euskal diaspora eta kultura
2010/10/14
PUBLIZITATEA
Agoitz, Nafarroa. Zanpantzarra edo Joalduna euskal tradizioko pertsonaia da eta urtarrilaren azken asteburuan Inauterien heldueraren berri ematen du joareak astinduz. Jatorriz Nafarroako Ituren eta Zubietako herrian sortuak, azkenaldian Euskal Herriko hainbat herrietan ere sortu dira zanpantzar taldeak. Agoizkoak Argentinara joango dira datozen asteetan, hango euskal komunitateari ohitura hau erakusteko.
Urriaren 30ean Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean eta Eusketxen ariko dira. Ondoren, azaroaren 5, 6 eta 7an Mar del Platan, 2010eko Euskal Astea ospatzen Argentinako ehunka euskaldunekin batera. Argentinan zanpantzar talde bat ikusten den lehendabiziko aldia izango ei da, taldeko arduradunen arabera, eta bertakoak harrituko dituzten itxaropena dute.
Buenos Airesetik Agoitzera
Bidaia posible egin duen euskal argentinar konexioa, taldeko sortzaileetako bat izan zen Iñaki Antolin Astigarragaren eskutik dator. Argentinan jaioa, San Isidro herrian, Iñaki Buenos Airesko Laurak Bat elkartearen inguruan hazi zen. Aitaren familia altsasuarra eta amarena hondarribiarra ditu eta duela bederatzi urte Europara etorri behar izan zuen, corralito-aren krisia dela eta.
'Hona heldu nintzenean desengainu txiki bat izan nuen', gogoratzen du. 'Hemen euskaldun izatearen sentipena ez dela berdina ikusi nuen, han oso indartsu mantentzen da eta'. Agoitzera heldu zenetik Buenos Airesen dantzan, euskaraz eta pilotan ikasi zuen argentinar honek bere ekarpena egin zion herriko euskal kulturari, Angiluerreka elkartetik. Kultur talde honetan dantzariak, fanfarrea, buruhandiak... eta, duela hiru urte, Joaldunak ere daude.
'Lapiko-jotzea' Buenos Airesen
Hasieratik Iñakik 'hango' istorioak kontatzen zizkien taldeko kideei (15 lagun dira egun), Argentinako euskaldunei buruzkoak, eta azkenean aurtean aspaldiko ametsa betetzeko erabakia hartu eta bidaia antolatu dute, nahiz eta laguntzarik ez duten jaso. 'Buenos Airesko kaleetan ezusteko galanta hartuko dute ikusten gaituztenean, 'lapiko-jotze' edo cacerolada bat garela pentsatuko dute agian', dio barrez Iñakik. Hori bai, taldeko kideak ere zur eta lur geldituko direla uste du: 'Euskal Astean 800 dantzari batera ikusten dituztenean aluzinatu egingo dute, ez dute ezta imajinatu ere egiten han euskal nortasuna zein indartsu gordetzen dugun'.
Taldea Argentinan izango da azaroaren erdialdera arte eta emanaldi gehiago egiteko prest agertu dira, aldez aurretik antolatzeko aukera egongo balitz. Bidaiaren esperientziarekin dokumental bat egiteko asmoa dute, datorren urtean, Angiluerrekaren 25. urteurrenean, estreinatzeko. Argentinako taldeekin harremana sakontzea ere dute helburu, datorren urtean argentinar talderen bat Agoitzera gonbidatu eta horrela hango eta hemengo euskaldunen artean zubi bat sortzeko asmoarekin.
[Oharra: Artikulu honetan, lehenengo idazketan, 'Agoitzko Joaldunak' izena ezarri genuen, honelaxe idatzitako kartela edo afixa helarazi baitziguten Buenos Airestik, "(sic)" marka ipini geniolarik 'Agoitzko' izen hori ikusirik; hala ere, geroztik 'Agoizko Joaldunak'era itzultzea erabaki dugu, hau delarik taldeak ere erabiltzen duen izen zuzena. Barkatu eragozpenak]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus