Euskal kulturaren ahalik eta atal gehien barne hartzen saiatuko da jaialdia, sukaldaritzatik dantzara, euskarari eta bere biziberritzeari harreta berezia eskainiz (Irudia: E.K.)
AEBetako turismo eragile handienetakotzat jo izan dute Smithsonian Folklife jaialdia eta, aurtengo edizioan, euskaldunen kultura izango du ardatz, kultura bidezko berrikuntzaren adibide, nonbait. Ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era bitartean izango da, eta James Mayer prentsa arduradunak EuskalKultura.com-i esan legetxe, ia milioi erdi lagun espero dituzte. Hileotan, antolakuntzaren zeregin nagusienetakoa euskal-amerikarren parte hartzea bilatzea da.
Washington DC, AEB. Gaur da Smithsonian Folklife festibalean lan egiteko eskaera bidaltzeko azken eguna baina, boluntario legez aritu nahi dutenek, apiriletik ekainera bitartean izango dute eskaera igortzeko aukera, “beren Euskal Etxeen bitartez edota folklfe@si.edu helbidera idatzita”, esan digu Mayer-ek.
“Mota guztietako langileak behar ditugu”, azaldu du prentsa arduradunak. “Behar ditugu, alde batetik, festibala muntatuko dituztenak, agertokiak eraikiko dituztenak, baina baita boluntario talde handiak antolatzen esperientzia duen jendea ere”.
Jaialdiko arduradunek ez dute, oraindik, festibalean parte hartuko duten talde eta norbanakoen behin-betiko zerrenda egin, baina badabiltza talde desberdinetako buruekin eta adituekin berbatan, gonbiteak nori luzatu zehazteko. “Euskal Herritik, Europatik, ehun bat lagun ekarri nahi ditugu eta, Ameriketako euskaldunak beste horrenbeste, ia. Oso garrantzitsua da diaspora guretzat”, Mayer-en hitzetan.
Greyson Harris jauna da komunitate desberdinekin harremanak egiten dituen instituzioko arduraduna eta, dagoeneko, badago NABOrekin hitz egiten, bai eta hainbat Klub zehatzekin ere. Edozelan be, animatu egiten ditu, arduradun honek, parte hartzeko interesa izan dezaketen beste talde guztiak berarekin (harrisgl@si.edu, (202) 633-6525) zein NABOrekin berba egitera. Instituzio antolatzailearekin harremanetan sartu nahi izanez gero folklife@si.edu helbidera bidali emaila.