Lazkao, Gipuzkoa. Taldea atzo iritsi ziren hegazkinez Loiura Estatu Batuetatik, bertara helarazitako autobus batez hurreratzeko Lazkaora, herriko plazan zazpietan baitzen egitekoa harrera-ekitaldia eta bakoitzak programak iraungo dituen hiru asteetan abegia emango dion familia goierritarra ezagutzea, ondoren familia berriaren etxera joan eta gaur astelehena Maizpide Euskaltegian hasiera emateko Ateak Ireki 2023ren programako lehenengo lanegunari.
Joan den astean argitara emandako artikulu honetan eman genuen Ateak Ireki 2023 programa eguneratuaren berri, ilusio-sustatzaile eta, diaspora osoari baina bereziki AEBkoari dagokionez bide urratzaile den programa. Ekimenak itxaron behar izan du, berez 2020erako prestatuta bazegoen ere, Covidaren pandemiak bete-betean harrapatu baitzuen, guztia prest eta abiatuta, partaideak hautatuta eta ilusioak eta etxeko lanak eginda, baina... bertan behera utzi behar izan zen.
Oraingoan bai, hemen dira hiru astez Euskal Herrian, bertako familia euskaldunetan lo eginez, eta euskal kulturan murgiltzeko programa trinko bateko parte egongo diren AEBko euskal komunitateetako 18 eta 25 urte arteko 37 gazteok. EHko antolakuntzakoez gain, AEBko bi begirale ere izango dituzte laguntzaile, hauek ere gazteak, Mikaela Goicoechea wyomingdarra eta Anne-Marie Chiramberro sanfrantziskotarra. Gogora dezagun euren eguneroko programa, klaseak, bisitak eta aisialdia uztarturik.