Bihar larunbata, irailaren 6an, ospatuko dute Washington DC-ko euskaldunek beren urteroko jaia. Seigarrenez egingo dute ‘Piperrapalooza Festibala’ legez bataiatu duten elkarretaratzea. Piperra eta ‘Lollapalooza’ hitzen arteko jokoa da jaialdiaren izena: piperrak, Gernikako piperrekin hasi zutelako tradizioa, eta Lollapalooza AEBetan oso ezaguna den musika jaialdi bat delako, Sam Zengotitabengoak, Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko kideak, Euskalkutura.com-i esan dion moduan.
Washington DC, AEB. 75 lagun inguru batuko dira bihar Sam Zengotitabengoaren etxean, Piperrapalooza Festibala seigarrenez ospatzeko. Washington DC inguruko euskaldunek urtean ospatzen duten jairik garrantzitsuena da hori, bere esanetan. “Gernikako piper hazi batzuk ekarri nituen duela urte batzuk, horregatik bataiatu genuen horrela jaia. Baina urtero ez ditugu Gernikako piperrak izaten eta Boisekoak edo beste lekuren batekoak lortuta egiten dugu festa. Baina aurten baditugu Gernikatik ekarritako batzuk!”, esan du pozarren.
"Patio ederra duen etxetxo bat daukat", gehitu du, eta hortxe bertan lotuko dira AEBetako ekialdeko euskaldun hauek. Baina ez jateko soilik, etxe inguruan duen lur sailean umeek jolasteko adina leku izango dute, bai eta Athletic Club eta Reala taldeak dituen mahai-futbola jartzeko eta sokatira txapelketa antolatzeko ere bai. “Lagunekin gustura egoteko leku polita da”.
Okela, Gernikako eta pikillo piperrak, hegalaburra tomate saltsan, tortilla eta paella jango dute. Den dena Samek eta bere emazteak egina. “Libre hartuko dut ostirala, sukaldatzeko. Hamabi ordu inguru emango ditut horretan eta, larunbatean, eguerdi aldean egingo dut sua kanpoan, arratsaldeko bostak inguru hasiko da jendea ailegatzen eta 18:30ak bueltarako hasiko gara afaltzen”. Gonbidatuek, baina, postrea eta edariak eramango dituzte, belura arte iraun ohi duen jai horretan ezer ere falta ez daiten.
Horrelako jai batean ulergarria da musika talderik ez izatea baina euskal musika jarriko dutela aurreratu du antolatzaileak. Hala ere, eguraldiari so ibiliko dira larunbata bitarte, “euria egiten baitu plana aldatu edota, agian, bertan behera utzi beharko dugulako, gure etxean ez baita jende guztia sartzen. Baina ez dezagun horretan pentsatu!”, bukatu du, baikor, Zengotitabengoak.