euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agurtzane Aguado euskal-uruguaitarrak Cenarrusa Saria 2022 jaso du Montevideon bizitza osoko merezimenduengatik

2023/07/14

Lehenengo lerroan, María Elena Etcheverry, Gorka Alvarez, Agurtzane Aguado, Baldomero Anzó eta Sara Pagola omenaldi egunean, atzean uruguaiko euskal etxe eta komunitateetako kide eta ordezkariak dauzkatela (argazkia EE)
Lehenengo lerroan, María Elena Etcheverry, Gorka Alvarez, Agurtzane Aguado, Baldomero Anzó eta Sara Pagola omenaldi egunean, atzean uruguaiko euskal etxe eta komunitateetako kide eta ordezkariak dauzkatela (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Agurtzane Aguadok Cenarrusa Saria 2022 jaso du aste honetan Montevideon, fundazio euskal estatubatuar honek bizitza oso bateko bere ibilbide euskaltzaleagatik emana, "euskara, euskal identitatea eta giza eskubide eta eskubide zibilak eta euskal adierazpenak Uruguain babestu eta sustatzeagatik", "zerbitzu publiko" xedez, "apaltasun, zintzotasun eta etikaz".  Ekitaldian partaide izan ziren, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagola eta Gorka Alvarez Aranburu, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Uruguaiko euskal etxe eta komunitateetako hainbat kide eta ordezkari ere bildu zituen ekitaldira, Agurtzane bera buru duen Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxearen egoitzan.

Estatu Batuetako Nevadako Renotik Xabier Irujo mintzatu zen Cenarrusa Fundazioaren izenean, sari hau Agurtzane Aguadori merezimendu osoz emateko arrazoi erabat oinarritu eta sendoak esker onez aipatuz

Gogora dezagun Boiseko (AEB) Pete T. Cenarrusa Fundazioa 2003an sortu zutela Pete Cernarrusak berak (1917-2013) eta bere emazte Fredak. Pete Cenarrusa Idahon euskaldun jaiotako diaspora euskal-amerikarreko kide bat izan zen, 50 urtetik gora bertan politikari hautetsia ibilia —horietatik 30etik gora Idahoko estatu-idazkari gisa— eta aldi berean euskaltzale eta abertzale gotorra, kulturalki zein politikoki hainbat ekimen aktiboki bultzatu eta babestu zituena Idahoko euskal kulturaren eta Euskal Herriko euskaldunen eskubide kultural eta politikoen defentsan. Fundazioak 202an sortu zituen Cenarrusa Sariak, "Petek berak landu zituen zerbitzu publiko, integritate, euskararen babeseko eta eskubide zibilen sostegu" izpirituaren adibide diren pertsonen ekarpen eta ibilbidea nabarmendu eta jendaurretzea helburu.


Bizkaitik Agurra eta Gernikako Arbola, eta, bideoko 5' 06'' minututik, hainbat atximendu eta agur hinkigarri

Ekitaldia zinez kuttun eta hunkigarria izan zen, besteak beste Agurtzanek berak ez zuelako espero. Bazekien Cenarrusa Fundazioak egokitua ziola saria, baina ez gau hartan zeremonia izango zenik eta pentsatzen zuen afari bat besterik ez zela, Uruguaiko Postetxeak zigilu bat atera zuelako Juan Manuel Besnes e Irigoyen artista eta aitzindari euskal-uruguaitarrari eskainia. Hori uste zuen, horregatik sorpresa itzela jaso zuen eta gau osoa aho zabalik eta emozioz beterik eman zuen, are gehiago pantailaratzen ikusi zituenean Diasporatik zein Euskal Herritik euren atxikimendua eta maitasun hitzak bidaliz hainbat jendek bitalitako bideo mezuak.

Bat egin zuten Getxoko bere lehengusuek, Kinku Zinkunegi, Juan Jose Ibarretxe, Mikel Burzako, Andoni Ortuzar, Jasone Agirre, Gorka Elejabarrieta, Fermin Muguruza, Josu Legarreta, Arnaldo Otegi eta beste hamaikak (ikus bideoa)

Agur eta zorion mezu horiez gain eta bideoz EHtik bidalitako ohorezko aurreskuaren eta Gernikako Arbolaren interpretazioaz gain, beste momentu garai bat, Euskal Erria Euskal Etxeko kide eta lagun talde batek, euren artean euskara ikasleak, euren gorazarre berezia egin ziotenean etorri zen, 'tero' baten estatuatxo garaikide bat oparituta; 'tero'a, izan ere, Rio de la Plata aldeko hegazti mota bat da, sinbolotzat har daitekeena, ezaugarri baititu "taldea biltzeko behar handi bat, eta etengabe erne egoteko duen joera, beti ere bere taldekoen defentsa gogorrean", EuskalKultura.eus-i Euskal Erria-tik azaldu diotenez.

Ondo merezitako zorion bero-beroak, Agurtzane!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia