Villa María, Argentina. Villa Mariako Euzko Etxea izan zen urtarrilaren 18tik 25era Euskara Munduan programaren Udako Barnetegiaren egoitza. Etxepare Euskal Institutuak eta FEVAk antolaturik, Gabriel Arce eta Sabrina Otegui irakasleek eman zuten aste osoko ikastaro trinkoa, Gabriela Mendia eta Kinku Zinkunegi koordinatzaile. Ikasle talde hau duela urtebete abiatu zen, San Nicolas hiriko barnetegian, eta bizkor jarraitzen du. Hamabi hilabeteon ostean asteroko unitate eta mintza saioak bete ondoren, martxotik aurrera A2.2 mailari ekingo diote irakasle izateko trebatzen ari diren 18 euskal etxetako ordezkariek.
Hizkuntza ez da ordea eskoletan lantzen den eduki bakarra. Maizpide barnetegiak programa honetarako propio sortutako materiala hizkuntza soiletik haratago doa eta mintzairarekin batera, parte den euskal kulturara hurbildu eta murgiltzeko aukera ere eskaintzen du. “Zalantzarik ez da inguruak asko lagun dezakeela ikaste prozesuan eta euskal etxe batek eskaintzen duena baliagarria izan daiteke oso”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Sabrina Otegui irakasleak.
“Barnetegiko klaseak euskal etxeetan egin izan ohi dira eta euskal etxearen giroak eragina izaten du ekintzetan. Joan den urtarrilaren 20an, adibidez, Villa Mariako Euskal Etxeko danborrariek jo ez ezik, beren danborrak eta barrilak utzi zizkieten euskara ikasleei haiek ere ‘San Sebastian martxa’ jo eta Argentinako euskal komunitateetan gero eta zabalduago dagoen usadio donostiar honen eskarmentua izan zezaten. Askorentzat esperientzia berria izan zen".
Villa Mariako Euskal Etxeko danborrariak eta barnetegiko ikasleak, Luis Carricabururen zuzendaritzapean. Taldeko dantzari batzuk ere ausartu ziren!
Irakasten irakatsi
Hizkuntza eta kultur edukiak lantzeaz gain, aurrez aurreko eskolak bereziki egokiak dira euskara nola irakatsi pentsatzeko. “Barnetegiko ikasleak irakasleak izango dira denbora gutxian, beraz oso garrantzitsua da metodologiari ere bere tartea eskaintzea”, jarraitzen du. “Bistan da irakasteko beharrezkoa dela edukiak menperatzea, baina eduki horiek nola transmititu jakitea ere garrantzitsua da oso. Ez dago irakasteko era bakarra, jakina, eta hori ere eztabaidatzeko gaia bihur daiteke”.
“Nik komentatzen diet ikasleei nola lantzen ditudan gai batzuk haiek eredu hori jarraitzeko edo baztertzeko eta euren bide bat proposatzeko. Berdin da nola, kontua da estrategiak izatea ezagutza konpartitzeko. FEVAk antolatzen ditu jardunaldi pedagogikoak irakasleentzat; baina batzuetan klasean bertan sortzen dira egoera konkretuak eta horiek ere aprobetxatu behar dira tresnak eskuratzearren”.
Hutserako jauzia
Maiz entzuten dugu “euskararen eremutik hamar mila kilometrora” euskara ikasteak oso meritu handia duela. Eta zalantzarik ez da ahalegin handia egiten dutela Euskara Munduan Programako ikasleek klaseetan parte hartzeko, askotan 500, 800 edo 1.000 kilometro eginez… Baina kasu zinez berezia dago talde honetan. Aimé Temis Barrutia neuquendarra Baskos de la Confluencia Euskal Etxearen izenean sartu zen programan. Baina hasi eta berehala beka bat lortu zuen unibertsitateko ikasketak –Bitxigintzan– Vigon (Galizian) jarraitzeko eta argi zeukan ezin ziola aukera eder hari uko egin. Eta euskara ikasteari ere ez zion utzi nahi, beraz biekin ari da aurrera egiten. Euskarari dagokionez, gazte patagoniarrak online segitzen ditu ikasketak bere ikaskideekin, baina Vigotik. Eta barnetegi presentziala tokatzen denean, urtean bitan, Argentinara bidaiatu eta parte hartzen du, Villa Marian bertan egin duenez.
Aimék onartzen dio EuskalKultura.eus-i leku berezia daukala bere bizitzako momentu honetan euskara ikasteak. “Apustu hori egin dut eta nire bizitzeko tempoa markatzen du, ez bakarrik ikasteari ematen diodan denboragatik". Vigon bizi denez, bere gurasoak, bera ikusteko, barnetegia den lekura hurreratzen dira. "Hala egin dute Villa Mariara etorriz Neuquendik, ni ikusteko aukera bakarra hori zelako”. “Ahalegin handia da; baina badaude bi arrazoi ahalegin hori ulertzeko lagungarri: maitasuna eta fedea. Maitasuna, euskara ikasten dugunok maitemindu egiten garelako hizkuntzarekin… Eta fedea, euskara ikastea hutserako jauzia delako. Batez ere urrutitik online, askotan bakarrik sentitzen baitzara. Zorionez, ikaskideak bigarren familia bezala dira eta elkarri laguntzen diogu erronka honi aurre egiteko”, azaltzen du.
"Euskara, zaharra baina beti ur berri"
Gaur egun bizileku duen Galiziari keinu bat eginez, Manuela María poeta galegoaren hitzak ekarri nahi izan ditu Aimek gogora: “Hizkuntza da mundua zabaltzen digun giltza, dio poetak; eta seguru nago asko garela ate hau ireki nahi dugunak, euskara den mundu zahar eta aldi berean berri honetan sartzeko”.