Reno, Nevada, AEB. Euskal kantari historiko bat hil da Nevadan, ondoko Kalifornian jaiota euskara lehenengo hizkuntza zuelarik naturalki euskaraz kantatzen zuena. Bere lehenengo diskoaren izenburua bezala, 'The Basque Balladeer' [baladazale euskalduna], ere deitzen zioten Louis Irigaray-ri. Estatu Batuetako kantagintzan euskaraz kantatzen zuen artzain gisa aurkezten zuen bere burua Louis Michel Irigaray-k.1970etan goiti baizik ez zuen egin bere karrerak eta 1971ean New Yorken Gary Moore-ren TV programan agertzeak inpaktua sortu zuen eta nazio-mailako oihartzuna eman zion.
Lurrari lotutako moldea zen berea, txikitandik eta artzaintzari eta landa-bizitzari loturiko hurbileko gaiez kantatzen zuen. Euskal errepertorio klasikoko kantu batzuen bertsioak egin zituen, eta hor dira esaterako 'Jaiki, jaiki', 'Bordaxuri' [Galerianoaren kantua], 'Urtso zuria'... Egiazko artzain cow-boya zen, eta berez Kaliforniak, XIX. mendetik gutxienez, euskara ere bertako familien hizkuntza izan duenez, naturalki azaltzen zuen bere euskaltasuna. Euskal eta ez-euskal jaialdietan kantatzen zuen ingelesez, euskaraz edo elebitara.
'Euskal Gaua' (1972) Boisen, Irigaray partaide. Entzuten den bere kantua, Urtso Xuria ("Urtzo Churrio")
Goitik behera bertako lekuko eta garai bateko seme, euskaldun petoa zen, amerikar petoa izatearekin batera. Kalifornian San Joaquin aranean hazia, aita eta ama Baxenabarretik emigratutakoak zeuzkan, Ezterenzubikoak biak, Ezterenzubi Kanponiakoa aita, Michel, eta ama, Ezterenzubi Mendurikoa, Marie. Bi album grabatu zituen, 'The Basque Balladeer' eta 'A Shepherd Sings', 33 rpm-etan, eta baita 45 rpm-ko disko txiki bat ere, The Basque Balladeer izenpean hau ere.
1977an, bere bizitza, inguru eta ibilbidearen lekukotasun idatzia utzi zuen, Theodore Taylor kazetaria lagun 'A Shepherd Watches, a Shepherd Sings' liburu autobiografikoa plazaratu baitzuen. Estatu-azokak, klubak eta euskal festak ere ibili zituen kantari, Kalifornia, Nevada, Idaho, Utah eta Wyoming estatuetan. Hamarkada dira Renora bizitzera pasatu zela. Berriki ebakuntza bat egin zioten eta geroztik ez zuen etxetik sobera atera nahi izan.
Datozen egunetan, familiak elizkizunak iragartzen dituenean, emango dugu haien berri. GB.