euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aire Aire Trikitixa Taldea: 'Argentinan euskal kulturaren inguruan bizi izandakoa oso baliogarria izan da'

2010/07/30

Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldeko kideak (argazkia EE)
Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldeko kideak (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Joan den urtean Txileko hiriburuan, baita Viña del Mar-en ere, aurkeztu ziren Astigarragako Aire-Aire trikitixa taldeko neskak eta esperientzia horrek animatu zituen Hego Amerikara berriz ere etortzera. Uztailaren lehenengo astean eta Ipar hemisferioko udako oporrak aprobetxatuz, Susana Aurkiak (taldeko zuzendaria), Jaione Castrillok, Amaiur Alkain, Mari Jose Merketegi, Naroa Aierben, Arantxa Etxebeste eta Argoitz Otañok osatutako taldeak Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen bigarren aldiz euren musika eta dantzak Argentinako euskal etxeetara ekartzeko. Taldea La Platako Euzko Etxean, Buenos Airesko Euskaltzaleak-en eta Gral. Rodriguez-eko Eusko Aterpea Euskal Etxean aurkeztu zen euskaldun argentinarren artean Euskal Herriko erromeria tradizionalaren giroa piztuz.

La Plata, Argentina. Aire Aire Trikitixa taldea duela bederatzi urte inguru jaio zen Astigarragako Norberto Almandoz Musika Eskolaren inguruan. Zazpikote honen lanak euskal musika tradizionala suspertu eta zabaltzea hartzen du oinarri, eta horregatik trikitixa, panderoa eta egurrezko koilarak erabiltzen dituzte. Euskal tresna hauek lagunduta abestu eta dantzarako betiko doinuak jo ohi dituzte gazte euskaldunek. Joera horri eutsiz, Argentinako euskal etxeetan ere Euskal Herriko jai giroa sortu zuten uztailaren lehenengo asteetan.

Aire Aire Trikitixa Taldea La Platan 2010 01

[Aire Aire Trikitixa taldeak Euzko Etxea-ko Toki Alai aretoan jo zuen (argazkia EE)]

“Argentinara etortzeko proiektua iaz Txilen egindako bira musikaletik atera zen”, -- azaldu zion taldeko kidea den Amaiur Alkain-ek EuskalKultura.com.i --. “Taldekideei esan nien Argentinar ezagun dezente nituela eta, La Platako Euzko Etxea euskal etxea ezagutzen nuenez, hurrengo urtean diru apur bat lortuz gero, Argentina aldera ere etor gintezkeela. Orain esan dezakegu -- jarraitzen du trikitilariak -- Argentinan nahiz Txilen izandako emanaldiak oso aberasgarriak izan direla, bereziki gure sustraietako musika folklorikoarekin horren urrun bizi den jendea betetzea zaila delako. Gainera 14.000km-tako distantzi batean halako bizipenak izatea, euskal kulturaren inguruan beti ere, eta hainbat euskal etxe ezberdinetako ikuspuntuak eta inguruak ezagutzeko parada izatea paregabeko esperientzia izan da guretzat”, adierazi zuen Astigarragako neskak.

Aire Aire Trikitixa Taldea La Platan 2010 02

[Euzko Etxeako kideek dantza egin zuten talde gonbidatuarekin (argazkia EE)]

Taldea oso momentu egokian Argentinaratu zen. Izan ere, kide gehienak uztailaren 7an iritsi ziren eta La Platako Euzko Etxean San Fermin Jaian parte hartzeko aukera izan zuten. Egun horretan euskal etxetik kanpo nahiz egoitzan bertan egindako ekintzetan jo zuen Euskal Herriko taldeak. Ondoren, uztailaren 10ean, berriro ere euren musika tresnak zorrotik atera zituzten beste kontzertu bat emateko. Bi kasuetan bildutako publikoak dantzarako eta abesteko oso aukera polita izan zuen.

Aire Aire Trikitixa Taldea Euskaltzaleak-en 2010 03

[Euskaltzaleak-en afari bat partekatu zuten euskaltegiko lagunekin taldeko musikariek (argazkia EuskalKultura.com)]

Une ezin hobea izan dela esan dugu, argentinarrak neguko oporrez gozatzen ari zirelako; beraz, alaitasuna gailendu zen leku guztietan. Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko kideek ere besoak irekita hartu zuen Astigarragako taldea. Mexico kalean dagoen etxean eta uztailaren 16an, Aire Aire Trikitixa-ko kideek erromeria batean hartu zuten parte. Euskara ikasle, irakasle eta erakundeko lagunek ez zuten dantzatzeko eta kantatzeko aukera galdu. Parranda ordu txikiak arte luzatu zen.

Aire Aire Trikitixa Taldea Euskaltzaleak-en 2010 04

[Musikariak jotzen hasi ziren bezain pronto bildutako jendeak dantza egiteari ekin zion (argazkia EuskalKultura.com)]

Zazpikote astigarragatarrak bisitatu zuen azken euskal etxea, General Rodriguezko Eusko Aterpea izan zen. Hor, uztailaren 17an, beste errezital bat eman zuten trikitilariek. Bertako jendea alai baino alaiago ibili zen maila hgarai honetako artistak ikusteko aukera izateagatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia