euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aiko Taldeak 'Dantza mokauak' antolatu du asteburuan, dantza menu osotu batean murgiltzeko ikastaro trinkoa

2018/03/02

Patxi Laborda dantza maisua Aiko Taldeaaren ikastaro batean irakasle
Patxi Laborda dantza maisua Aiko Taldeaaren ikastaro batean irakasle

PUBLIZITATEA

Patxi Laborda, Sabin Bikandi, Katalin Zarate eta Anartz Ormaza izango dira 'Dantza mikauak'eko irakasle larunbat eta igande honetan Areatzan (Bizkaia), "ikasteko metodologia dibertigarria, argia, erraza eta bizi garen mundurako egokia" erabiliz. Larunbat gauean, gainera, jendeari zabaldutako erromeria irekia eskainiko da, ikastarokieek euren aurrerapenak praktikatu eta oro har partaideek dantza herrikoiekin gozatu ahal izan dezaten. Aiko Taldea erreferentziazko talde bat da euskal dantza tradizionalak sustatu, irakatsi eta transmititzeko lanetan.

Bilbo, Bizkaia.  Luzaideko dantzetatik Arratiako jotaraino, antzinako `Axuri beltzatik´ pasata. Dantza egiteko estilo tradizionalaren hedapena sustatu eta dantza eta musikok balioan jartzen dituzten musikari eta dantza maisu-maistrek osatzen dute Aiko Taldea. Martxoko lehenengo asteburu honetarako dantza menu osotu bat eskainiko du taldeak Areatzan.Katalin Zarate, Anartz Ormaza, Patxi Laborda eta Sabin Bikandi izango dira dantza ikastaro trinkoa zapatu eta domekan eskainiko dutenak, "ikasteko metodologia dibertigarria, argia, erraza eta bizi garen mundurako egokia" erabiliz. Izen ematea zabalik dago, eta ikastaroak 50 euroko prezioa du. Hala nahi izanez gero, egonaldia eta jatorduak ere har daitezke Areatza Hotel Bainu-etxean. 

‘Dantza mokauak’ izena daraman ikastaroak oso eduki anitzak eskainiko ditu, tartean adibidez Nafarroako Luzaideko jauzien sekretuak eta bikoteka egiten diren `porrua´ bezalako dantzen garrantzia azalduko du, baita txotisa eta zortzikoarena ere; agerian utziko ditu balsak eskaintzen dituen erritmo eta aukera ugariak, korroan egiten diren dantzak ulertzeko gakoak eskainiko ditu eta aukera emango du, esaterako, `Axuri beltza'ra hurbiltzeko, Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak eta bere emazte Marian Arregik 1969an Jaurrietako hitz eta doinuz birsortu zuten dantza kantatu hau kontserbatzen den urrietako bat delarik, geroztik arras zabaldu eta ezagutarazia.


"Dantza partekatu nahi dugu zurekin", Aiko Taldearen pasio, bokazio eta engaiamendua.

Gainera, eta ikastaroa Areatzan denez, keinua egingo zaio bertako haranari eta edukietako bat Arratiako jota izango da, duen edertasuna eta konplexutasunarengatik ezaguna den dantza honen oinarrizko pausoak irakatsita.

Aiko Taldearentzat, estua da ezinbestean musikaren eta dantzaren arteko lotura, biak koordinatu eta elkarren osagarri dira eta, ondorioz, garrantzitsua da oso taldearentzat, euren jardueretan lehentasuna ematea zuzeneko musikari. Beraz, zapatu gauean, Aikoko musika jotzaile eta dantza maisu-maistrek erromeria irekia eskainiko dute, ikastarokieek eta oro har hurbiltzen direnek dantza herrikoiekin gozatu ahal izan dezaten

Dantza tradizionala pasioz bizi duten musikari eta dantza irakasleek osatzen dute Aiko Taldea eta hamar urtetik gora daramate dantza herrikoiak sustatze eta hedatze lanetan, mota guztietako jardueren bidez: interpretatuz, dantzatuz, irakatsiz, grabatuz, ikertuz…beti ere BBK Fundazioa lankide.

Erromerien izpiritu herrikoia berreskuratzeko ahalegin horretan, dantzarako espazio berriak sortzen eta ahalik eta jende gehiagorengana iristearren dihardu. Taldearen bokazioa “modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta dantzan egitea” da eta pasio eta filosofia hori Euskal Herri osoan antolatzen dituen erromeria, ikastaro, tailer eta emanaldi ibiltarietara darama. Aiko Taldeak dantza egiteko musikaz osatutako 10 disko argitaratu ditu, eta kultura herrikoiaren ondarea ikertzeko eta hedatzeko beste zenbait ekimenen protagonista izan da, tartean, esaterako, “Fasioren Mendea” (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitzari eta lanari buruzko lan zorrotza), “Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik” (jauzien errepertorio osoaren multimedia bilduma), jotari omenaldia eskaintzen dion 'Jotamentala´ dokumentala  edo 'Bandtzaldia' bera, musika-bandak lagun kontzertu-erromeria kontzeptu berri bat, hau ere Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburutara eraman duen proposamena.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia