Gardnerville, Nevada, AEB. Adam Laxalt, izan ere, aita eta ama hurrenez hurren emigrante zuberotarra eta baxenabartarra zeuzkan Paul Laxalt politikariaren biloba da, eta badirudi bere aitonaren bide politikoa inspirazio gisa hartua duela, hura Nevadako hautetsi nabarmenetakoa eta nazio mailan ere itzal handikoa izan baitzen, Nevadako gobernadore 1967 eta 1971 artean, senadore ondoren Washingtonen eta Alderdi Errepublikarreko presidente karguetatik, besteak beste.
Iazko edizioa, Basque Fry 2016, egile Running Bull Productions, non, Vimeo-n
Basque Fry deialdia aurtengoan abuztuaren 26an izango da, Gardnervilleko Corley arrantxuan, Nevadako hiriburu Carson Citytik hogei bat minutura, euskal tradizio handikoa den herri eta eskualde honetan. Hitzorduak antolaketa errepublikarrentzako baliabide ekonomikoak lortzeko asmoa dauka eta horretarako ardi-industrian eta bertan lan egiten zuten euskal artzain eta arrantxarien artean oso tradizio errotua zen ohitura bat erabiltzen du: elkarrekin lagun artean bazkari baten inguruan bildu eta bildotsen koskabilak jatea, plater nagusi eta gutizia gisa.
AEB Mendebaldeko ardi-industria euskaldunen eskuetan izana denez "Basque" marka daraman ohitura hau berreskuratzearekin, Adam Laxalt-ek bere aitona Paul-ek hasi zuen bideari eusten dio, bere inguruko lagunei, estatu osoko kide eta funtzionari errepublikarrei eta orokorrean zale kontserbatzaile guztiei gonbitea luzatuz, egunpasa ederra arrantxu batean pasatzera, hainbat hautetsi eta politikari jai giroko solasean agurtzeko aukerarekin, eta nazio mailako hizlari batzuen mintzaldiak bertatik bertara segitu eta txalotzeko aukerarekin baita ere.
Paul Laxalt-ek ere antzeko antolaketa bat egin ohi zuen bizitza publikoan egon zen bitartean. Oraingo planteamentu berrituan, Basque Fry-k lortu du dagoeneko hirugarren edizio honetarako hitzordu ezagun eta entzutetsua izatea. Aurreko bi edizioetan gonbidatu eta hizlari izan ditu, esaterako, Wisconsingo gobernadore Scott Walker, Ted Cruz senadore nazionala, Tom Cotton senadore nazionala eta Ven Carson, egun Trump presidentearen gobernuan Etxebizitza idazkari (ministro) dena.
Eta aurtengoan, Estatu Batuetako presidenteorde Mike Pence-ren partaidetza hizlari gonbidatu nagusi gisa.
Ekimena berri samarra izanda ere, agortu egin zituen bere lehenengo edizioan salgai jarri zituen 1.500 sarrerak, eta beraz ondoko urteetan zabaldu behar izan dute deialdia. 2017ko honetan, sartzeko txartelen prezioa 40 dolarrekoa da, uztailaren 29aren aurretik erosten bada. Data horretatik aurrera, 55 dolarrera igotzen da. Haurrak libre dute sartzea. Argibide gehiago eskuratzeko edo txartelak erosteko, egin klik hemen.