euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chicagon SPRIk eta orain Euskarrik Philadelphian, laguntza emango diete euskal enpresei AEBetan ezartzeko

2008/10/20

Ana Agirren Industria sailburua Gamesa enpresak Pensylvanian duen lantegian (argazkia Spri.es)
Ana Agirren Industria sailburua Gamesa enpresak Pensylvanian duen lantegian (argazkia Spri.es)

PUBLIZITATEA

Ana Agirre, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak joan den ostiralean bukatu zuen Chicagon AEBtara egin duen bidaia ofiziala, hiri honetako SPRI (Industriako Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua) euskal erakundearen egoitza bisitatuz. Agirrek bidaiaren oso balioespen baikorra egin du, asteartean Philadelphian inauguratu zuten Euskarri bulegoak euskal enpresek AEBetan izan dezaketen zabalkundean izango duen garrantzia azpimarratuz. Agirreren esanetan Euskarri AEBetarako sarbidea izango da hainbat euskal enpresarentzat.

Chicago, AEB. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Ana Agirrek, joan den ostiralean bukatu zuen AEBetarako bidaia ofiziala, herrialde honetan lanean ari diren euskal enpresen beharrak hobeto ezagutu eta babesa emateko asmoarekin. Agirrek SPRIk Chicagon duen egoitza eta Fagor enpresaren lantegi bat bisitatu zituen ostiralean. SPRIren Chicagoko egoitza 2001ean jarri zen abian eta harrez gero euskal enpresen ehun bat ekimen sustatu ditu AEBetan. Kasu gehienetan ekimen hauek merkaturatze bideen bilaketa, produkzio guneen ezarketa eta teknologia arloko transferentziak izan dira.

Chicagoko egoitzatik urteotan garatu duten lanaren oso balioespen baikorra egin da, lehenengo urteetan SPRI-USAren zerbitzuak erabili zituzten enpresa gehienak automozio, makina-erreminta eta etxetresna elektrikoen arlokoak izan zirela azalduz. Azken urteetan energia eta bioteknologia sektoreetako enpresak ere gehitu zaizkie. Bulegoak promozio lanak ere egin ditu, AEBetako merkatuari buruzko jardunaldiak eta akzio komertzialak antolatuz eta industria azokatan parte hartzea bultzatuz.  

Euskarri, AEBetako ataria

Agirre sailburuaren bidaiaren ekitaldi nagusienetako bat Philadelphiako 'Euskarri Basque Business Platform' bulegoaren inaugurazioa izan zen, joan den asteartean. Ekitaldi honetan Agirrerekin batera Pensylvaniako estatu-idazkaria, Pedro Cortés, izan zen. Euskal ordezkaritza osatzen zutenen artean Aitor Sotes, Euskadiko ordezkaria AEBetan; Iñaki Telletxea, Industria eta Teknologia sailburuordea; Mauri Lazkano, SPRIko zuzendari nagusia, eta zenbait euskal enpresari egon ziren, besteak beste. Agirrek adierazi zuenez Euskadik eta Pensylvaniak 'ekoizpen egitura antzekoa' dute eta hori izan da Euskarri estatu honetan ezartzearen arrazoietako bat. Sailburuak Jaurlaritzaren eta estatu honetako gobernuaren arteko harreman onak ere aipatu zituen.

Euskarri honek 400 metro kuadroko egoitza du eta sei bulegoetan banatua dago. AEBetan ezarri nahi duten enpresek Euskarriren laguntza jasoko dute eta hastapenetan euren bulegoa egoitza honetan jarri ahal izango dute. Hiri erdiguneko kale batean dago kokatuta. Philadelphiako Euskarri honekin hiru dira Jaurlaritzak nazioartean ezarri dituen era honetako bulegoak: lehena Poloniako Wroclaw-en ezarri zen eta bigarren Shanghain, Txinan.

SPRIri buruzko informazio gehiago, erakundearen webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia