euskal diaspora eta kultura
2014/05/15
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Garaiak aldatu egiten dira eta denboraren poderioz erakundeak ere bai. Joan den mendeko euskal etxeek etorkinak babesteko helburua zuten. Gaur egun, etorkin horien ondarea babestu, eta batez ere ondare horren berri ematea da erakundeen betebehar nagusia. Asmo honekin burutu zuten euskal etxeetako eta euskal erakundeetako ordezkariek joan den maiatzaren 11ko ‘Buenos Aires Celebra’. Ahaleginak bere fruitua eman zuen eta euria eginagatik ere Mayo Etorbidera bertaratu ziren lagunek euskal etorkin horien legatuaz gozatu ahal izan zuten.
[Ugari dira Argentinan mantentzen diren Euskal Herriko adierazpen kulturalak, baina agian garrantzitsuenetako bat da euskal sukaldaritza. 2014ko ‘Buenos Aires Celebra’n izen handiko Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarrak eman zien kale bat bildutakoei. Baina Itziar ez zen bakarrik egon tauletan muntatutako sukaldean. Euskal Herrian trebatutako Takehiro Ohno chef japoniarrak ere lagundu zuen legatza saltsa berdean eta gazta eta urdaiazpiko kroketak prestatzeko (argazkia EuskalKultura.com)]
[Itziarren sukaldetik ez oso urrun, Buenos Aireseko esne-saltzaile kuttunena. Magdalena Mignaburuk jositako baserritar jantziekin, Alberto Ospital-ek iragana eta orain aldia lotu zituen bere tresna eta kontakizunekin (argazkia EuskalKultura.com)]
[‘Buenos Aires Celebra’n parte hartu ahal izateko, Buenos Aireskoak ez direnek kilometro dezente egin behar izan zituzten. San Juango Eusko Etxea-ko Ofelia Larrea eta Silvia Urbicain de Bene-ren kasuan, 1300 bat kilometro egin zituzten, hau baita Andeen magaletan dagoen San Juan hiritik hiriburura dagoen distantzia (argazkia EuskalKultura.com)]
[Arratsaldean zehar lagun anitz posatu ziren euren ‘euskal argazkia’ egiteko (argazkia P. Coronel)]
[Euskal jai guztietan bezala, dantzariek izan zuten festa girotu, alaitu eta edertzeko ardura. Koreografia batzuk tauletan egin ziren]
[Beste batzuk, ordea, kalean, agertokia irristakor eta ondorioz arriskutsu zegoelako]
[Publikoak ere izan zuen dantzatzeko aukera dantzariek gonbidaturik. Biribil handi batean, polka dantzatu zen. Ikusi bideoa hemen (argazkia EuskalKultura.com)]
[Danborradan ere bildu ziren euskal etxe askotako lagunak. Donostiako doinuak Mayo Etorbidean ez ezik, auzo osoan entzun ziren. Iñaki Armendariz eta Jose Gutierrez maisuek zuzenduta, BACen beste klasiko bat da. Buruhandiak ere partaide. Bideoak ikusteko, klik hemen eta hemen (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eguraldiak ez zuen lagundu baina ez zuen jaia zapuztu. Eta 2014ko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdirako prestatuta zeuden aktibitate guztiak burutu ahal izan ziren, oso aldaketa gutxirekin. Egia da baita ere iluntze aldera euria barra-barra ari zuela eta ez zegoela jarraitzerik. Baina dantzariek jaiak merezi zuen amaiera eman zioten eta dantza egiten agurtu zuten. Euripean, Arku Dantza, Ezpata Dantza, Fandango eta Kalejira dantzatu zituzten euskal etxeetako gazteek (argazkia EuskalKultura.com)]
Eskerrik asko Argentinako euskaldunei, antolatzaileei, parte hartzaileei, Buenos Aireseko Hiriari eta Euskalkulturako lagunei eta aurrera!
Xabier E. L., 2014/05/15 22:41
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus