Bilbo, Bizkaia. Agirre Lehendakaria Center Fundazioak (ALC) bere 10. urteurrena ospatu du. Hala egin zuen Bilboko Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan joan den martxoaren 29an. Ekitaldira Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta bertako eta nazioarteko kolaboratzaileen sareko hainbat pertsona bertaratu ziren.
Agirre Lehendakaria Center Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta New Yorkeko Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetza-proiektu gisa sortu zen, eta garapen sozial, ekonomiko eta politiko harremanak sustatzera bideratutako ikerketa sustatzea du helburu, eraldaketa sozioekonomikoaren eta giza garapen iraunkorraren euskal eredua oinarri hartuta. Fundazioak lehenengo lehendakariarengandik hartzen du izena, Columbiako Unibertsitatean irakasle izan baitzen AEBan erbesteratu zenean.
10. urteurreneko ekitaldian, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak adierazi zuen balioa eman behar diogula euskal gizarteak bultzatutako giza garapenaren ereduari, baina autokonplazentzian erori gabe. Azpimarratu zuen, Euskal Herria egunero politikoki, sozialki eta ekonomikoki pentsatzen eta eraldatzen jarraitu behar dugula. Urkullu lehendakariak, bere aldetik, Giza Garapen Iraunkorraren Euskal Ereduaren balioa berretsi zuen, Agirre Lehendakariak aldarrikatutako humanismoaren, justizia sozialaren eta giza eskubide printzipioen araberako eredu gisa. Baietsi zuen Ibarretxe lehendakariak eta bere lantaldeak bultzatutako proiektua bere helburuak betetzen ari dela.
Fundazioa, haren proiektuak, lan-metodologia eta munduko hainbat lekutan garatzen dituen gizarte-berrikuntzako plataformak hurbilagotik ezagutzeko, hona euren webgunea: https://www.agirrecenter.eus