euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ahotsak.com webgune berriak Euskal Herriko ahozko ondarea eta 96 herritako hizkeren grabazioak biltzen ditu

2008/04/18

Ezkerretik eskuinera, Euskal Herriko Ahotsak proiektuko Asier Sarasua, Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua
Ezkerretik eskuinera, Euskal Herriko Ahotsak proiektuko Asier Sarasua, Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Ahotsak proiektuko Asier Sarasuak eta Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeñak iragan asteazkenean aurkeztu zuten 'Ahotsak.com'. Webgune berria herri bakoitzeko garai bateko euskara ezagutarazteaz gain, euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimoduen gordailu eta erakusle ere bada. Arduradunek aipatu dutenez, proiektua elkarte, udaletxe edota kaleko talde edo pertsonei irekita dago, gai honen inguruko lan amankomuna bultzatzeko asmotan. Orain arte 1.218 zinta bildu eta zenbait grabazioen transkripzioak egin dituzte.
Azken urteetan asko izan dira euskarazko idatzizko dokumentuak jasotzen egin diren lanak eta Ahotsak.com ekimenarekin buelta eman nahi zaio horri, ahozko euskal ondare diren eta lehengo usadio eta moldeei buruzko bertako solasen grabazioak eta bideoak interneten eskainiz. Helburu horrekin, 'Badihardugu elkartea 2003. urte inguruan hasi zen Bergarako udaletxearekin (Gipuzkoa) elkarlanean bertan zegoen euskal ondare hori aztertzeko', azaldu dio EuskalKultura-com-i elkarteko kide Aintzane Agirrebeñak.

Proiektuko arduradunak Debagoiena eskualdean grabazio asko zeudela konturatu ziren. Beraz, eremua zabaldu eta pixkanaka lortutako lan ondare guztiarekin webgunea sortzea erabaki zuten. Proiektuak Euskal Herriko 62 herritako 986 hizlarien pasarteak jasotzen ditu. Zehazki, 1.218 zinta bildu dituzte, guztira 7.753 pasarte jasotzen dituztenak. Zenbait grabazioen transkripzioak ere sareratu dituzte eta audioari dagokionez, 1.181 artxibo daude eskuragarri oraingoz, baita 1.049 bideo ere.

Herritarren partaidetza

Ahotsak.com proiektua publikoa eta doakoa da. Zenbait ikerlari eta proiektu biltzen ditu bere baitan eta metodologia sistematiko eta zehatz bati jarraitzen dio. Webguneak informazioa herrika eta gaika antolatuta azaltzen du eta era guztietako erabiltzaileak izan ditzake. Baina erabiltzaileak ezezik, kolaboratzaileak ere onartzen ditu ekimenak.

Webgunean parte hartzeko lau aukera daude: etxean egon daitezkeen grabazio zaharrak bidaltzea (kopia bat egin ondoren, originala eta kopia bat itzuliko zaizkio erabiltzaileari eta bere izena agertuko da materialaren jabe eta emale bezala), interesdunak berak grabazio berri bat egitea, hiztun egokiak aurkitzea (norberaren inguruan berriketaria eta euskara aberatsa duen hizlari egokiren bat baldin badago, proiektuko arduradunak elkarrizketa egitera joango dira) eta, azkenik, transkripzioak egitea. Arduradunek 2012rako euskal herri guztietako lekukotasunak jaso, eta on line jartzea dute xede.


Lotura interesgarriak

Ahotsak.com webgunea
www.ahotsak.com

Badihardugu Euskara Elkartearen webgunea
www.badihardugu.com

Euskokultur Fundazioak Nafarroako ahozko ondarea jasoko du
2007ko otsailaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskaltzaindia, Olaso Dorrea Fundazioko ondarearen kargu
2008ko otsailaren 15ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia