euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aiara talde arabarreko kide bi Argentinan ibili dira euskal etxeetako dantzariei euskal dantza tailerrak eskaintzen

2007/11/22

Aiara Taldekoek La Platan eskainitako dantza tailerra, bertako 'Zaharrak' taldeak antolaturik
Aiara Taldekoek La Platan eskainitako dantza tailerra, bertako 'Zaharrak' taldeak antolaturik

PUBLIZITATEA

Amurrioko Aiara Dantza Taldea Amurrio sortu zen orain dela 20 urte pasatxo eta bere lehen emanaldia Zuhatzan egin zuen 1984an. Harrez gero ibilbide luzea izan du eta Euskal Herrian, Espainian, Portugalen eta Frantzian eskaini ditu emanaldiak. Aurtengo azaroko lehen egunetan, taldeko bi partaide, Urtzi Etxebarria eta Karmele Revuelta, Argentinara etorri ziren, Aitor Alava dantzariarekin batera dantza tailerrak eskaintzeko. Bi ikastaro egin dituzte: La Platako Zaharrak taldearekin eta Buenos Aireseko Eusketxe Dantza Taldearekin. Ikasle zein irakasleak oso gustura agertu dira bizitako esperientziarekin.
Joan den azaroaren 3an Aiara dantza taldeko Urtzi Etxebarria eta Karmele Revuelta kideak eta egun Buenos Aires hiriburuan bizi den talde bereko Aitor Alava dantzariak tailerra eskaini zieten La Platako Zaharrak taldeko kideei. Tailerra Zaharrak-ek antolatua zen, baina bertan taldeko dantzariez gain elkarteko beste hainbat kidek ere parte hartu zuten: euskara irakasleek, abesbatzeko kideek, Unibertsitateko Euskal Pentsamendu Aske Katedrako lagunek eta inguruko zein urrutiko euskal etxeetatik --Laprida, Villa Mercedes, Cordoba eta Bariloche-- etorritakoek. Ateak parte hartu nahi izan zuten guztientzat egon ziren irekiak.

Dantza mota ugari ikusi eta lantzeko aukera izan zuten tailerrera bildu zirenak, tartean Esku dantza, Txulalai, Polka pik, Bolant dantza, Maitena, Karrika dantza, Biribilketa, Txantxo dantza, Dantza luze eta Branle kontrapasa. Tailerra amaitu ostean choripaneada bat dastatu zuten elkarrekin, eta dantza berriak ikasi eta komentatuz berandu arte luzatu zen gaua.

Buenos Aireseko Eusketxen ere bai

[Goiko irudian Aitor Alava dantzariak (Aiara dantza taldeko kide ohia, egun Argentinan bizi da) tailerra eta dantza jakin hau gidatzen]

Aiarako dantzariek Buenos Aireseko Eusketxen ere eman zuten ikastaro praktikoa eta didaktikoa. Bertan bakarkako dantzen inguruan aritu ziren, 'azalduz zeintzuk diren bakarkako dantza eta zeintzuk ez', eta soka-dantzen desagertze prozesua aipatu zuten, besteak beste. Oraingoan aukeratutako dantzak hauetxek izan ziren: Soka dantza, Ezpata dantza, zenbait Kontra dantza, Zuberoako Makil dantza, Zortziko, Banango zaharrak, Fandango, Arin arin eta Agurra.


Lotura interesgarriak

'Aiara dantza taldea hogei urte'
www.dantzan.com

Eusketxe dantza taldearen emenaldia 19. urteurrenean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia