Berri-berria da mugikorretako euskal emotikonoak dakartzan aplikazioa. Euskalmoji izeneko aplikazioa Android eta iOS sistema eragileetan erabil daiteke, doan, eta oso erraza da jaitsi, instalatu eta erabiltzea. Euskal emotikonoek euskal kulturaren alde anitzak irudikatzen dituzte, hala nola kirolak, sukaldaritza, jai tradizionalak eta euskarazko esamoldeak, eta edozein aplikaziotan eta sare sozialetako aplikazioetan sar daitezke.
Donostia-San Sebastian. Duela egun gutxi ospatu da Emotikonoen edo Emojien Nazioarteko Eguna eta geratzeko iritsi diren irudi horiei buruzko beste berri bat daukagu. Euskal Herriko lau gaztek mugikorretan euskal emotikonoak bidaltzeko aplikazio bat aurkeztu dute. Eitb.eus-ek jakinarazi duenez, ikono berriak mezuak bidaltzeko baliagarriak diren edozein aplikaziotan erabil daitezke, WhatsApp eta Telegram-en, esaterako, eta sare sozialetako aplikazioetan ere sar daitezke, konparazio Facebooken, Twitterren eta Instagramen.
Aurkeztutako lehenengo bertsio honetan, hirurogei emotikono baino gehiago egin dira, sei taldetan banatuta: futbol taldeak, Euskal Herriko jaiak, gastronomia, tradizioak, emakumezko eta gizonezkoen pertsonaiak, eta euskal esaera adierazgarriak.
Euskal teknologia berrietan nabarmen faltan zegoen produktua dakarren aplikazioa link honetatik jaitsi daiteke eta instalazio prozesua oso erraza du. Proiektuaren arduradunak Roberto Garrido (iOS gailuentzakoa) eta Ivan Petrel (Android gailuentzakoa) dira. Bilboko Tellmewow marketing digitalean espezializatutako agentziak, bestalde, proiektu honen komunikazioa hartu du bere gain.