euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako jatetxe onenetariko bat euskalduna da: Noriega Hotelak James Beard sari bat eskuratu du

2011/05/13

Noriega Hoteleko irudi bat
Noriega Hoteleko irudi bat

PUBLIZITATEA

Kaliforniako Bakersfield hiriko Noriega Hotel jatetxeak James Beard Fundazioaren saria jaso zuen joan den astelehenean New Yorken. James Beard Fundazioak AEBetako sukaldari eta jatetxe onenak aukeratzen ditu urtero eta ospe handiko sariak ematen ditu. Aurten, AEBetako Jatetxe Klasiko Herrikoi Onena sailean garaile izan da Noriega Hotela, 1893an Faustino Noriegak eta Fernando Etcheverry sortu zuten euskal ostatua. Egungo jabeak Rochelle Ladd eta Linda McCoy (Elizalde) sari banaketan izan ziren, AEBetako sukaldari famatuenekin batera.

New York, AEB. Iragan astelehenean, maiatzaren 9an, James Beard Fundazioaren urteroko sarien banaketa ekitaldia egin zen New Yorkeko Lincoln Center-en. Ospe handiko sukaldari eta lehen mailako jatetxeen artean, bertan izan ziren Bakersfieldeko Noriega Hoteleko jabeak, jatetxe euskaldunak irabazi zuen 'Jatetxe Klasiko Onenari' saria jasotzeko.

Rochelle Ladd eta Linda McCoy euskal-amerikarrek sekula ez zuten imajinatu horrelako kinka batean egongo zirenik, baina azkenean, urduritasuna gaindituta, gauaz gozatu egin zuten. Horretan eragin handia izan zuen sukaldari ospetsuen harrera onak, eta askok euskal sukaldaritza tradizionala goraipatzeak. Jose Andres sukaldari espainiar ezagunak, adibidez, jatetxea bisitatu eta eurekin plater batzuk prestatzeko proposamena egin zien (Rochelle eta Lindaren Sagar Handiko esperientziaren berri, New York Times aldizkariaren artikulu honetan). 

Noriega Hotela 1893an sortu zuten Faustino Noriegak eta Fernando Etcheverryk. 1931 urtean Juan eta Gracianna Elizaldek hartu zuten hotela eta harrez gero Elizaldetarrak izan dira beti buru (Ladd eta McCoy Rochellen eta Lindaren senarren abizenak dira). Hasieran hotela zena, euskal artzainentzako ostatu bihurtu zen aurki. Oraindik ere, bertan bizi diren gizon euskal-amerikarren esanetan 'ezkongabeen ostaturik onena' omen da.

1940an, jatetxeak zuen arrakastak bultzatuta, familiak eraikin berria egin zuen, eta bertan da harrez gero jatetxea eta jangela. Famili tradizioa gordetzen dute Noriega Hoteleak eta bazkariak eta afariak ordu jakin batean zerbitzatzen dira. Jankideak mahai luzeetan esertzen dira, denak elkarrekin, eta lagunarteko giro oso berezia sortzen da.

Noriega Hotelaren webgunea, hemen.

James Beard Fundation elkarteak sariak direla eta Noriega Hotelean eginiko bideo bat:



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia