euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agate Deuna Diasporan ere, Boisen, Madrilen, Valentzian... baita gaur Alacanten ere HEOeko euskara ikasleen eskutik

2023/02/06

Santa Agedako kantariak joan den astelehenean Boiseko Euskal Etxearen kanpoaldean kantari
Santa Agedako kantariak joan den astelehenean Boiseko Euskal Etxearen kanpoaldean kantari

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Atzo ospatu zen Euskal Herriko hainbat herritan Agate Deuna edo Santa Ageda. Eta ohiturari jarraiki koplak kantatu ziren etxez etxe edo kalez kale, makilekin lurra astinduz, "Zorion, etxe hontako denoi, oles egitera gatoz, aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz" kantaturik. Diasporan ere kantatu zen, esaterako Boisen, Madrilen, Valentzian, eta leku gehiagotan, eta gaur bertan kantatuko da Alacanten, azken kasu honetan bertako Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara ikasleen eskutik.

Boiseko euskaldunak izan ziren goiztiarrenak, joan den asteko astelehenean Santa Ageda ospatzen. Hiriko Euskal Museoan ipini zuten hitzordua zazpietan, lehenik tradizioa azalduz eta esanahia freskatuz, ondoren entseatzeko eta azkenik kaleetara ateratzeko: Basque Blockera hasteko, Bardenay garagardotegira gero, segidan Euskal Museoko parte den Jacobs-Uberuaga etxe aurrera, Euskal Etxe aitzinera, eta baita urrunago ere, eguraldia ia ezin hotzagoa bazen ere, egunerako iragarpenak minus gradu bateko maximoa eta minus hamalauko minimoa, Celsius, iragarri baitzuen. Boisen bertan, baina ostegunean eta beroago, Ikastola barruan, goizeko hamaiketan, euren makila eta kantuez ospatu zuten baita ere Boiseko Ikastolako haurrek, kasu honetan Pirritx eta Porrotxen "Oles, oles, lurra esna zaitez!" ere entseatu zutela.


Boiseko Santa Agedako kantariak ibilbidearen azken partean 'Ongi Etorri' seinalearen azpian


Boiseko Ikastolako haurrak joan den ostegunean Santa Ageda ospatzen

Euskal ohiturak izan zuen segidarik baita ere, bertako ohitura bihurtu duten Madrilgo Euskal Etxean, hemen larunbatean, Santa Ageda egunaren bezperan bertan. Aurreko egunetako entseguen ondotik, taldexka polita atera zen, EEko abesbatzako kide eta lagunak kantari eta bertako Txistulari Taldearen babesarekin, ibilbidea, ohi bezala, inguruko, alegia Madril erdiguneko kaleetan barrena eginez, San Nicolas plazako Txoko-Zar-etik abiatu eta Hiriko Plaza, Plaza Nagusia, Santa Ana Plaza, Zerain jatetxea Quevedo kalean, eta Euskal Etxearen egoitzan amaituz, egunari dagozkion usadiozko arropez jantzita.

Valentzian, hiriko Laurak Bat Euskal Etxeak, larunbatean bertan egin zuen ospakizuna. Hitzordua, elkartearen egoitzan, zazpietan baita ere eta ezinbesteko "Zorion, etxe hontako denoi!" kantatuz, makilekin baita ere, eta pintxo-potea gehituz. Ondoko Alacant-en, hiriko Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara ikasle-irakasleek gaur astelehenerako egin dute deia, hemen ikasleak eta jendea biltzera deituz Eskolaren sarrerara arratsaldeko sei t'erdietan.

(zeure euskal etxe edo euskal taldearen jardueren berri eman nahi baduguzu, aski duzu info@euskalkultura.eus helbidera idaztea)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia