euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ainhoa Arteta eta Luis Damasoren kantaldiarekin hasi zen Madrileko Euskal Etxearen 25. urteurrenaren ospakizuna

2007/10/11

Entzuleen txaloak Ainhoa Arteta eta Luis Damasoren emanaldiarentzat (argazkia RosaRamirez)
Entzuleen txaloak Ainhoa Arteta eta Luis Damasoren emanaldiarentzat (argazkia RosaRamirez)

PUBLIZITATEA

Madrileko Euskal Etxeak bere 25. urteurrena ospatu zuen joan den astean, ekitaldi egitarau zabal batekin. Ospakizunak euskal etxean hasi eta Circulo de Bellas Artesen jarraitu zuten, Ainhoa Arteta soprano euskaldunak eta Luis Damaso tenore madrildarrak eman zuten kontzertu arrakastatsuarekin. Entzuleen artean Madrileko euskal komunitateko ordezkari ugari zeuden eta txalo zaparradarekin eskertu zuten emankizuna.
Joan den urriaren 2an Madrileko Euskal Etxeak bere 25. urteurrena ospatu zuen, hiri honetako euskal komunitateko kide ugari bildu zituen ekitaldiarekin, Rosa Ramírez kazetariak EuskalKultura.com-i bertatik azaldu dionez. Jon Zaballa, Euskal Etxeko presidenteak elkarte honek 'Madrilen bizi diren euskaldunentzako erreferentzia' izan nahi duela esan zuen, eta 'madrildarrei irekita dagoen tokia' dela gehitu zuen.

Pello Caballero Eusko Jaurlaritzako ordezkaria ere bertan izan zen eta euskal presentzia instituzionala Madrilen 1700 urtera egiten duela atzera esan zuen, 'beti' izan baita Madrilen euskaldunik estatuarentzat edo Koroarentzat lanean. 1923an 'Casa Vasca' delakoa sortu zela ere gogoratu zuen. 36ko gudaren etena eta gero Aralarko San Migelen Kongregazioa bezala berragertu zen. Bere alderik, Euskal Aurrezki Kutxen Federazioko presidenteak, Carlos Echeparek, zera adierazi zuen: 'Egun handia da gaur, duela 25 urte hemen egon ginen eta orain ere hemen gaude, guztion etxe honetatik antolatzen diren ekimenei babesa emateko'.

Ainhoa Arteta eta Luis Damasoren kontzertu arrakastatsua

Jarraian Circulo de Bellas Artes elkartean kontzertua eman zuten Ainhoa Arteta soprano euskaldunak eta Luis Dámaso tenore madrildarrak, pianoan Rubén Fernández-Aguirrek lagunduta. Euskal Etxeko presidenteak, Jon Zaballak, hitzaldi labur bat eman zuen bertaratu zirenei eskerrak emanez. Euskal Etxea elkarte irekia dela azpimarratu zuen, 'hain ondo hartu gaituen herri madrildarrari ateak ireki nahi dizkiogulako , gure usadioak erakutsiz. Horregatik gaur, euskaldun eta madrildar baten kontzertu honek ederki ordezkatzen gaituela uste dugu'.

Zaballak Euskal Etxeak egiten dituen jardueren artean euskararen irakaskuntza azpimarratu zuen. 'Gaur egun ikasle gehien dituen euskaltegia da gurea euskal etxerik daukaten 21 herrialdeen artean', adierazi zuen. Kantariek, bestetik, emanaldi bikaina eskaini zuten eta bisetan entzuleen gozamena ekarri zuten 'El Caserío' zarzuelako 'Maitetxu' abestiak --Luis Dámasok abestuta-- eta Ainhoa Artetak kantatu zuen 'Haurtxo polita'k. Artetak bere amak lotara jartzeko abesti hau abesten ziola aitortu zuen.

[Goiko irudian ekitaldira bildu ziren lagunetako batzuk: ezkerretik eskubira eta goitik behera, Jon Zaballa eta Josu Erkoreka; Carlos Echepare, Euskal Aurrezki Kutxen lehendakaria; Javier Maqueda eta Iñaki Anasagasti senadoreak Josu Legarretarekin; 25. urteurreneko dekorazioa Euskal Etxean (argazkia Rosa Ramirez)]

Kantaldiaren ostean koktel bat zerbitzatu zuten Circulo de Bellas Artesen. Josu Erkoreka, Espainiar kongresuan EAJren bozeramaileak zera adierazi zuen: 'Euskal Etxea euskaldunen ordezkaritza ezinhobea da Madrilen, Espainiar estatuaren hiriburura Euskal Herriaren sentipenak ekartzen ditu eta Madrilen bizi diren euskaldunei adeitasuna eskaintzen die'. Bestalde, Josu Legarretak, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariak, 25. urteurreneko kontzertua 'bikaina' izan zela aitortu zuen.

Meza eta urteurreneko bazkaria

Asteari bukaera emateko meza egin zen San Ignacio de los Vascos elizan, Karmelo Etxenagusia Bilboko gotzain laguntzaileak gidatuta. Etxenagusiak euskal etxeak egin duen lana goraipatu zuen eta Euskal Herritik etorritakoentzako etxe irekia izaten jarrai dezan gogoa agertu zuen, Rosa Ramírezek bilduriko hitzetan.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira eta goitik behera, aurreskua dantzatzen, meza elizkizuna, eta lagunarteko bazkariaren bi une (argazkiak Rosa Ramirez)]

Musika ere ez zen falta izan meza honetan, Euskal Etxeko txistulari bandaren eskutik. Taldea osatzen dutenak Juanjo Ugalde, Iñaki Mendinueta, Héctor Garde eta Mikel Castrillo dira. Jo zituzten abestien artean 'Alkate Soinua', 'Segurako Plegaria', 'Agur Jaunak' eta 'Aurreskuren Agurra' zeuden. Fermin Pujolek 'Ave María' jo zuen harmonikaz eta Francisco García Ansa izan zen organojolea. Ekitaldia bukatuta Moni Recio dantzariak, Euskal Etxeko taldeko kidea bera, aurreskua dantzatu zuen.

[Goiko irudian Baldo Alvarez, Bilboko Los Chimberos taldea zenaren kidea, akordeoia jotzen (argazkia Rosa Ramírez)]

Egunari bukaera emateko bazkide eta lagunak bazkaria egin zuten Madrileko jatetxe batean. Ehun lagun inguru bildu ziren bazkarira. Musika egon zen bazkalostean, Juanjo Ugalde eta Mikel Castrillo txistulariekin eta pandero eta akordeio soinuak, Jose Ramon Arrigain, Eneko Bilbao, Aitor Koteron eta Baldo Alvarez 'Chimbero' ohiarekin.


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Madrileko Euskal Etxeak egoitzaren 25 urteak ospatuko ditu
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia