euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agirre lehendakaria eta bere gobernuaren lan kulturalaren inguruko liburua argitaratu du Hamaika Bide elkarteak

2007/03/20

Erbestean eta Diasporaren laguntzaz Agirre lehendakariak (argazkian, eserita, erdian)egindako lan kulturalaren berri ematen du argitaratu berri den liburuak
Erbestean eta Diasporaren laguntzaz Agirre lehendakariak (argazkian, eserita, erdian)egindako lan kulturalaren berri ematen du argitaratu berri den liburuak

PUBLIZITATEA

'Jose Antonio Agirre: Proiektu kultural bat' izeneko liburua plazaratu du Hamaika Bide elkarteak. Liburuan Jaurlaritzaren aurreneko Lehendakaria izan zenaren lan ‘ez politikoa’ aztertu nahi izan dute egileek. Horretarako erbestean eta Diasporarekin harremanetan egindako hainbat lan eta ekimenen berri aztertu eta bildu dituzte dituzte argitalpen honetan. Sei egile ezberdinek hainbat alor jorratuta, Agirre lehendakariaren ikuspegi berri bat eman nahi izan dute egileek.
'Jose Antonio Agirre: Proiektu Kultural bat' da Hamaika Bide Elkarteak argitara eman duen izenburua. Liburu honetan 2004ean egin ziren izen bereko jardunaldien edukia bildu du Saturraran Argitaletxearen bidez Hamaika Bidek. Izenburuak argi uzten duenez Jose Antonio Agirreren ekimen politikoa baino jarduera kulturala aztertu nahi izan dute. Lana Edurne Muñozek koordinatu du eta sei atal nagusitan banatu, beste hainbeste egileren eskutik, aurreneko Jaurlaritzako lehendakariaren alderdi ezezagunak mahaigaineratu nahirik. Liburua Euskal Herriko eta Espainiako hainbat liburudendetan eta internetez ere eros daiteke.

Sei atalek osatzen dute 'Jose Antonio Agirre: Proiektu kultural bat'. Horietako bik Agirre pertsona gisa ezagutzeko bidea ematen digute: bat Lartaun de Egibarrek egina da, Agirreren idazkaria izandako Secun de Urrutia iturritzat hartuta, eta Edurne Muñozek berak osaturiko biografia bestea. Muñozek Agirreren izkribuak erabili ditu bere atala prestatzeko. Xabier Apaolaza filosofoak, berriz, agintariaren ideologia bere testuinguruan jarri du ‘Pentsamendu eta Ideologia Agirreren belaunaldia’ izena duen artikuluan.

Jaurlaritzaren kultura ekimena ahaztuta

Liburua osatzen duten gainontzeko hiru artikuluek Lehendakariaren lana dute hizpide. ‘Batez ere, erbestean eta Diasporarekin harremanetan egindakoa’, zehaztu dio Jose Ramon Zabalak, liburuaren egileetako batek, EuskalKultura.com-i. Renoko Unibertsitateko irakasle Xabier Irujok aztertu du erbesteko Euskal Gobernuak Parisko Marceau kaleko egoitzatik, beraz, 1938tik 1940ra, finkatutako politika kulturala, azpimarratuz azkeneko hau zeharo baztertuta gelditzen dela Jaurlaritzaren inguruko ohiko lanetan.

Jose Ramon Zabalak berak idatzi du Agirreren bibliografia aztertzen duen lana. Agirrek idatzitakoak ez ezik, berari buruz idatzitakoak ikertu nahi izan ditu Zabalak. ‘Zenbat lan dagoen egiteke ikusi ahal izan dut’, adierazi du egileak eta gaineratu duenez, ‘gaur egun osotzat ezagutzen dugun Agirreren lana ez da hain osoa’, eta inoiz ‘bere obra osoa biribildu eta bete egin beharko da’.

Agirreren Historia osorako asmoa

Liburuak biltzen duen artikulurik berritzaileenetako bat Lehendakariak Euskal Herriko Historia osatzeko zuen asmoari buruzkoa da. Maria Luisa San Miguelek idatzi duen atal honek 'pertsonaiaren soslaiari ekarpen handia egin dio'. San Miguelen esanetan Agirrek Euskal Herriko Historia bat osatzeko asmoa zeukan baina honek ez zuen inoiz argia ikusi Ildefontso Gurrutxagaren gomendioz. Gurrutxaga garaiko historiagile prestigioduna izanik, berme akademikoen faltan lana ez argitaratzea gomendatu zion Jaurlaritzari.

Zabalaren esanetan hainbat alor gelditu dira jorratuta eta liburuan sartu gabe, tartean garaiko errepublikanoek Agirreri buruz zuten iritziari buruzko lan bat. Bestalde, Agirreren nazioarteko dimentsioa ere kanpoan gelditu da. Ez da ahaztu behar Euskal Herrian eta Diasporan ez ezik, nazioartean ezaguna eta baloratua izan zela Agirre, Kristau Demokraziaren sorreran eragile garrantzitsu gisa. Zabalaren esanetan liburu hau 'egokia da Euskal Herriko zein Diasporako irakurleentzat', ‘gure historiako pertsonaia garrantzitsu honen beste ikuspegi bat ematen baitu'.

Hamaika Bide 'euskal erbesteen ezagutza eta ikerketa bultzatu nahi duen elkartea' da eta helburu horri laguntzearren bere ekimenen zerrendan liburuak argitaratzea, ikerketak eragitea eta kongresuen antolatzea aurki dezakegu. Hain zuzen ere, Agirreren inguruko lan honen zergatia azaltzeko, helburu horiexek aipatzen ditu Hamaika Bideko Jose Ramon Zabalak. Bere hitzetan, ‘Agirre lehendakariaren irudia fosilizatu egin da, eta haren lanaren eremu politikoa besterik ez da aipatzen’.


Lotura interesgarriak

Jose Antonio Agirre
http://eu.wikipedia.org
www.puntubi.com

Hamaika Bideko José Ángel Ascunce-ri egindako elkarrizketa
www.euskosare.org-en

Hamaika Bidek 'Los Hijos del Exilio Vasco' argitaratu du
2004ko abenduaren 27an EuskalKultura.com-en argitaratua.

Euskal Erbestea eta Unibertsitatearen inguruko kongresua
2006ko abenduaren 12an EuskalKultura.com-en argitaratua.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia