euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBra abiatu dira egileak 'Txipli Txapla Pum' gaur estreinatzeko New Yorkeko Euzko Etxean, eurekin kontaktatu nahi?

2023/06/24

"Txipli txapla pum Amerikatik, a Basque story from USA"ko New Yorkeko eta Washington DCko emanaldien berri
"Txipli txapla pum Amerikatik, a Basque story from USA"ko New Yorkeko eta Washington DCko emanaldien berri

PUBLIZITATEA

New York, AEB. "Txipli txapla pum Amerikatik, a Basque story from USA" dokumentala estreinatuko dute gaur New Yorken. Horretarako atzo heldu ziren Euskal Herritik proiektuko arduradunak, Amaia Hormaetxea eta Endika Basaguren, oraingoan laguntzaile alaba Paula Basaguren Hormaetxea dutela. Bigarren emanaldi bat datorren astean eskainiko dute Washington DCn, Georgetown Unibertsitatean, eta bertatik Miamira abiatuko dira. Emanaldiekin batera, hiru lekuetan elkarrizketak grabatu eta materiala bilduko dute. Norbaitek kontaktatu eta parte hartu nahiko balu, endikabasaguren@hotmail.com helbidera idatz dezake.

Aurreneko emanaldia New Yorkeko Euzko Etxean izango da, larunbat honetan, ekainaren 24an, 19:00etan (gogora dezagun Europako estreinaldia maiatzaren 11ean egin zela Durangon eta New Yorkeko hau izango dela iaz AEBko euskal komunitateetan grabatutako dokumentalaren AEBko estreinaldia). Ondoko bi egunetan ekintza txikiak grabatuko dituzte Etxeorratzen Hirian eta bertan bizi diren euskaldun batzuekin eta euskal kulturarekin zerikusia daukaten jende batzuekin elkartuko dira, Endika Basagurenek EuskalKultura.eus-i adierazi dionez.

Emanaldiekin batera grabaketa berriak

"Aurten gauza oso sinple bat egingo dugu", azaldu du, "izan ere, euskarazko testuen irakurketa laburrak grabatuko ditugu bisitatuko ditugun hiriotako leku esanguratsuetan, New Yorken, Washington DCn eta Miamin, eta baita elkarrizketa motako galdera soil batzuk ere, besteak beste Yerai Diaz Ikaran, Elisabeth Macklin, Guillermo Zubiaga, Isabel Lucas Lasheras-ekin-eta elkartuta".

Ostegunean, ekainaren 29an, Georgetown Unibertsitatean aurkeztuko dute dokumentala, lagun dituztela Varun Biddanda eta unibertsitateko Espainiera eta Portugesa Saila (informazioa ekitaldiaz goiko kartelean edo vdb28@georgetown.edu helbidean). 18etan izango da, segidan harrera-saio eta mokadu batzuekin. Jurdana Izagirre eta Sam Zengotitabengoari esker DC aldean bizi diren hainbat euskaldunekin solastuko dira, Basque Trade & Investment-en eta Espainiako Enbaxadan lan egiten duten pertsonak tartean.

Euskal kultura mugak zeharkatzen

Miami izango da hirugarren helmuga, eta bertan gauza bera, kasu honetan Mikel Amigorena pilotaria, Aitor Garate eta Esteban Martinez sukaldariak eta beste zenbait lagun elkarrizketatuz eta tokiko materiala bilduz. "Emanaldi eta elkarrizketetatik, posible den material guztia bilduko dugu ikusentzunezko berri bat moldatzeko", argitu digu Basagurenek.

"Txipli txapla pum Amerikatik, a Basque story from USA" proiektua Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila babesle duela ari da garatzen, Estatu Batuetako euskal komunitateak, euskal etxeak eta hainbat euskaldun partaide. Egileek euren esker ona adierazi nahi diete guztiei, "emaitzak guztien arteko lanaren ondorio baitira", esan dute, Diasporan izan dituzten esperientziak gogoan zalantzarik ez dutela "bizi garen mundu gero eta globalizatuago honetan euskal kultura bizirik eta aktibo dagoela, eta mugak zeharkatzen dituela".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia