Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeak aditzera eman ditu, eta datorren asteko ostegunean bere egoitzako Pello Aramburu aretoan egingo duen saio batean ditu banatuko, 2023ko bere Euskarazko Poesia Lehiaketako sariak, hamaikagarrena. Gogora dezagun Etxepare Euskal Institutua, eta Susa eta Erein argitaletxeak lagun antolatu zuela, bi kategoriatan, bat orokorra, eta beste bat Madrilgo Euskal Etxeko kideen artean aurkeztutako poesien artean lehena.
Sari orokorrari dagokionez, hauek dira saritutakoak eta euren lanen izenburuak (irakur artikuluaren azkenean poema irabazleak):
-1. saria: Aingeru Otxotorena Ugalde. 'Maite min'
-2. saria: Uxue Perez de Arriluzea Cabanillas. 'Berpiztu'
-3. saria: Elena Aierbe Segurola. 'Sein desagertua'
-4. saria: Ixiar Erasun Urtzelaieta. 'Heriotza erditu, baina bizitzari heldu'
-5. saria: Marisa Arruabarrena Elizalde. 'Ama'
Madrilgo Euskal Etxeko bazkideen arteko saria dagokionez:
-1. saria: Maria Izaga Aguirre. 'Bidali gabekoak'
Sari-ematealdia datorren asteko ostiralean, ekainaren 30ean, egingo da, 19:00etan, Euskal Etxeko Pello Aramburu aretoan. Ekitaldira, EEko buruzagitza eta ordezkariez gain, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza ere bertaratuko, eta bertan izango dira baita ere epaimahaia osatu duten kideak, hala nola, sariak banatzen, Karlos Cid Complutense Unibertsitateko euska irakasle eta idazlea, eta Amaia Migoya eta Amaia.Bilbao EEko Euskaltegiko irakasleak.
Zorionak sariak irabazitakoei, parte hartutako guztiei, eta baita Euskal Etxeko antolatzaile eta laguntzaileei ere!
POEMA IRABAZLEAK
1. saria: 'Maite-min' (Aingeru Otxotorena Ugalde)
1
Askok hitzezko damuak
Zure errua, nirea?
Hori ote da bidea?
Galdetu zidan mamuak.
Erdeinu partez aitzakiz
Hobe denik ez dut uste
Minek egiten gaituzte
Hobe ni zu izan banintz
2
Hostorik ez du zuhaitzak
Gainezka doaz errekak
Nolatan zure ferekak
Bilakatu diren gaitzak
Arrazoiaren hilzori
Nigan zaitut maitekiro
Hausten ote da berriro
Hautsita dagoen hori?
3
Diosala neguari
Datorrena ez da ziurra
Falta zitzaidan apurra
Doanik ez dut nabari
Ni naizenaren teilape
Ulertu nezake baina…
Nolatan izan dezake
Kafeak agur usaina?
4
Doana joan dadila
Datorrena etor bedi
Parean ez zait ageri
Lehen izan zen mutila
Ez dut hustu nahi barrenik
Hutsik naizenez behiala
Nirekiko naiz leiala
Ez dut nahi nahi ez nauenik
5
Arrotz nahi zintuzket nigan
Zugandik askatu behingoz
Hala egon nahiak gogoz
Nola mina sortzen didan
Zerk jartzen nauen liluran
Nork ipintzen nauen minez
Zurea nire eginez
Ni nor naizenaren dudan
6
Su putzu bat izan nahi dut
Islada zaitezen bertan
Zitekeenak ez du zertan
Ona izan diozu zuk
Horregatik zalantzati
Agertzen naiz zuganako
Bi ez baitira banako
Hori edozeinek daki
7
Askatasunak lotzen nau
Nola kateek presoa
Caeirorentzat Pessoa
Zenez bizitzeko arau
Zu niretzat hori zara
Naizen gezur honen egi
Nahiz eta ez den zilegi
Libre izaten ez laga
8
Harrabotsak esnatuta
Amets gaiztoen erdian
jaikitze mantso geldian
Gela barruan galduta
Dena zentzurik gabeko
Ez ote da ezbeharra?
Garrasi egin beharra
Ezer ere ez entzuteko
9
Zigarretari hurrupa
Kez bildu dira birikak
Atzendu dira irrikak
Hala nabil aieruka
Nikotinazko etekin
Bat sentitu dut niregan
Hegalik gabe ta hegan
Zu gabe eta zurekin
2. saria: 'Berpiztu' (Uxue Pérez de Arriluzea Cabanillas)
Zure buruak oihukatzen duen guztia
Mingainak ahoskatuko balu,
mundua erreko zenuke
Zure beldurrekin ezkutatzea erabaki zenuen egun hartan,
sumendi bat piztu zenuen zure barnean.
Belartartean hazten diren lorak erretzen ez ikustearren,
bihotza hautsa bihurtzeko gai zara.
Baina ez izan beldur
Ave Fenix-ek bezalaxe,
zure errautsetatik berpizteko
oindino
garaiz heldu gaitezke
3. saria: 'Sein desagertua' (Elena Aierbe Segurola)
Gaur begirada garbi huraren jabea
gogoratzerik banu,
gaur, zergatik jakin gabe ere,
ume harekin gogoratzerik banu,
arbola, arbola den bezala,
eta eguzkia, eguzki,
umea besterik ez nuen ikusiko,
ez gero izango zena,
ezta inork amesten zuena ere.
Zer egin zuten haur hartaz?
Nola oroit dezaket haur hura
desagertu bada?
4. saria: 'Heriotza erditu, baina bizitzari heldu' (Ixiar Erasun Urtzelaieta)
Itsasoa,
soa hitsa,
triste dauka begirada Atlantikoak.
Bitartean, bere sabelak etorkinak erditzen ditu,
behin eta berriz.
Heriotza erditu.
Non geratu dira haien ametsak?
Ur azalean kulunkan?
Antzinako altxorren artean itsasoaren hondoan?
Ama hizkuntzak anitzak,
amets hizkuntza bera ote?
Eta itsasoan naufrago
hitza dugu helduleku bakarra.
Bizitzak hitza darama bere baitan.
Eman hitza bizitakoari,
eman hitza bizitzari,
eman bizitza hitzari.
Hitzaren oskolpean, babesa.
Heldu bizitzari!
-5. saria: 'Ama' (Marisa Arruabarrena Elizalde)
Ustezko amari
agur esan ostean
oihaneko uretan
murgildu zen
bakarti.
Berak ez zekien
baina bere benetako ama
so zeukan,
isilik,
lotsaturik.
Oihanak olatu erraldoiaz
erantzun zion
ekaitza piztuz eta
enbata popatik puntaraino
jaurti zion.
Benetako ama
beldurtu zen.
Orduan,
berriz ere,
oihanak oihu egin zion
eta ustezko ama
urruti sentitzean
oihaneko gauaren magalari
makurtu zitzaion.
Benetako amak, ordea,
magala hutsik zeukan.
Oihaneko garrasi eta uluek
esnarazi zuten eta norbait
so seukala sentitu zuen.
Benetako ama
konturatu egin zen.
Oihan hostotsu hartan
enbataren arrastoak
ikusgai bazeuden ere
bertako uretan
zergatik murgildu zen
pentsatzearekin batera
oihu egin zion bere
kartzerlazainari:
Beldurrez
ezin naiz bizi.
Beldurrak
kikiltzen nau, beti.
Beldurragatik
bete gabe
utzi ditut
milaka amets…
Beldurrez ezin naiz bizi,
bizi gaitezen, behingoz,
beldurrik gabe.
Madrilgo Euskal Etxeko 1. saria: 'Bidali gabekoak' (Maria Izaga Aguirre)
Idatzi izan banizu
Tolesdura guztiak ahaztuz
Sekula ezagutu izan ez bagina bezala...
Akaso hitz egingo genuke
Sekula aldendu izan ez bagina bezala
Oraingo honetan begiratuko ginateke
Kostako ez balitz bezala...
Oreka galdu gabe
Sakon arnastuko zintuzket
Usaintzen den perfume bat
Ahaztu nahi ez den bezala
Idatzi izan banizu
Ta damuak ahaztu izan banitu
Zauriak sendatuz
Akaso hitz egingo genuke
Lehenengo aldia izango balitz bezala
Idatzi izan banizu...
Akaso ez zenuke ezer ulertuko,
eta nik Rebobinatzeko eskatuko nizuke
Ta poema hontako lehenengo hizkiak hartuta
Erakutsiko nizuke zenbateraino maite zintudan