euskal diaspora eta kultura
2014/04/17
PUBLIZITATEA
Felix Ibargutxi/Diario Vasco. Pedro J. Oiarzabal (Bilbo 1971) Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Insitutuko kidea da, eta emigrazioan eta diasporan aditua. Zientzia Politikoetan doktore egin zen Renoko Unibertsitatean. Laster haraxe joango da, Jon Bilbao Katedra sortu berrian lan egiteko. 'Memoria bizia' egitasmoa koordinatzera doa. Helburua da euskal diasporako pertsona adindunen testigantzak jasotzea elkarrizketa bidez.
-Zure azken liburuan -'The Basque Diaspora Webscape: Identity, Nation, and Homeland, 1990s-2010s'-- mundu zabaleko Euskal Etxeen webguneen azterketa eta konparazioa egin zenuen.
-Liburua iazko urte bukaera aldera plazaratu zen eta zortea izan genuen, Bill Douglassek aurkeztu baitzuen, Jon Bilbaorekin batera Renoko Unibertsitateko euskal ikasketen zentroa sortu zuena. Badakizu, Bill etorri zen Durangoko Azokako Argizaiola saria jasotzera. Liburuak, azken batean, teknologia berriek euskal emigrazioan izan duten eragina aztertzen du. Ia ehun webgune ofizial aztertu nituen, Euskal Etxeetakoak. Hamasei herrialdetakoak. Badakizu zer den harrigarria? Euskal munduari buruzko lehenengo webguneak diasporan sortuak izan zirela.
-Zein izan ziren lehenengoak?
-Lehen-lehenengoa, 'buber.net' izan zen, Blas Uberuagak sortua. 1994an izan zen, uste dut, eta benetako erreferentea da diasporako euskal munduan. Aditu al duzu Buber Sariak?
-Ez.
-Urtero eman ohi dira, webgune onenak saritzeko.
-Nor dugu Blas Uberuaga?
-Fisikaria da, eta gaztea. Ez da euskal kulturako profesionala, baina jakinmina du eta lan egiteko gogoa. Uste dut orain New Mexicon bizi dela.
-Beraz, datorren ostegunean (iragan osteguneaz ari da) Estatu Batuetara zoaz zure lan berri honi ekitera.
-Badakizu elkarrizketa egin nahi diegula disporako adineko pertsonei, beren bizipenak jasotzeko. Hango batzuek --Euskal Etxeetako bolondresek-- egingo dute lana, eta ni proiektua dinamizatzera noa. Proiektu horizontal bat da, gu ez goaz agintzera. Behin han nagoela, euskal komunitateetako zenbait ordezkarirekin bilduko naiz. Hasi beharko dugu lan-taldeak antolatzen, elkarrizketak egiteko bolondresak bilatzen... Eta Renoko Unibertsitateko arduradunekin ere egon beharko dut, Jon Bilbao Katedraren jabe egin nadin, hala esan badaiteke. San Franciscora ere joan beharko dut, Valerie Arrechearekin mintzatzeko; Ipar Amerikako Euskal Etxeak biltzen dituen NABO erakundeko lehendakaria da. Saiatuko naiz sare bat eratzen.
-Zein dira zure kontaktuak Renoko Unibertsitatean?
-Joseba Zulaika, Sandra Ott, Xabier Irujo...
-Esana duzu proiektu hau horizontala dela.
-Bai, halako kate bat da, kate-maila guztiak berdinak dira eta guztiak dira garrantzitsuak. Nahi genuke jendeak disfrutatu egitea lanean ari den bitartean.
-Elkarrizketak egin behar dituztenei irizpide batzuk eman beharko zaizkie, lana ondo bete dezaten, ezta?
-Nire lana izango da talde-lanetako liderrekin egotea. Protokolo batzuk jarriko ditugu indarrean, bai lege alorrekoak, bai etika alorrekoak.
-Zein dira arazo etikoak?
-Horko arazo nagusia botere-harremana da. Batetik elkarrizketatua dago, bestetik elkarrizketatzailea, eta gerta daiteke, adibidez, elkarrizketatua behartuta ikustea bere burua. Gero, beste arazoa izan daiteke zer egiten den grabazio horiekin, nork izango duen haiek en-tzuteko aukera edo eskubidea... Elkarrizketatzaile guztiei ikastaro txiki bat eman beharko zaie, gorabehera hauek azaltzeko.
-Ipar Amerikan zein iruditu zaizu euskal komunitate dinamikoena?
-Galdera hori... Euskal kulturari, euskal balioei eusten dieten komunitate guztiak dira dinamikoak. Badira beste komunitate batzuk desagertu direnak, eta horretxek kezkatzen nau. Nik ez dut komunitaterik aukeratuko, denak desberdinak dira-eta.
-Eta zein dira desagertu diren komunitate horiek?
-Adibidez, Nevada iparraldeko komunitate txiki batzuk. Krisiagatik herri horiek hustu egin ziren... baina hori herrialde guztietan gertatzen den kontua da. Zortzi urtez bizi izan baiz Estatu Batuetan eta batzuetan joan izan naiz horrelako herri txikietara, eta esan didate: «Etorri behar zenuen orain hogei urte. Orduan asko ginen, orain lau zahar baino ez gara gelditzen. Gazteak hirira joan dira lan bila». Aldiz, ekonomia indartsua dagoen hiri batean, eta horrez gain unibertsitatea eta Euskal Etxea dituen hiria baldin bada, euskaltasuna ere indartsua egongo da.
-Esadazu adineko pertsonaren baten testigantza, bereziki hunkitu zaituena.
-Ez dizut erantzuna ukatu nahi, baina esango dizut garbi: testigantza guzti-guztiak dira interesgarri, gogoan hartu beharreko historia-pusketak direlako. Dena dela, testigan-tza batzuk hunkigarriagoak dira. Hamabi-hamahiru urte daramatzat elkarrizketak egiten eta gogoan daukat Fermin Goñi izeneko bat. Filipinetan ibilitako nafar jatorriko bat zen.
-Filipinetan topatu zenuen?
-Ez, Renon. Uste izaten dugu migrazioak linealak direla, baina batzuetan buelta asko ematen dituzte pertsona horiek. Ferminek japoniarren inbasioa ezagutu zuen Filipinetan, gero Estatu Batuetako armadan sartu zen, Alemanian bukatu zuen, nazien kontra borrokan. Aurreneko aldia zen bere barrua erakusten zuena. Kontzentrazio-zelaiei buruz ere mintzatu zitzaidan. Azkeneko elkarrizketa, berriz, Lidia Jausorori egin nion, han Estatu Batuetan. 92 edo 93 urteko emakume indartsu eta zoragarri bat zen. Handik hilabete gutxi batzuetara hil zen. Estatu Batuetan jaioa zen, eta bizkaitar jatorrikoa. Oso testigantza ederra, bitala, eskaini zidan. Ondo azaldu zidan bere gurasoen berri, nola iritsi ziren Bizkaitik XIX. mende bukaera aldera. Memoria handiko emakumea zen.
-Jatorrizko elkarrizketa, hemen
Hona, bestalde, ETBk Pedro J. Oiarzabali gaztelaniaz eginiko elkarrizketa baten bideoa, (barkatu Vanessa Sanchez Goñik Pedro Oiarzabali eginiko elkarrizketaren aurretik datozen iragarkiak):
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus