euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBn bizi zara? 'Ateak Ireki' egitasmoak hiru asteko ikas eta kultur egonaldia proposatzen dizu Euskal Herrian

2023/02/03

"Ateak ireki", 2023ko udarako proposamen paregabea, Estatu Batuetako euskal komunitateko gazteei zuzenduta
"Ateak ireki", 2023ko udarako proposamen paregabea, Estatu Batuetako euskal komunitateko gazteei zuzenduta

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. AEBko 16-25 urte bitarteko gazte bat baldin bazara, ezin duzu aukera paregabe hau galdu. “Ateak ireki” egitasmoak Euskal Herrian 3 asteko egonaldia egitea proposatzen die AEBko euskal komunitateko gazteei, Goierriko familia batekin, euskal kulturan murgilduta. Izena emateko epea otsail hasieran zabalduko da, otsailaren 28ra arte, eta egonaldia, ekainaren 25etik uztailaren 16ra gauzatuko da. Goierriko eta AEBko euskal komunitatearen artean zubiak eraiki nahi dituzte egitasmoaren sustatzaileek eta horregatik euskal kulturan eta komunitatean interes berezia duten AEBko gazteak gonbidatzen dituzte. 

Programa anitza eta oso erakargarria izango da (ikus hemen). Hizkuntzari dagokionez, hiru asteko euskara ikastaroa jasoko dute gazteek Maizpide Euskaltegian (Lazkaon, Gipuzkoan), egun bakoitzean gai berezi bat jorratuz. Goierri eskualdea ezagutzeaz gain, Euskal Herriko hiriburuak bisitatuko dituzte, baita hainbat herri eta leku nabarmen ere. Halaber, adituen eskutik, euskal ohiturak, ogibideak, mitologia, dantza, bertsolaritza, kirola, sukaldaritza, industria eta kooperatibismoa bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du “Ateak ireki”-ren programak.

Proiektuak AEBko eta Euskal Herriko babesleak ditu: NABO, BATZEN (Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika), GOIEKI (Goierriko Garapen Agentzia), Maizpide Euskaltegia, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Babesle hauei esker, Ateak Ireki-n parte hartzea, berez, doanik izango da. Hautatutako parte-hartzaileek joan-etorriko hegaldien kostua bakarrik ordaindu beharko dute, eta norberaren osasun-asegurua. Parte hartzeko, hemen eman behar da izena. Lehenengo esperientzia honetan gehienez 50 bat gaztek hartuko dute parte, eta agian horietako asko etorkizunean diasporako euskal komunitatearen aktibo izango dira.

Animatu eta parte hartu! Eta pasa hitza!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia