euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBko 'Ateak ireki'ko gazte taldeak Nafarroako Jauregia bisitatu du Iruñean eta Ollo kontseilariak egin dio harrera

2023/07/05

Ateak Irekiko (AI) taldea Nafarroako Gobernuan, erdian Ana Ollo sailburua, Sergio Perez zuzendaria eta Iñaki Goirizelaia AIko arduraduna
Ateak Irekiko (AI) taldea Nafarroako Gobernuan, erdian Ana Ollo sailburua, Sergio Perez zuzendaria eta Iñaki Goirizelaia AIko arduraduna

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Gipuzkoako Goierri ardatz dutela ekainaren 25etik aurrera eta Euskal Herrian barrena hiru astez egiten ari diren ikastaldiaren baitan, Ateak Ireki programako gazteak —Estatu Batuetako euskal komunitateetako 18tik 25 urte arteko 37 gazte, euretako hainbat Nafarroaren bi aldeetako emigranteen ondorengoak— Nafarroan barrena ibili ziren atzo eta besteak beste Iruñea bisitatu zuten Sanferminak hasi baino bi egun lehenago, bisitaren baitan Nafarroako Jauregiraino helduz, bertan gobernu nafarraren Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Perez Garciak hartu zituztela, 

Zuzendu zizkien hitzetan, Ollo kontseilariak zorionak eman zizkien euren loturei eusteagatik, funtsezkoa baita, esan zuen, atxikitzea belaunaldi berrietan, Nafarroarentzat egiazko ondare bat baitira. Seguru nago, jarraitu zuen, zuen egonaldiak, eta gure lurraldeko dinamikarekin harreman zuzenean egoteak gure kultura barneratzen lagunduko baitizue, baita geure ohiturak, geure historia eta errealitate soziala ere, zuentzat zein guretzat emankorra izango den lotura emozional bat sustatuz.


Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollo gazte euskal amerikarrei mintzatzen


Gazteak adi Ana Olloren harrera hitzei Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan

Euskara, iraganeko eta geroko lokarri

Ollok azpimarratu zuen euskarak lokarritzat duen balioa, ez baita soilik arbasoekin bategile den aspaldiko iragan bateko parte den zerbait, baietsi zuen, baizik eta egungoa den eta geroa duen altxor bat, erakutsia izatea eta transmititua izatea merezi duena, munduaren punta batetik bestera, inguru globalizatu batean, Nafarroako Gobernuak zabaldutako ohar batean gailentzen duenez.


Kontseilaria solasean aitona Espartza Zaraitzukoa zeukan Gavin Iribarren kaliforniarrarekin

Jarduneko kontseilariak bukatu zuen oroitaraziz Europak ahaldundu, sustatu eta aberastu nahi duela gazteria aukera berriekin eta partaidetza modu berriekin. Zuek, neska-mutiko gazteok ere gazte zarete eta seguru nago aise topatuko dituzuela bilgune eta loturaguneak hemen zuekin arrengurak partekatzen dituztenekin. Zuek bezala geroaren giltza euren eskuetan dituztenekin, eta mundu hobe bat eraikitzeko ardura jasoko dutenekin, amaitu zuen.

Herrialdea bertatik bertara ezagutzen

Harrera instituzionala egin aurretik Ateak Irekiko gazte taldeak Erriberriko Errege-Jauregia bisitatu zuen eta euren programak Iruñeko Alde Zaharra bisitatzea ere bildu zuen. Aste honetan barruan ere Lesaka eta Amaiurko Gaztelua bisitatuko dituzte. Baita Elgorriaga eta bertako Euskal Artzainak Ameriketan Museoa ere. Ikus euren eguneroko programa osoa hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia