euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ainhoa Añorga, Berlingo EEa: "Zaila da kanpoko gazteentzat hemen lana topatzea, are gehiago duin ordaindua"

2014/10/09

Ainhoa Añorga Osa donostiarra Berlingo euskal etxeko, 'Gernika Deusch-Baskischer Kulturverein' elkarteko lehendakaria da (argazkia AAO-EuskalKultura.com)
Ainhoa Añorga Osa donostiarra Berlingo euskal etxeko, 'Gernika Deusch-Baskischer Kulturverein' elkarteko lehendakaria da (argazkia AAO-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

1991ean bidaiatu zuen lehen aldiz Alemaniara, 20 urte besterik ez zituela, Euskal Herrian ikasitako alemana hobetzearren. Berlinen bere bizitza aldatuko zen. Bertan ezagutu zuen gaur egun bere bikotea dena eta geroztik hiriburu alemanean bizi da. Berlingo euskal etxeko lehendakaria da Ainhoa Añorga Osa.

Joseba Etxarri. Donostian jaioa --bere etxeko baratza egun Basque Culinary Center dagoen lekuan zegoen, Aiete auzoan-- Alemaniako bidea hartu zuenean ez zuen batere pentsatzen bidaiak hain luzea izan behar zuenik. Turismo, Harreman Publikoak eta Kongresuetako Laguntzaile ikasketak egin zituenean alemana ikasia zuen eta hura hobetzearren bideratu zen Berlinera. Orain, hogei urtetik gora geroago argi dago osteratxo bat baino gehiago bilakatu dela orduko erabakia. Ainhoa administrari gisa ari da lanean Berlingo bulego batean eta bi seme-alaba berlindar gaztetxoren ama da. Euskaraz zuzentzen zaie seme eta alabari eta zubilana ere egiten du Euskal Herriaren eta Alemaniaren artean, lehendakari zenbaitetan hautetsia baita Berlingo Euskal Etxean, Gernika Deusch-Baskischer Kulturverein elkartean.

-Alemania guztien ahotan dabil. Krisiarekin gazte batzuk bertara omen doaz lan bila.

-Boom moduko bat gertatu da eta erreala ez den panorama bat aurkeztu dute zenbait lekutan Alemaniako egoerari buruz. Gazte asko datoz lan bila baina esan beharra dago bereziki Berlinen, lana topatzea ez dela gauza erraza. Udala ez dabil ondo ekonomikoki eta Alemaniako beste leku askotan baino langabezia tasa altuagoa dago hemen. Topatzen diren lanak etxeak edo hotelak garbitzeko dira edo jatetxeetan zerbitzari. Eta oso gaizki ordainduta daude, sei ordu orduko-eta. Berlinen ez dago industriarik, bakarrik turismoa, merkataritza eta dendak, eta zerbitzuak, hau ez da Munich, Frankfurt edo Kolonia.

-Aholkuren bat saiatzea buruan daukanari?

-Etortzekotan, alemaneko oinarri minimo bat izan gabe etortzea ez nioke aholkatuko. Zaila da lana topatzea eta are gehiago baldintza duinetan edo duintasunez ordaindua. Besterik da bere formazio urteetan hona alemana hobetzera eta Berlin bezalako hiri batek eskaintzen dituen aukera interesgarri ugariak baliatzera datozen gazteak, lehenengo helburua hori izanik, ekonomia baztertu gabe baina bigarren mailan jarrita.

-Nola egokitu zinen Alemanian?

-Hasiera oso zaila izan zen. Ni oso familiako pertsona naiz eta zaila egin zitzaidan gurasoengandik eta ahizpengandik urruti egotea. Gogoratzen naiz hasieran harritzen nintzela, esaterako, lagun aleman bati arratsalde horretan edo biharamunean geratzeko deitu eta erantzun gisa hartzea egunak planifikatuta zeuzkala eta hurrengo astean nahi banuen baietz, baina ez egun berean edo bezperan deitzen banion. Oso bitxia egiten zitzaidan gauzak hain aldez aurretik planifikatuta edukitzea. Orduan mutil bat ezagutu nuen, madrildarra, eta folklore klase batzuetan parte hartzera gonbidatu zidan. Larunbat batean joan nintzen eta folklore turkiarra tokatzen zen eta ondo egokitu nintzen. Klaseetatik kanpo ere gelditzen ziren eta gonbidatu eta konturatu nintzen hurbilago sentitzen nintzela berengandik nire lagun alemanengandik baino. Eta hor ezagutu nuen egun nire sanara dena, Atilla.

-Zenbat hizkuntza egiten dituzu?

-Euskara, gaztelania, alemana, ingelesa eta turkiera, bost.

-Bi seme-alaba dituzu.

-Izen euskalduna duen hamalau urteko seme bat, Adei; eta izen turkiarra duen hamaika urteko alaba, Aylin, ilargiaren distira esan nahi du.

-Eurak hitz egiten dute...

-Nirekin euskaraz, aitarekin turkieraz, lagunekin alemana, ingelesa eskolan, eta orain, atzerriko bigarren hizkuntza bezala, Adei gaztelania ari da ikasten eta polito moldatzen da; Aylinek zazpigarren mailan erabakiko du, baina esana du dagoeneko gaztelania hautatuko duela.

-Eta denbora geratzen zaizu Euskal Etxeari dedikatzeko.

-Sortu zenetik naiz Gernika Deusch-Baskischer Kulturverein elkarteko kide. Hasieran euskaldun bakarra nintzen, gainerako guztiak alemanak. Gernikako bonbardaketaren 60. urteurrenarekin bat sortu zen, gertakari hura ikertu eta ezagutzera eman eta euskal-alemaniar harremanak sustatzeko. 2009an Eusko Jaurlaritzak euskal etxe gisa onartu gintuen eta orain Euskal Herrikoak izanik hemen bizi diren kideak ere baditugu. Kultur programa bat garatzen dugu. Bestela, Etxepare Institutuak hiru irakurlego dauzka Alemanian, Berlin, Leipzig eta Frankfurten, hemengo unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura eskolak emateko eta hiru irakurleak euskal etxeko kide dira. Elkarrekin lan egin eta koordinatu, ondo asko jokatzen ditugun aditzak dira. Datorren astean, urrutiago joan gabe, Javier Muguruza etorriko zaigu emanaldi bat eskaintzera, Mikel Azpiroz pianojolearekin, eta urtea bukatu arte egitarau interesgarria prestatu dugu, literatura, musika eta zinema arloko proposamenekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia