euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aiko taldeak Fasio musikari arratiarraren material idatzia, bideo, audio eta partiturak ipini ditu sarean

2015/04/13

PUBLIZITATEA

Euskal dantza eta kultura lantzen, ikertzen, sustatzen eta zabaltzen trebatu den Aiko taldeak sarean ipini ditu, interesatu guztiek eskuratzeko moduan, Igorreko Bonifazio Arandia 'Fasio'ri buruzko hainbat material idatzi, audio, ikus-entzuteko eta irudiak. Bizkaiko herri musikako soinujotzaile esanguratsuenetako bat izan zen arratiar honetaz egiten ari den zabalkunde lanez gain, Aikok 'Dantza Fasiogaz' izeneko dantza ikastaroa antolatu du, maiatzean, EHUko KulturBasque-rekin batera.

Bilbo, Bizkaia. Hona batu dugun oharrean Aikoko kideak azaltzen dutenez, taldeak were webgunean ipini du eskuragai Bonifazio Arandia 'Fasio'ren omenez argitaratutako 'Fasioren Mendea' disko-liburua. Bertan idatzizko materiala, bideoak, musika grabazioak eta partiturak eseki dira, Arratiko musikari herrikoirik handienetakoaren gainean  egindako lan mardularen emaitza gisa.

Horren kariaz, Aiko taldeak eta KulturBasquek (EHU-UPV) 'Dantzan Fasiogaz' izenburuko ikastaroa antolatu dute euskal dantza-errepertorioa ikasi nahi duten guztientzat, maiatzaren 9an, larunbata, Bizkaia Aretoan, Bilbon.

‘Fasioren Mendea’ disko-liburuak sakonean aztertu ditu eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko harremanak, baita Arratia Aranaren berezko ezaugarri kultural eta musikalak ere, hainbat hamarkadatan bertako musika-jotzailerik ezagunenetakoa izan zenaren bitartez. Lan honetan, Fasiok hil baino bi urte lehenago egindako grabazio argitaratu gabe bat, doinuen partiturak, argazkiak, jendaurreko bi ekitaldiren filmaketak eta hil osteko omenaldiaren irudiak ere bildu dira.

Bonifazio Arandia Uriarte ‘Fasio’ (1909-1987) joan den mendean Arratian jaiotako musikari herrikoirik ezagunenetakoa da eta hemendik aurrera, eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren zaleek sakonago ezagutu ahal izango dute artista honen bizitza eta lana, Aiko Taldearen webguneari esker.

Musikari eta dantza-maisuez osatutako kultur elkarteak interneten eseki du ‘Fasioren Mendea’, Igorreko soinulariaren mendeurrenarekin bat eginez –Igorreko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz– 2009an argitaratu zen lan sakona. Honen kariaz, taldeak eta UPV/EHUk “Dantzan Fasiogaz” izenburuko ikastaroa eskainiko dute maiatzaren 9an, Bizkaia Aretoan (Bilbo), trikitilariei, panderojoleei eta gure dantza-errepertorioa jotzen ikasi eta musikari eta dantzarien arteko harremanetan sakondu nahi duten guztiei zuzendutakoa.

Internet eseki den ‘Fasioren mendea’ lan hau disko-liburu formatuan argitaratu zen, testuak, argazkiak, audioko CD bat, partiturak eta hainbat filmaketa zituen DVD batera bilduz, eta Bonifazio Arandiaren bizitzari eta lanari egindako errepasorik osotuena bihurtu zen. Material horrek ezin hobeto islatzen ditu Fasioren bizitzaren eta musika-ibilbidearen nondik norakoak. Baina aldi berean, sakonean aztertzen ditu eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko harremanak, baita Arratia Aranaren berezko ezaugarri kultural eta musikalak ere, hainbat hamarkadatan bertako musika-jotzailerik ezagunenetakoa izan zenaren bitartez.

'Fasioren Mendea' argitaratzearen helburua, herri kulturaren alderdi bat, eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko harremanei dagokiena, ahalik eta jende gehienari ezagutaraztea da. Instrumentuaren azterketa orokorretik abiatuta, lanak pertsonaia partikular baten ibilbideari erreparatzen dio, dagokion garaian, lekuan eta kultur ingurunean kokatuz.

Argitaratu gabeko irudiak

Orain, Aikoren webgunearen bitartez, material hori guztia errepasa eta eskura daiteke, testuak eta partiturak pdf formatuan eta doan deskargatzeko eta ikusetzunezko materiala entzun eta ikusteko aukerarekin. Webgunearen “Diskografia” atalean kontsulta daitekeen disko-liburu honetan, Jon Iturbek Fasiori 1985ean –hil baino bi urte lehenago– egin zion grabazioa ere entzun daiteke, ‘Fasioren Mendea’ argitaratu zenerako ezezaguna zena. Bildutako doinu guztiak partitura eta guzti argitaratu dira, Adolfo Jainagak transkribatuta.

Material bideografikoari dagokionez, Igorreko musikariak bere bizitzaren amaieran, 1982an eta 1986an egindako bi ekitalditan interpretatu zituen 29 doinu bildu dira. Atal honen osagarri gisa, 1988ko azaroan, Fasio hil eta urtebete geroago, jaioterrian egin zioten omenaldiaren irudiak sartu dira.

Liburuak 81 orrialde ditu eta lanaren protagonistaren hainbat irudiz hornituta dago, bizitzan erabili zituen zenbait musika tresna ere biltzen dituelarik. Testuak Aingeru Berguicesek idatzi eta Arantza Etxebarriak euskaratu ditu, Igorreko alkatearen hitzaurre batez.

'Dantzan Fasiogaz' ikastaroa

Igorreko musikariari buruzko lan monografiko hau internauten esku uzteaz gain, AIiko Taldeak beste omenaldi bat egin nahi izan dio arratiarrari, UPV/EHUk Abandoibarran (Bilbo) duen Bizkaia Aretoan maiatzaren 9an, larunbatez, antolatu duen “Dantzan Fasiogaz” ikastaroaren bitartez. Ekimena trikitilariei, panderojoleei eta gure dantzen konplexutasun erritmikoa musika-hizkuntzara itzuli nahian dabiltzan gainontzeko musikariei zuzenduta dago nagusiki, dantzarako jotzen irakasteko asmoz.

Honela, ikastaroak musika eta dantzaren arteko harremana aztertuko du erritmoaren ikuspegitik, pasodoblea, balsa, txostisa, polka, boleroa, mazurka, foxa, tangoa eta habanera bezalako dantza herrikoi klasikoei errepasoa eginez. Horrez gain, trikitixaz eta panderoaz alaitutako dantzaldiei buruzko atal berezi bat eskainiko da, jota, fandangoa, arin-arina eta porrusaldaren protagonismoa aldarrikatuz.

Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazioaren barruan antolatu da.

NORI ZUZENDUA: trikitilari, panderojole eta dantzak jotzen ikasi nahi duen edozein musikari
ZER BEHAR DEN: dantzan eroso egiteko oinetako eta janzkera, eta ahal duenak panderoa
NOIZ: Maiatzaren 9an, larunbata, 17:00-20:00
NON: UPV/EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Iberdrola dorrearen aldamenean)
IZENA EMATEKO: 20€ sartu ikaslearen izen abizenak jarriz Kutxabanken honako kontu zenbakian: 2095 0233 10 9111124099

Aiko Taldea musika eta dantza maisuez osatutako kultur kolektiboa da, duela zenbait urtez geroztik musika eta dantza tradizionalaren ondare zabala zabaltzen eta erromerien izaera herrikoia berreskuratzen diharduena, dantzarako esparru berriak sortuz eta eginkizun horretara gero eta jende gehiago bilduz. Bere bokazioa “musika eta dantza era natural, lasai eta dibertigarrian egitea” da, grina hori ahalik eta jende gehienarengana helaraziz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia