Berlin, Alemania. Jose Antonio Agirreren oroitzapena Berlingo kaleetara itzuli zen joan den astean, 1941an bertan eman zituen hilabeteak gogoan. Orduan Jose Alvarez Lastra izena erabiltzen zuen Agirrek, nazien hiriburuan denen begibistan izkutatu. Iragan asteazkenetik ostiralera, aldiz, bere izena hitzetik hortzera ibili zen "Agirre in Berlin" jardunaldietan.
Ekitaldiak asteazkenean hasi ziren, Iñaki Goiogana historialariaren hitzaldi batekin, euskaldunek Europaren sorreran izan zuten parthartzeari buruzkoa. Ostegunean, "The International Legacy of Lehendakari Agirre's Government" mintegiak hartu zuen lekukoa. Mintegia hau Etxeparek, Leipzigeko Unibertsitateak eta Renoko CBSek antolatu zuten eta Humboldt Unibertsiatean egin zen.
Mitoaz haratago
"Mintegiaren helburua 2016ko Agirreri buruzko ikerketen harira, haren pentsamenduaren gaurkotasuna erakustea zen", agertu dio EuskalKultura.com-i Etxepare Euskal Institutuko Mari Jose Olaziregik. "Agirra mitoaz haratago aztertu nahi izan dugu", gehitu du.
Halatan, hizlariak Agirreren eta erbesteko euskal gobernuaren hainbat alderdi jorratu zituzten: Agirreren konexio europarra, Vatikanoarekin harremanak, Europan barrena ihesi ibili zeneko esperientzia, Euskadiko gobernuaren alde jarri ziren militarren jasan zuten errepresioa, edo Euskadin gerra zibilaren ostean egon zen genozidioa. "Mintegi oso solidoa izan da, eta ikuspuntu berriekin; esaterako, Xabier Irujok genozidio kontzeptua erabili du euskaldunen gerra osteko jazarpena aztertzeko", azaldu du Olaziregik.
Artea eta politika
Ostiralean Berlingo Euskal Etxeak antolatutako "Agirre in the Arts" mintegian gerra eta erbesteak euskal sortzaileengan izan zuen eragina jorratu zuen. Esaterako, gerrak Balenciaga eta Paco Rabanne euskaldunen ibilidean izan zuen eragina, Gernikako Bonbardaketa nola islatu zuen arteak, gerra zibilari buruzko euskal literatura... izan ziren bertan aztertu ziren gaietako batzuk.
Horrez gain, Kirmen Uribe idazleak bere hurrengo eleberriaren nondik norakoak azaldu zituen. Liburuak garai haietan bizi izan zen emakume apart baten bizitza du oinarri.
"Mintegiak lortu du publikoa erakartzea, eta oihartzun zabala izan du Alemaniako eta Euskal Herriko medioetan", azaldu du Berlingo Euskal Etxeko kide Unai Lauzirikak. "Horrez gain, Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinen ekitaldian Gorki antzokiko aretoa beteta egon zen", gehitu du.
Mapak eta argitalpenak
Egunotan egindako eta aurkeztutako lanak sarean geldituko dira, Euskal Etxeak egin duen Agirre in Berlín webgunean Agirreren Berlingo ibilbideen mapak eta haren egutegien alemanerazko itzulpena eskuragarri izango direlako.
Bestalde, Renoko Unibertsitateak "The International Legacy of Lehendakari Agirre's Government" mintegiaren jardunaldi guztietako ponentziak liburu batean bilduko ditu (mintegia Renon hasi zen, gero Berlinen izan da eta aurki New Yorken izango da). "Horrela Etxeparek bere helburu nagusietako bat betetzen du, hau da, euskal gaiei buruzko ikerketa zientifikoa sustatzea", adierazi du Mari Jose Olaziregik.
"Bi programa oso osagarri izan dira eta ederki integratu dira", esan du Olaziregik. Hurrengo geltokia New Yorken izango du mintegiak, etzi bertako Columbia Unibertsitatean egingo baita The International Legacy of Lehendakari Agirre's Government" mintegiaren hirugarren eta azken saioa, Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) eta unibertsitateak antolatuta.
Mintegiaren azken saioaren egitarau osoa, gure Agendan.