euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako prentsak artikulua eman du argitara Ysursa bi euskal anaiez, bata demokrata, errepublikanoa bestea

2009/11/30

Ben Ysursa, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Ben Ysursa, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Idaho Statesman' eta AEBetako beste zenbait egunkarik Associated Press agentziako artikulu bat eman zuten argitara joan den ostiralean, John Miller-ek sinatua, bi anaiari buruz, Ben eta Bernard Ysursa, Boiseko (Idaho) euskal familia batean jaioak eta, nahiz eta bat, Ben, errepublikanoa eta Idahoko Estatu idazkaria izan eta bestea, Bernard, demokrata, Obamaren aldekoa eta abokatu ospetsua Illinoisen, biak beste ezeren gainetik lagunak izaten segitzen duten, euren arteko anaiarteko harreman onari eutsiz. Euskaratu egin dugu bi anaia haiei buruzko artikulua, Idahoko euskal komunitatean euskaldun ezaguna den Ramon Ysursaren seme baitira, eta baita ere Boiseko hoteletan lan egin eta bertan semeak segituko zuen euskal ostatu baten jane izan zen Benito Ysursa iurretatarraren eta haren emazte Asuncion-en bilobak. John Ysursa NABOko sustatzaile eta euskaltzale ezagunaren anaiak ere badira Ben eta Bernard Ysursa.

John Miller/Boise, Idaho, AEB. Idahoko Estatu idazkaria, Ben Ysursa, Estatu Batuetan errepublikanoenetakoa den estatu bateko errepublikanoa da. Illinoiseko Bernard Ysursa auzi-abokatua ekile demokrata da, Barack Obama presidentearen kanpainan diru-babesle ibilia.

Baina Boisen jaiotako bi euskal anaia hauek bi gauza partekatzen dituzte bederen: beisbol ekipoa, St. Louis-ko Cardinals taldeko zaletu baitira, eta gozamen puntu bat bakoitza bestearen estatu eta alderdiko politikarien arazoei dagokienean.

2007an, orduan Estatu Batuetako senadore zen Larry Craig errepublikano idahotarra atxilotu egin zuten Minnesotako aireportuko komunetan gertatu zen gay afera ilun batean. Geroago, Rod Blagojevic Illoinoiseko gobernadorea, demokrata, giltzapetu egin zuten 2008ko abenduan; fiskal federalak Obamaren AEBetako Senatuko aulkia eroslerik onenari saldu nahi izateagatik salatu zuen.

"Momentu batez, abantaila nirea zela pentsatu nuen", dio 65 urte dituen Bernard Ysursak.

"Espetxe batean eraikin oso bat emenda daiteke politikari batzuekin", dio bere aldetik Ben Ysursak, 60 urte, Idahoko hauteskunde sistemako arduradun nagusia 2003tik.

Ben-ek Bernard-en pausoak segitu zituen St. Louis Unibertsitateko Lege Eskolan 1970eko hamarkadan eta bertan elkarrekin bizi izan ziren urtebetez. Orain, hurrengo urtarrilean ikusiko dute berriz ere elkar Floridako Jupiter herrian, Bernard-ek etxetxo bat baitauka bertan, Cardinals-ekoek udaberriko entrenamendu gunea daukaten tokitik gertu. Bertan, euren aita Ramonen 90. urtebetetzea ospatuko dute.

"Nahikoa zentzudunak gara eztabaida politikotan gehiegi ez murgiltzeko, desadostasunera baizik ez baigaramatzate", dio Ben-ek. "Makina bat gai gehiago daude hitz egiteko, familia eta bilobekin".

1960 hamarkada erdialdean, Bernard Ysursa Boiseko St. Teresa Akademian, Idaho hegomendebaldeko euskal familia zaharrek euren haurrak bidaltzen zituzten ikastetxean, graduatu zen. Bertan, Idahoko gobernadore C.L. "Butch" Otter-en ikaskide izan zen. Notre Dameko Unibertsitatera joan zenean ere, Lege Eskolara sartu aurretik, Idahora itzultzeko asmoz segitzen zuen.

"Jendeari esaten nion 'Idahora itzuliko naiz  gobernadore aurkezteko", oroitzen du Bernard Ysursak.  "Gero gauzak aldatu ziren.  Nirekin Lege Eskolan ikasitako baten lan eskaintza izna nuen. Horregatik geratu nintzen Illinoisen. Bertan ezkondu nintzen eta bertakoak dira nire seme-alabak".

Gertatu zen, beraz, Illinois hegoaldea, duela mende bat trenbideak, sindikatuek eta abokatuek aginte makila hartua duten leku hori lanleku politiko eta egoitza bihurtu zela Boisen jaiotako gaztearentzat.

Bere abokatu bulegoa, Cook, Ysursa, Bartholomew, Brauer & Shevlin Ltd, indar boteretsua da Illinois-Missouri estatuen mugako St. Clair konderriko Demokraten politikan. Hondarreko urteetan, Ysursa eta bere bazkideek 70.000 dolar baino gehiagoko ekarpenak egin dizkiete Obama, Blagojevich, AEBetako Senatuko gehiengoko buru ohi Tom Daschle eta AEBetako senadore Richard Durbin Illinoisko demokrata bezalako hautagaiei.

"Gu lanaren alde gaude. Horretan Idahok ez bezala jokatzen dugu, lan-egiteko-eskubideari dagokionez", dio Bernard Ysursak, bezeroen artean biktima kaltetuak eta Monsanto Co. erraldoi kimikoa (egoitza St. Louisen) dituenak.  "Ni beti alde horretan ibili izan naiz, baita Boisen institutuan nenbilenean ere".

Bitartean, Ben Ysursa, 2010ean berrautatua izateko aurkeztu dena, Gonzaga Unibertsitatean graduatu zen, Spokane-n, 1970 hamarkada erdialdean, Zientzia Politikoetan, espainol hizkuntza bigarren gai gisa. Honelako gradu batekin, anaia zaharragoak esan zion hobe zuela Lege Eskolan sartzea.  Ikasle zenean St. Louisen, Ben-ek bere anaiaren abokatu bulegoko paperak Mississippi ibaian gora eta behera eramanez atera ohi zuen bere gastuetarako diru bat.

Ben Ysursak batzuetan galdetu egiten dio bere buruari non bukatuko zukeen mapa politikoan Illinoisen lana hartu izan balu. Berak Estatu idazkariaren bulegoan lan egin izan du 1974tik; bertan ezagutu zuen bere emaztea, Penny. "Illinoisen geratu izan banintz, seguruenik askoz ere diru gehiago irabazi izango nuke, baina ez nuen agian hain ongi pasa izango".

2002an hautatua izan zenean, demokratek "alderdi adskripzio gabea" etiketa ipini zioten Ben Ysursari. Baina berak bere burua errepublikano moderatuen konpainia politikoan ipintzen du, horrek ardi beltza gisa kokatzen badu ere gehienbat demokrata den bere senide eta familiakoen artean.

"Kontserbadoreen oinarrian diren balio batzuk ditut, gobernua ez dela gauza askotarako erantzuna, esaterako", dio Ben Ysursak. "Hori da orainik ere bi alderdien arteko desadostasunik handiena".

Eta baita bi anaien artekoa ere. Baina gutxienez beisbol ekipoa daukate.

"Cardinals-en zaletuak gara, ez Cubs-enak (Illinoiseko beste ekipoa, Cardinals-en aurkaria), dio Bernard Ysursak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia