euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aingeru Etxebarria, sukaldaria: “Ezin diogu edozerri ‘pintxo’ esan, kalitatezkoa behar du, edozerk ez du balio”

2015/05/22

Euskal kultura eta, bereziki, sukaldaritza lau haizetara zabaldu ahal izateak ilusio handia ematen dio Aingeru Etxebarriari (Argazkiak: A.E.)
Euskal kultura eta, bereziki, sukaldaritza lau haizetara zabaldu ahal izateak ilusio handia ematen dio Aingeru Etxebarriari (Argazkiak: A.E.)

PUBLIZITATEA

Sukaldaritza eskola arrakastatsua dauka Bilbon Aingeru Etxebarriak (Getxo, 1978). Horren adibide da, aurreko astean bakarrik, Errusiatik, AEBetatik eta Holandatik heldutako ikasle taldeak eduki izana. Hamar gehi bat sari eta izendapen jaso ditu, horietako asko egiten dituen pintxoei esker, eta Karlos Arguiñano sukaldari ezagunaren babesa dauka. AEBetan hitzaldi eta erakustaldi bira laburra hasiko du gaur Bakersfield-en, CSUB unibertsitatean, herri kaliforniar honek asteburuan biziko dituen Euskal Festei hasiera emanez. “Pasioa transmititzen saiatuko naiz”, esan dio EuskalKultura.com-i.

Ander Egiluz Beramendi. Bakersfield, AEB. Duela sei urte bisitatu zituen AEBak lehen aldiz Aingeru Etxebarriak, New Yorken izandako oporraldi batzuetan. Gustatu zitzaion eta itzultzeko gogoak zituela hemen da berriz ere, era desberdinean. baina. Sukaldari legez hazi egin da ordutik hona eta horren adierazgarri dugu bere bisita.

Gogotsu zaude AEBetako birari ekiteko?

-Bai, iusio handia ematen dit gure sukaldaritza erakusteko aukera izateak. Gehienek aurretik zeozer ezagutuko dutela uste dut, baina neure pasioa transmititzen saiatuko naiz.

Bakersfield-en egingo duzu lehen geldialdia, gaur bertan.

-Ez dakit oso ondo zer jende mota ezagutuko dudan. Ziur nago geure kulturari buruz badakien jendea izango dela, baina gogoak ditut jakiteko zergatik duten gure sukaldaritzan interesa. Iker Arranzek (California State University Santa Barbara unibertsitateko Etxepare Institutuko irakaslea eta hitzaldi honen antolatzailea) esan dit interes handia piztu dela eta horrek ilusioa ematen dit.

Egungo euskal sukaldaritzaz berba egiteaz gain, pintxoak ere prestatuko dituzu.

-Ez nik bakarrik. Ekitaldia parte hartzailea izango baita, pintxoak egiten ikasteko eskola bat izango da. Norberak ere parte hartzen duenean ikasten baitugu hobekien.

Ardura handiagoa duzu jite honetako aurkezpenekin?

-Ez da hori ardura nagusia, produktu onak topatzea baizik. Geure produktuen antzekoak diren produktuak topatzea ez baita beti erraza. Hala ere, gustuko dut baita ere tokian tokiko lehengaiekin lan egitea, jendeak euskal sukaldaritza etxean topa dezakeenarekin egitea posiblea dela ikus dezan.

Askok pintxoekin lotzen dute Euskal Sukaldaritza. Horrela behar duela uste duzu?

-Betiko plater arruntak ahaztu gabe, pintxoak oso garrantzitsuak dira guretzat. Horregatik ezagutzen gaituzte atzerrian. Baina ezin diogu edozer gauzari pintxo esan, kalitatezko jakia behar du izan. Ez du edozerk balio. Eta ez naiz kalitatezko lehengaiez ari bakarrik, teknika ere ezagutu behar da, zein produktu eta nola nahasi jakitea oinarrizkoa da.

Gure Diasporarentzat garrantzitsua da sukaldaritza. Gehienetan tokian tokiko ezaugarriak jasotzen ditu...

-Asko gustatuko litzaidake hemengo euskal sukaldaritza ezagutzea. Gure sukaldatzeko moduen hemengo eboluzioa ezagutu nahiko nuke. Erabat irekita nago bertakoen egoera, beharrak eta interesak ezagutzeko. Horregatik, zenbat eta hitzaldi gehiagotan parte hartu, hobe.

Gaur ostiraleko Bakersfield-eko saioaz gain. Zein da zeure AEBetako egutegia?

-Ez daukat erabat itxia oraindik, baina ekainaren 4ra arte Kalifornian izango naiz. Maiatzaren 26an Santa Barbaran daukat zita eta ekainaren 2an eta 4an oraindik zehaztuta ez ditudan Los Angeleseko bi jatetxetan izango naiz. Horren ostean, New Yorkera joango naiz eta afari berezi bat eskainiko dut New Yorken, bertako Eusko Etxearen alde.


* Bakersfield-eko gaurko jarduna, Euskal Ikasketa Sinposio barnean, CSUB unibertsitateko musika eraikinean izango da, arratsaldeko 16:00etan hasita



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia