New York, AEB. Eusko Jaurlaritzaren Estatu Batuetako Ordezkaritzak deialdia zabaldu berria du Euskadik AEBetan daukan Ordezkaritzaren zerbitzuan jarduteko Enpresa-arloko Arduradun lanpostua hornitzeko. Lan-kontratu finkoko lanpostua da eta New Yorken dauka egoitza, bertako lan-araudiak xedatzen dituen eskubie eta betebehar guztiekin. Goi mailako unibertsitate-titulua eskatzen da, gutxienez bi urteko esperientzia izatea antzeko postu batean eta ingelesa eta gaztelania menderatzea.
Hautaketa-prozesuaren edozein argibiderako, hautagaiak Megan Kelleyrekin harremanetan jarri behar dira hurrengo telefono zenbakira deituz: +1-212-336-6334 edo helbide elektroniko honetara idatziz: megankelley@pagepersonnel.us.
Eskabideak honako eredua erabiliz egingo dira, hiru bide hauetako bat erabiliz: aurrez aurre, Aurrez aurre Page Personnel 622 3rd Avenue, Floor 29, New York, NY 10017 helbidean; posta arruntez helbide berera bidaliz; posta elektronikoz, aurretik emandako helbidera bidaliz.
Eskabideak aurkezteko epea 2021eko martxoaren 16an hasi eta apirilaren 6aren bitartean egongo da zabalik, bi egunak barne.
Honako kideek osatuko dute epaimahaia: Unai Telleria (Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaria), Myriam Larroulet (Kanpo Harremanetarako zuzendari), Jurdana Izagirre (Basque Trade & Investment Agentziaren AEBko zuzendaria) eta Felipe Victoria-k (Euskadiren AEBko Ordezkaritzaren Erakunde-arduraduna).
Izangaiek baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, bi faseko prozesua egingo da, oposizio-fasea eta merezimenduen fasea. Lehenengoa, lanpostuari lotutako eginkizunekin zerikusi zuzena duen ezagutza proba bat, nahitaezkoa eta baztertzailea (30 puntu, gutxienez 15 lortu behar dira). Aurreneko 10 izangaiak bakarrik pasatuko dira. Bigarrenean, elkarrizketa bat izango da, gaitasunak eta trebetasunak ebaluatzeko, eta honen barruan kasu praktiko bat planteatuko da, izangaiek bertatik bertara erantzun dezaten (30 puntu, gutxienez 20 behar dira lortu).
Merezimenduen fase bat ere egon ahal izango da (gehienez 40 puntu). Arlo hauek hartuko dira aintzat:
- Lanpostuari lotutako zereginekin zerikusia duten gainerako titulazioak, masterrak, irakaskuntza edo ikerketa-jarduna: gehienez ere 10 puntu
- Lanpostuari lotutako zereginekin zerikusia duten eginkizunetan izandako gainerako lan esperientzia, gutxienez eskatutako bi urteez gain: gehienez ere 15 puntu
- Euskara jakitea: gehienez ere 10 puntu
- Beste hizkuntza batzuk: gehienez ere 5 puntu
Prozesua burutu eta behin-behineko zerrenda osatu ondoren, epaimahaiak argitara emango du, Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariaren ebazpen bidez, eta 10 egun naturaleko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Ebazpenean izangaiek hautaketa prozesuko fase bakoitzean lortutako puntuazioa agertuko da, eta izangai bakoitza aurrez emandako zenbakiaren bitartez identifikatuko da.
Egitekoak eta betebeharrak, beherago xehetzen dira, baina oro har Euskadiren eta AEBko errealitate politiko, ekonomiko eta administratiboa ongi eta eguneratuta ezagutzea eta harremanak sustatzea, egoerak eta aukerak identifikatzea, proposamenak egitea eta bitartekaritza planak sortu eta aurrera ateratzea, informazioa bideratzea eta lankidetza sustatzea.
Ordainsaria: 70.000 dolar estatubatuar gordin urtean kontzeptu guztien truke. Asegurua, 21 opor-egun urtean. Kontratuaren iraupena: At will offer letter [herrialde horretan zerbitzuak emateko beharrizana desagertuko balitz kontratu harremana desegingo litzateke]
Hau kazetari-laburpena besterik ez da. Baldintza eta ezaugarri osoak hemen topa daitezke.