen euskal gazteentzako aholkurik?
Hasierak edonon dira zailak, baina moldatzen saiatzen zara. Norbaitek beste herrialde batean bizitzea erabakitzen badu, beldurrik gabe behar du egin. Perun martxan dauden proiektu asko daude. Hazten ari den herri bat da eta etorri garenak lana aurkitu dugu, baina pazientzia eduki behar da. Legaz-en helburuetako bat hona datozen euskal gazteei informazioa eta laguntza ematea da.
Turismo egitera datozenei, berriz, Peru Machu Picchun ez dela bukatzen argi edukitzea esan nahi diegu. Kostalde, mendi, desertu eta oihan ikaragarriak ditu eta hemengo gastronomía oso famatua da. Hemen bizitzera zein turismoan bazatoz, ostegunen batean Euskal Etxean ikusi nahi zaitugu!