euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Afaria gaur Liman hiriko Euskal Etxeak eskainia Cuscon egingo den 2024 Munduko Mus Txapelketaren atarian

2024/10/17

Euskadiko eta Mexikoko ordezkaritzak Munduko Mus Txapelketara abiatzeko prest (argazkia EEaren Facebook)
Euskadiko eta Mexikoko ordezkaritzak Munduko Mus Txapelketara abiatzeko prest (argazkia EEaren Facebook)

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. 2024ko Munduko Mus Txapelketan parte hartuko duten nazioarteko ordezkaritzak iristen ari dira jadanik Peruko hiriburura, eta bertako Euskal Etxeak ongietorri afaria eskainiko die gaur, bihar azken helmugara abiatu baino lehen. Taldeak ostiralean bidaiatuko dute Urubamba Haranera eta Cuscora han jokatuko baita Txapelketa, urriaren 19tik 27ra bitartean.

Euskal Gizataldeen arteko Munduko XLV. Mus Txapelketa 2024ko urriaren 19tik 27ra egingo da Peruko Cuscon, sarrera aurre-ekitaldi batzuekin Liman

Juan Raul Noblecilla Limako Euskal Etxeko lehendakariak ongietorri gutunean parte-hartzaileei azaltzen dien bezala, Munduko Mus Txapelketa bada nazioarteko ordezkaritza handiena duen euskal ekitaldia. Aurten, Txapelketaren 45. edizioan, Argentina, Australia, Kanada, Txile, Euskadi, Mexiko, Peru, Estatu Batuak, Uruguai, Venezuela, Frantzia eta Nafarroako muslari eta laguntzaileak bilduko dira.

Azken partida urriaren 26an

Txapelketaren egitarauari dagokionez, lehen partidak urriaren 20an izango dira, arratsaldez, eta egunero jokatuko dira bi-lau partida larunbat arte, asteazkenean izan ezik. Izan ere, asteazkenean (urriak 23) libre izango dute muslariek eta laguntzaileek Machu Pichu bisitatu ahal izateko. Azken partida urriaren 26an jokatuko dute, larunbatean, eta egun berean sari-banaketa eta agur-afaria izango dira. Egitarau osoa, hemen.

Limako Euskal Etxeak ibilbide luzea du mus munduan. Mercomus txapelketaren antolatzaile eta irabazlea izan zen 2017an eta askotan hartu du parte munduko txapelketan. “Orain antolatzaile izatea tokatzen zaigu, gure lehen aldia da eta gure onena emango dugu”, adierazten dute Euskal Etxetik. Peruko bihotzean, berrogei bat muslarik –eta haien laguntzaileek– karta-joko tradizionalaz eta euskal kulturaren hainbat adierazpenez gozatzeaz gain, Peruko leku garrantzitsuenak bisitatzeko aukera izango dute.

Limako Euskal Etxeak bere sare sozialetan argitaratuko ditu Txapelketaren berriak,

-Facebook-en, Euskaletxea Centro Vasco
-Perú Instagramen, euskaletxea_lima

HONA PARTAIDEAK

- Argentina: Pablo Nanni (delegatua) Mariano Iribarne Edgardo Ratto (muslariak)
- Australia: Irene Sanjurjo, Xanti Izal (muslariak)
- Kanada: Frank Echart (delegatua), Frank Altuna, Teodoro Ruiz (muslariak)
- Txile: Juan Carlos Lago (delegatua) Jorge Oyarzun, Fermin Sarratea (muslariak)
- Euskadi: Gabriel Pérez (delegatua) César Rasines, Aitor Tolosa (lehen bikotea), Edorta Conde, Guillermo Acebo (bigarren bikotea)
- Frantzia: Ttotte Elgue (delegatua) Alain Vergez Mattin Plattier
- Mexiko: Julen Ruiz de Azua (delegatua),  Isidro Mendiburu, Juan Jose Echenique (muslariak)
- Nafarroa: Juan Jose Cobos (delegatua) Alberto Lizar Carlos Gómez (muslariak)
- Estatu Batuak: Pierre Etcharren (delegatua) Nick Vizcay Tony Espinal (muslariak)
- Venezuela: Jose Miguel Larrañaga (delegatua). Mariano Larrañaga, Fernando Blanco (muslariak)
- Peru: Julen Meneses (delegatua) Eugenio López, Víctor López (lehen bikotea), Juan José Meneses, Iván Huerga (bigarrena)
- Uruguai: Rosa Querejeta (delegatua), Oscar Bignotti, Leonel Pérez (muslariak)



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia