euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ainhoa Añorga, Berlin: "Euskal zinearen azkenaldiko kalitatea dela eta, zinemaldia urtero egiten hasi gara"

2015/11/12

Pablo Malo zuzendaria Berlinen izan zen "Lasa eta Zabala" filma aurkezteko (argazkia Berlin EE)
Pablo Malo zuzendaria Berlinen izan zen "Lasa eta Zabala" filma aurkezteko (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Bi urtez behineko ekitaldi gisa sortu zen, ustez, Berlingo Euskal Zinemaldia, baina azkenaldiko euskal zinemagintzaren uzta hain izan da oparoa, Berlingo Euskal Etxeak urtero urtero antolatu duela jaialdia. Eta aurten, gainera "iaz baino jende gehiago" izan da emanaldietan, Ainhoa Añorga elkarteko presidentearen esanetan. "Loreak" filmaren saioan, esaterako, zinea jendez lepo omen zegoen.

Berlin, Alemania. Igandean amaitu zen Berlingo Euskal Etxearen 2015eko Euskal Zinemaldia, eta antolatzaileak pozik agertu geratu dira ikusleen erantzunarekin eta emanaldietan ikusi eta bizitakoarekin. "Oso pozik geratu gara, eta hurrengorakoari begira jarri gara dagoeneko", esan dio EuskalKultura.com-i Ainhoa Añorga presidenteak.

Zinemaldia elkartearen ekitaldi ezagunenetakoa ari da bihurtzen, eta "hasiera batean bi urtetik behin egitekoa izan arren, urtero egiten hasi gara, euskal zinemaren kalitatea eta ekoizketak direla eta", azaldu du Añorgak.

Zuzendariekin solasean

Azpimarratzeko alderdietako bat ikusleen interesa izan da. Iaz baino lagun gehiago izan dira emanaldietan eta filma ikusi osteko solasaldietan galdera asko egin zizkieten zuzendariei. Horrela izan zen, esaterako, iragan ostegunean zinemaldia ireki zuen "Lasa eta Zabala" filmaren emanaldian. "Oso harrera ona izan zuen. Filma 20:00tan hasi zen eta, gero, Pablo Malo zuzendaria bertan izan zen, ikusleen galderei erantzuten. Azkenean 23:30etan bukatu genuen, aretoa itxi behar zutelako!".

Ostiralean Karmele Jaio idazleak "Amaren eskuak" liburua aurkeztu zuen eta solasaldi "oso interesgarria" suertatu zen. "Bertan ziren alemanek ez zuten oraindik liburua ezagutzen eta esan zutenez asko gustatu zitzaien liburuko historia ezagutu ondoren, berari buruzko bertsioaren filmea ikusi eta ondoren berriro ere liburua eta filmearen arteko dezberdintasunei buruz hitz egitea", agertu du Añorgak.

"Loreak", beteta

Larunbatean "Echevarriatik Etxeberriara" dokumentala aurkeztu zen. Azken uneko arazoak tarteko, Ander Iriarte zuzendaria ezin izan zen aurkezpenean egon, iragarrita zegoen moduan.

Amaitzeko, igandean Juamni Gutierrez zuzendariak "Ateak zabalduz" dokumentala aurkeztu zuen eta ondoren, "Loreak" filmaren emanaldia egin zen. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariaren luzemetraia hautsak arrotzen ari da aspaldion, Oscar sarietarako Atzerriko Hizkuntzako Film Onenaren sarirako hautagaietako bat delako. Kritika bikaina jasotzeaz gain, horrelako arrakasta eskuratzen duen aurreneko euskarazko filma da eta Berlinen aretoa jendez lepo bete zen luzemetraia ikusteko.

Bidasoa eta naziak

Bidenabar, Euskal Etxeak hurrengo ekitaldien berri ere eman du. Datorren azaroaren 17an, esaterako, Humboldt Unibertsitatean Ludger Mees historialariak "Una esvástica sobre el Bidasoa" dokumentala aurkeztuko du, eta ondoren ikusleen galderei erantzungo die.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia