euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Ainhoa: Black is beltza II" irakurriz itxiko du Bartzelonako Euskal Literatura Irakurle Klubak 2023-24 kurtsoa: balantzea

2024/05/22

Urrian itzuliko dira Bartzelonako Euskal Literatura Irakurle Klubeko saioak hiriko Esquerra de l'Eixample-Agustí Centelles liburutegira
Urrian itzuliko dira Bartzelonako Euskal Literatura Irakurle Klubeko saioak hiriko Esquerra de l'Eixample-Agustí Centelles liburutegira

PUBLIZITATEA

Bartzelona, Katalunia. Ekaina bertan da, eta maiatzeko azken egunekin heldu da Bartzelonako Euskal Literatura Irakurle Klubaren 2023-24 kurtsoko azken saioa, duela ia 10 urte babesle duen Esquerra de l´Eixample - Agustí Centelles liburutegiaren eskutik. Egungo proiektua 2015ean abiatu zen eta urtero zazpi liburu eta beste hainbeste saio lantzen ditu. urritik maiatza bitartean. Aurtengo azken topaketa datorren asteartean, maiatzak 28an izango da. Irakurri eta komentatuko den liburua, Fermin Muguruzaren "Ainhoa: Black is beltza II" izango du.

Ziklo honetako aurreko saioetan honako testuak irakurri dira:

- "Munduari bira eman zion ontzia", egilea Joseba Sarrionandia;
- "Burgosko auzia: iraultza eta bizi", egilea Mikel Antza;
- "Dendaostekoak", egilea Uxue Alberdi;
- "Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak", egilea Iban Zaldua;
- "Suak pizten direnean", egilea Mikel Soto;
- "Hezurren erretura", egilea Miren Agur Meabe.

Ziklo guztietan zerrendako idazle bat gonbidatzen du Klubak bere liburuari buruzko hausnarketak eta komentarioak berarekin batera egiteko. Aurten Miren Agur Meabe izan da, apirilaren 30eko saioan. Urrian abiatuko den ziklo berriari begira, honako egile eta tituluak iragarri dira:

- "Kontrako eztarritik", egilea Uxue Alberdi;
- "Behi euskaldun baten memoriak", egilea Bernardo Atxaga;
- "Miñan", egileak Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balde;
- "Ainhoari gutunak", egilea Joseba Sarrionandia;
- "Ni ez naiz" Mikel Laboa, egilea Harkaitz Cano;
- "Ecce homo", egilea Laura Mintegi;
- "Izurdeen aurreko bizitza", egilea Kirmen Uribe.

Izenburuak aukeratzeko kontuan izaten da, besteak beste, ‘irakurleen’ profila. "Gehienak 50 eta 70 urte arteko emakumeak dira, oso ohikoa liburutegietako irakurleen klubetan", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Esquerra de l'Eixample-Centelles Liburutegiko Almudena Romero Cortijok. "Batzuk euskaldunak edo euskal jatorrikoak dira, baina katalanak ere badaude. Eta apuntatzen dira interesatzen zaizkielako zikloan irakurri eta komentatuko ditugun liburuak. Irakurleak oso gustura egon ohi dira eta normalean itzuli egiten dira ondoko urtean”, gehitu du.

Bartzelonako Euskal Literatura Irakurle Kluba, Liburutegiak HABErekin duen hitzarmenari esker egiten da eta euskaraz idatzitako literatura sustatzeaz gain liburutegietako kideen artean euskara eta euskal kulturaren ezagutza zabaltzea du helburu. Topaketen koordinatzaile eta gidaria Bartzelonako Unibertsitaan Euskal Literatura irakasle den Andrea Sanz da. Liburuak euskaraz, katalanez edo gaztelaniaz irakurtzen dira, kasuaren eta liburuaren arabera. Parte hartzea doakoa da, aldez aurretik izena emanda.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia