euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako Nevada estatuko izaera emigrantearen irudi baliatu dituzte euskaldunak eta beren kultura

2015/10/23

Mota guztietako ekintzak hartu zituen barne euskaldunak muin zituen erakusketak (Argazkiak: Bob Hilderbrand eta NSM)
Mota guztietako ekintzak hartu zituen barne euskaldunak muin zituen erakusketak (Argazkiak: Bob Hilderbrand eta NSM)

PUBLIZITATEA

‘Basque Family Cultural Celebration’ izenpean (Euskal familien ospakizun kulturala), Carson City-ko Nevada State Museum-ak euskal kulturaren inguruko ekitaldia antolatu zuen urriaren 10ean. Hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak, bai eta euskara eskola ‘express’ bat ere. Deborah Stevenson museoko hezkuntza saileko buruak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Euskal herritarren bitartez azaldu nahi izan dugu Nevadaren izaera emigrantea. Eta arrakastatsua eta entretenigarria izan da”.

Carson City, AEB. “Denak gara immigranteak Nevadan”, esan digu absolutoki  Deborah Stevenson Carson City-ko Nevada State Museum-eko hezkuntza saileko buruak. Arrazoi horregatik ere, instituzio akademikoak ‘Basque Family Cultural Celebration’ ekitaldia (Euskal familien ospakizun kulturala) antolatu zuen urriaren 10ean, larunbata. “Herrian Amerikar-Indiarrak ditugu, latinoak, txinatarrak, alemaniarrak, Afrikatik etorritakoak... Den-denek lagundu dute Nevadako izaerari forma ematen... eta baita euskal herritarrek ere, hitzezko langile zintzoak, beharginak. Momentu batean diskriminazioa ere pairatu zuten eta egoera latz horiei aurre egitea lortuta, Nevadako jitean eragina izan zutela esango nuke”.

Euskal Herritik heldutako horien lana eta izaera goraipatzeko, gainontzeko komunitate immigranteekin batera, ikurrinak jarri zituzten ikusgai museoan, eta espartinak, euskal artzainek erabilitako sukaldatzeko tresnak, Euskal Herriko mapak, txapelak... bai eta balio historiko handiko hainbat dokumentu esanguratsu ere, tartean lan baimen zaharrak eta aspaldiko pasaporte orijinalak ere.

Denentzako plana

Ume, gazte zein nagusi, adin guztietako jendea bildu zen azken hamabi urteetan egindako euskaldunen inguruko lehenbiziko gisa honetako erakusketara. Gai historikoetan jarri zuten arreta batzuk, Iker Saitua Center for Basque Studies-eko doktoregaiaren hitzaldira joz; beste batzuk hizkuntzan zuten interesa eta Mondragon Unibertsitateko Monika Madinabeitiak eskainitako euskara eskolara hurbildu ziren. Euskal hitz eta esamolde oinarrizkoak abestien bitartez jorratu zituzten. Eta beste batzuk, ostera, musean jokatzen jakin nahi eta CBS-ko zuzendarietakoa de Xabier Irujorekin batera ibili ziren euskal jatorriko karta joko honetan.

Amerikanuak filma pantaila batzuetan ere bazegoen ikusgai, bai eta euskal dantzarien bideoak eta Euskal Herriko hainbat musikarien doinuak ere entzuteko parada izan zuten bertaratutakoek. Pozarren agertu da Stevenson buletin honekin hitz eginda: “Arrakastatsua eta entretenigarria izan zen”, esan du. Datorren urtera begira, akaso, beste jaialditxo bat prestatu nahiko luke, jatekoak eta dantza talderen baten emanaldia eskainiaz zuzenean, ahal bada.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia