euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agirre Lehendakaria Center egitasmoari buruzko hitzaldia emango dute etzi New Yorkeko Euzko Etxean

2013/07/04

Agirre Lehendakaria Center-aren webguneko azala
Agirre Lehendakaria Center-aren webguneko azala

PUBLIZITATEA

Iragan martxoan aurkeztu zen ofizialki Agirre Lehendakaria Center (ALC), gizarte zientzien esparruan kokatzen den diziplinarteko ikaskuntzen zentroa. Bere helburua, besteak beste, euskal gizartearen eraldaketa sozio-ekonomikoaren eredu arrakastatsua zabaltzea eta partekatzea da. Ekimenaren sustatzaile dira Euskal Herriko Unibertsitatea, Washingtoneko George Mason Unibertsitatea eta New Yorkeko Columbia Unibertsitatea. Azken honetan irakasle izan zen Jose Antonio Agirre lehendakaria, New Yorken erbestean eman zituen urteetan (1941etik 1946ra). ALCko arduradunek ekimenari buruzko aurkezpena emango dute larunbatean Euzko Etxean.

New York, AEB. Agirre Lehendakaria Center-i buruzko aurkezpena egingo da etzi New Yorkeko Euzko Etxean, egitasmo honek sustatzen dituen proiektu eta ikerketen berri emateko. Bertan izango da, besteak beste, Amaia Agirre, zentroaren sustatzaile eta lankideetako bat, eta Agirre lehendakariaren iloba.

"Familiak beti izan du harremana hiri honekin eta, batez ere, diasporarekin", azaldu dio Amaiak EuskalKultura.com-i."Kontutan izan behar da Agirre familiaren parte handi bat Euskal Herritik kanpo ibili zela garai haietan, beraz, badakite zer den erbestean bizitzea. Gaur egun egoera bestelakoa da, gure generazioak ez du kanpoan derrigortua bizi behar izan, baina Ibarretxe Lehendakariak dioen bezala, katea ez da eten".

Euskal Kasua

Juan Jose Ibarretxe da, hain zuzen ere, ekimenaren sustatzaile nagusienetakoa. Azken urteetan Columbian eta George Mason unibertsitateetan irakasle eta ikertzaile lanean aritu da Ibarretxe, eta lan honen emaitzatzat 2012an “The Basque Case: A Comprehensive Model for Sustainable Human Development” ikerlana argitaratu zuen.

"Proiektuari jarraipena ematean interesatuta, elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute unibertsite hauek, Ikerkuntza Programa Iraunkor bat abian jartzeko, “Lehendakari Agirre Program” izenekoa, hain zuzen ere. Eta bertan sartzera gonbidatu dute Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea", adierazi du Amaiak. Elkartruke eta ekimen horietatik sortu zen Agirre Lehendakaria Center (www.agirrecenter.com), eta iragan martxoan aurkeztu zen ofizialki.

Gizarte eraldaketa

ALC-ren lan esparrua hobeto azaltze aldera, Amaia Agirrek Euskal Herriaren historiari heldu dio: "70eko hamarkadaren amaieran, Euskadi berrogei urteko diktaduraren garaitik irteten ari zen, epe honetan euskal kulturaren edozein adierazpen erreprimitu zelarik. Une hartan, Euskadi krisi ekonomiko larria pairatzen ari zen, %30 inguruko langabezia-tasa zuela; gainera, bere nazioarteko irudia zuzen-zuzenean indarkeria terroristari lotua zegoen. Zirkunstantziak zirkunstantzia, Euskadik bere ekonomia modu solidarioan eraldatzea lortu du, nazioarteko ranking-etako liderren artean egotera iritsiz osasunean, hezkuntzan eta per capita errentan. Gaur egun, euskal enpresa eta erakundeek presentzia handia dute nazioartean eta euskal kultura modernotasunari lotua dago".

Gizarte eraldaketa hau posible egin duten erabaki estrategikoak aztertzea eta mundurantz proiektatzea, eta antzeko erronkei modu berritzailean erantzun nahi dieten munduko beste herrialde eta eskualde batzuekin partekatzea, horixe da ALC-ren helburua, Amaia Agirreren esanetan. "Columbia Unibertsitateari bi gauza interesatu zitzaizkio; alde batetik, azken 40 urte hauetan egindako lorpenen ikerketa; batez ere kontutan izanda, indarkeria terrorista tartean izan dugula. Horrelako egoera batean normalena da herri batek atzera egitea eta guk erabat aurkakoa egin dugu, esan du Agirrek.

Lotura emozionala

Amaia Agirrek Gatazken Ebazpenen arloko formazio akademikoa du, baina onartu du horrez gain ekimen honekiko lotura emozional berezia duela: "Agirre Lehendakaria nire aitita zen. Berak defendatutako hainbat balore berriro ere gaurkotu nahiko nituzke, baina batez ere bat: berak nolabait euskaldun guztiak bat egitea lortu zuen, nahiz eta pentsamendu desberdinak eduki, eta hori da gaur egun ikaragarri faltan botatzen dudana". 

Euskal Herrian lortutako aurrepausoak handiak izan badira ere, bide horretan jarraitzeko tresna gisa ikusten du Agirrek ALC. "Behar bada, orain arte gauzak ongi egin ditugu, baina horrek ez du esan nahi harrokeriz jokatu behar dugunik; lanean jarraitu behar dugu, oraindik gauza asko ikasteko eta hobetzeko baititugu. Gainera, garai polit batean sartzen ari gara, biolentziarik gabeko garaia, eta momentu hau ez genuke desaprobetxatu behar. Gaur egungo krisi egoera kontutan izanik, niretzat ekimen honek etorkizunari begiratzen dio, eta hainbat elementu uztartzen ditu horri gogoz aurre egiteko. Proiektu zirraragarria da", amaitu du.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia