euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Aiara' Dantza Talde arabarreko 16 dantzarik Argentina bisitatuko dute martxoaren 27tik apirilaren 10era arte

2010/03/12

Aiara Dantza Taldeko kideak
Aiara Dantza Taldeko kideak

PUBLIZITATEA

Aiara Dantza Taldea 1984ean jaio zen Amurrion, Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek sortuta. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak egiten dituzte jarduera handiko dantzari hauek, kasu gehienetan haiek euren ikuskizunak sortuz. Joan den urtean, taldea Aiarako 24 herrietan aurkeztu zen konpainiaren 25. urtemuga ospatzeko. Aurten, berriz, urrunagora joatea erabaki dute eta datorren martxoaren 27an lurreratuko dira Argentinan. Hemen Aberri Eguneko hainbat ekitaldietan arituko dira, baita Llavallolgo Euskal Echea Institutuan, Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin erakundeen egoitzan eta Iparraldeko Euskal Etxean ere. Euskal Echea Institutukoa izan ezik, beste aurkezpen guztiak Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearekin batera egingo dituzte gazte arabarrek.

Buenos Aires, Argentina. Askotan etortzen dira euskaldunak beren kabuz Argentinara. Batzuk paseatzeko asmoz; beste batzuk, argentinarrek euskal kulturarekin dauzkaten loturak indartzeko. Baina oso gutxitan ikusten da tamaina honetako talde bat bidai aautogestionatu batean etortzea. Izan ere, 16 dantzari dira Buenos Airesko hainbat euskal etxetatik ibiliko direnak datorren martxoaren 27tik apirilaren 10era arte.

Duela 26 urte sortu zen Amurrion Aiara Dantza Taldea Isabel Sanchez Robles eta Edorta Yaldebere irakasleen gidaritzapean. Hasieran 120 bat ikasle – artean Amurrio, Urduña eta Laudiokoak– joaten ziren klaseetara, ikasteko izugarrizko gogoarekin. Hamar urte pasa ondoren, dantzariek taldearen zuzendaritza eta kudeaketa bere gain hartzea erabaki zuten.

Taldeak eskaintzen duen errepertorioa zabala da oso. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak egiten dituzte eta gogor lan egiten dute pieza berriak aurkeztu ahal izateko. Beste batzuen artean, haiek prestatutako azken piezetako bat Zuberoako Maskarada da. Normalean ikuskizunak abuztuaren 15ean estreinatzen dira, hau da, Amurrioko patroiaren egunean. Baina dantza talde hau ez da Euskal Herritik soilik ibili. Etxetik kanpo ere izan dira dantzariak euren trebetasuna erakusten. Hogei urtetik gora dantzatzen daramatzan Aiara taldea Galizian, Katalunia, Asturias, Huelva, Frantzia eta Portugalgo tauletan ere gailendu da.

Aiara Dantza Taldea 2010

[Aiara Dantza Taldeak Zuberoako Maskarada dantzatzen]

Argentinako Bira

Martxoaren amaieran hasiko den birari dagokionez, ia hitzordu guztien xehetasunak jadanik baieztatuta daude. Martxoaren 27an, arratsaldeko 7etan, Aiara Taldeko kideak Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak antolatutako dantzarien topaketan aurkeztuko dira. Martxoaren 29ko goizean, Llavallolgo Euskal Echea Institutuan ikusi ahal izango dira. Aberri Egunaren ospakizunen testuinguruan, apirilaren 3an goizeko 11etan Buenos Airesko Plaza de Mayo-n dantzaldi bat egingo dute eta arratsaldean beste bat Iparraldeko Euskal Etxean. Bukatzeko apirilaren 9ko ekintzak Eusko Kultur Etxeak, Euskaltzaleak-ek eta Ekin Euskal Argitaletxeak hiriburu porteñoan batera daukaten egoitzan izango dira: dantza tailerra eta erromeria. Euskal Echea Institutukoa izan ezik beste aurkezpen guztiak Aitor Alavak --Aiara taldeko kidea-- zuzentzen duen Ekin Dantzari Taldearekin batera egingo dute gazte arabarrek.



Komentarioak

  • Ongi etorri Argentinara!

    Zuek etortzeko gogo handia daukagu. Ongi etorri Argentinara, lagunen artera, zure etxera!

    Mexico 1880ko lagunak, 2010/03/12 20:22

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia