Iñigo Gaiton. Ainoa argentinarra da. 2009an bisitatu zuen lehen aldiz Euskal Herria, eta berehala maitemindu zen gure bazterrez. 2014an Orioko hondartzako erdiko txiringitoa hartu zuen anaiarekin batera, eta gaurdaino, negozioa ez da eskuz aldatu. Etxean bezala bizi da oriotarron artean.
- Irazusta.
Aitaren aldeko nire aiton-amonak donostiarrak ziren. Beren jenerazioko asko bezala, Argentinara joan ziren bizitzera, eta bertan ezagutu zuten elkar, Euskal Etxe batean.
- Zu Argentinan jaioa zara.
Bahia Blancan, Buenos Aires probintzian. Nire bi anaiak ere bai. Hala ere, Macachinen gaude erroldatuta, denek arbaso euskaldunak dituzten herri batean.
- Eta nolaz etorri zinen hona?
Xantik eta Iker, nire anaiek, Zarauzko Borghettoko txiringitoa hartu zuten 2008ko udan. Hurrengo urtean etorri nintzen ni lehen aldiz, eta txoratu egin ninduen Euskal Herriak. Hemen geratu nahi nuela argi ikusi arren, Argentinara egin nuen buelta, sukaldaritzako ikasketak amaitzera.
- 2013an, Oriora.
Hori da, hondartzako barra aldeko txiringitoa gobernatu genuen anaia eta biok uda horretan. 2014an hartu genuen erdikoa, eta hemen jarraitzen dugu, oso gustura.
- Negua datorren bezala, laster emango diozue amaiera aurtengo denboraldiari. Ondo joan al da?
Eguraldi nahikoa kaskarra izan dugu orokorrean, eta horrek asko baldintzatu gaitu, baina gustura gaude egin dugun talde lanarekin.
- Azken urteetan, jende kopuru aldetik, zein da tendentzia?
Pixkanaka, bezeroak fidelizatzen ari garela uste dut. Saiatzen gara udan zehar ekimen txikiak antolatzen, eta jendea, batez ere herritarrak, ondo ari dira erantzuten.
- Euskaldunok, eta batez ere herri txikietakook, nahikoa itxiak omen gara.
Azken urtetan, pixkanaka, herrian gehiago integratu gara ingurukoak eta ni maila pertsonalean. Horren ondorioz, oriotarrek taberna ere gertukoagoa sentitzen dute. Konfiantzaren faktoreak, barraren atzean nor dagoen jakitearenak, izugarrizko garrantzia du herri txikietan, bai.
- Ze harreman duzue udalarekin?
Komunikazio hobea izatea gustatuko litzaiguke. Gu ere pixkanaka bagoaz aurrera, bosgarren denboraldia da aurtengoa. Ari gara elkarren konfiantza irabazten.
- ORIOTARROCK bezalako ekimen gehiago antolatzearen aldekoa zara.
Bai, guztiz. Guk ere egiten ditugu kontzertuak eta musika saio inprobisatuak.Udalarekin elkarlanean, gauza gehiago antolatu genitzake. Hondartzak aukera asko eskaintzen ditu.
- Zuen terrazan kantari ere ikusi izan zaitugu inoiz.
Hondartzako txiringitoan, anaia eta biok, gure afizioak eta ofizioa uztartzen saiatzen gara: objektu zaharrak berrerabiltzea, sukaldatzea, ekimenak antolatzea eta musika.
- (…)
Bizitzaren zati handia ematen dugu lanean. Ondo pasatzeak ere, garrantzi ikaragarria du bizitzan. Lanean ahalik eta gehien gozatzen saiatzen gara.
- Abeslaria zara Entre canyes taldean.
Gure terrazan hasi zen dena. Esperientzia ederra ari da izaten niretzat. Eman ez arren, lotsatia izan naiz beti kantatzerako garaian, eta talde honi esker, konfiantza handia hartu dut. Konplizitate handia dugu Rafa, Joseba, Mikel eta laurok. Magikoa da, gozamen hutsa.
- Zer eskatzen diozu etorkizunari?
Oriotarrek txiringitoa berena dela sentitzea gustatuko litzaidake.
- Azken galdera. Gure artean gustura bizi arren, zer utzi du Ainoak Argentinan?
Jende ikaragarri ona. Nire familia aberatsa da; ez dugu milioirik banketxean, baina giza balioek, familiak berak, garrantzia handia dute guretzat. Asko lantzen ditugu gertuko harremanak. Horrek egiten dit distira ozeanoaren beste aldetik.
(2017ko urriaren 18an Karkara.eus-en argitara emana)