Concordia, Argentina. Bere 28. ediziora iritsiko da aurten Entre Rios-ko Immigrantearen Festa Probintziala. Covid-19ko pandemiak ezarritako baldintzak medio, iaz erabat birtuala egin behar izan zen, eta aurten Concordiako Immigranteen Elkarteak modalitate mistoan iragarri du, pandemiaren protokoloak horretarako aukera ematen duenean. Gauzak honela, deialdia egin diete Entre Rios-ko gizataldeei erreginaldirako hautagaiak aurkez ditzaten, eta halaxe egin dute euskal gizataldeak, Alemaniakoak, Italiakoak eta Suitzakoak.
Agustina Lorenzatto izango da Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxearen ordezkaria. Chajaríkoa da eta Concordian bizi da. Gizarte Komunikazioa ikasi zuen, Irrati Publikoan eta irrati baten webgunean ari da lanean kazetari. Agustina Psikosozialeko Goi Mailako Teknikatura ikasle ere ari da, Community Manager ikastaroa egiteaz gain. Euskal etxera bere familiaren jatorriaren bila hurbildu zen. Egun badaki XIX. mende amaieran Nafarroatik etorritakoen birbiloba dela, eta ordezkatzen duen euskal etxearen bizitzan parte hartzen du.
Concordiatik Mariano Silva Torreak Euskalkultura.eus-i nabarmendu dionez, Entre Rios-ko Immigrantearen Festa Probintziala Concordiako kolektibitateen ekitaldirik garrantzitsuena da eta urtero 3 egunez ospatu ohi dute. 2021ko edizio honetan espero dute aurreko edizioetako intentsitate osoaz ez bada ere, dantzak, plater tipikoak eta familia-istorioak bilgarri dituen festak bere distira berreskuratzea eta oinarrian den immigrante guztiekiko omenaldi handia bezala garatzea.