euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko argazki, dantza eta kantuekin jantzi zuen Hegoalde Argentinarra EEak I. Urteurren Jaia

2008/06/23

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen lehen urteurrena ospatzeko afarian berrehun pertsona baino gehiago bildu ziren (argazkia Hegoalde Argentinarra EEa)
Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen lehen urteurrena ospatzeko afarian berrehun pertsona baino gehiago bildu ziren (argazkia Hegoalde Argentinarra EEa)

PUBLIZITATEA

Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen I. Urteurren Jaiak berrehun kagun inguru bildu zituen, jarduera egitaraui mardulaz gozatzeko prest: euskal gastronomia, Euskal Herriko argazki emanaldia, dantza ikuskizuna, euskal kantak eta zozketak, besteak beste. Zentroko zuzendaritza batzordeak Euskal Etxearen egoitzaren irekiera iragarri eta datozen asteetan egingo diren jarduerak aurkeztu zituen, horien artean, Euskararen Eguneko afaria. Afari honetan Euskal Herria bisitatzeko bi bidai zozketatuko dituzte.

Rio Gallegos, Argentina.  Arizmendik eta Zayasek prestatu zuten Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen lehen urteurrena ospatzeko afaria eta berrehun pertsona baino gehiago bildu ziren bertara. Euskal gastronomia izan zen menuaren ardatza: garbantzuak, tortilak, pintxo tradizionalak, natillak, arroz-esnea eta sagar erreak.

Jaialdiko antolatzaileek Euskal Herriko argazki eta irudiak eskaini zituzten telebista pantaila erraldoi batean eta Rodrigo Chabarri dantzariak aurreskua dantzatu zuen. Jarraian, partaideek atsegin handiz hartu zuten 'Bidela' taldearen ikuskizuna eta Fernando Zurutuzak eta Susana Moyanok, Argentinako zanba dantzaririk onenak, dantza erakustaldia eskaini zuten.

'Aurreneko Urteburu Jaialdia' Hegoalde Argentinarra EEan4
[Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen lehen urteurrena ospatzeko antolatutako jaialdian parte hartutako lagunen irudia]

Datozen asteetako jarduerak

Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeak lehen urtean egindako lan garrantzitsua eskertu ondoren, Liliana Victoriak, zuzendaritza batzordearen izenean, Euskal Etxearen egoitzaren irekiera iragarri zuen. Datozen hilabeteetako jaruderen artean, Euskara Tailerra, Euskal Herriko Dantzak eta Historia ikastaroa  eta Euskararen Eguneko afaria azpimarratu zituen. Azken honetan Euskal Herria bisitatzeko bi bidai zozketatuko dituzte partaideen artean. Hitzaldia amaitzeko Liliana Victoriak bertako euskal komunitatea osatzen duten kideei eskerrak eman zizkien oso denbora gutxian egindako lanagatik eta elkarteko kideen artean sortu den harreman estuarengatik.

Jaiari bukaera emateko zozketa bat egin zen eta ondoren Mus tailerreko sari banaketa egin zen,  Luis Horacio Landaburu eta 'El Vasco' Elizarraga muslariak sarituz. Mario Aramburu–Cesar Toti Arizmendi musika bikoteak Diasporako euskaldunei euskara ikasteko gonbitea egin zieten euren musikarekin. Euskal Etxeko kide guztiek 'Guk euskaraz, zuk zergatik ez?' abesti ezaguna kantatzeko aukera eduki zuten, Hegoalde Argentinarraren lehen urteurreneko festari amaiera emanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia